Gonzalo Carrion Hondarribiko arraunlaria eta  Ane Pescador San Juango arraunlaria

Euskadikoaren ondorena

Hondarribiko Gonzalo Carrion eta San Juaneko Ane Pescador Euskadiko txapeldun izan dira berriz ere, eta bi arraunlariek Lekeitioko uretan bizi izandakoaren berri eman dute.

Aitor Manterola Garate.
2016ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
«Guk estropada handia egin genuen, eta baita Urdaibaik ere»

Gonzalo Carrion Hondarribiko arraunlaria
Atseden hartzen ari zela harrapatu du BERRIAk Gonzalo Carrion (Hondarribia, Gipuzkoa, 1977). Pilatutako nekeari buelta ematen lasai asko egon zen.

Ondo gogoan geratuko da zuen eta Urdaibairen estropada.

Oso gogorra eta polita izan zen, ikusteko ederra. Sekulako maila eman genuen bi taldeok, Lekeitioko eremuan denbora horiek egitea sekulakoa delako.

Hasteko, beste hiru taldeek egin zuten irteera faltsua gertatu zen. Eragin zizuen zuei?

Ezta batere. Guk bagenekien zer gertatu zen eta araudiak zer jartzen duen. Ondo jarritako zigorra izan zen. Gure taldeko arraunlari batek ematen du agindua arraunean hasteko, eta gu haren aginduaren zain geratu ginen, eta ez zigun esan arraunean hasteko, epaileak ez zuelako irteera eman.

Ziabogetan eta horietatik ateratzean egon zen gakoa zuek irabazteko?

Bai. Galizian asteburuko bi estropadetan, irteerak eta lehen luzeak oso onak egin genituen, baina ziabogetan eta horietatik ateratzen ez ginen ondo moldatu. Euskadiko txapelketan, oker horiek zuzendu nahi genituen, eta lortu genuen. Nahiz eta gure irteera eta lehen luzea ez izan oso ona. Hala ere, aitzakia gutxi jarri behar zaizkio estropadari, eta Urdaibaik ere guk hainbeste merezi izan zuen txapelketa irabaztea.

Gako horiek ondo egiteaz gain, arraunean ere asko eta ondo egin behar izan zenuten.

Ia estropada perfektua izan zen bi taldeena. Uste dut haiek gogoan izan zutela hiru segundoko zigorra, eta inoiz baino indartsuago atera ziren, eta baita Kaiku ere. Pentsa, lehen luzearen erdian bi segundo atzetik ginen eta.

Bukaera latza egin zuen Urdaibaik, eta gainera joan zitzaizuen. Beldurtu zinen?

Bagenekien beroketatik lehen kalea ez zela ona irteerako lehen minuturako eta bukaerako azkeneko minuturako, oso gertu dagoelako lehorretik. Bigarren luzean, minutu horretan jan zigun aldea Urdaibaik, eta bukaeran ere hor etorri zitzaigun gainera. Bagenekien tartea lehenago atera behar geniela, eta gure txanpa hirugarren ziabogatik irten eta segituan jo genuen. Gero, nekeak ere erasan zigun; freskotasuna falta zitzaigun bukaeran. Haiek alde izan zutena baliatu zuten, eta guk ere bai.

Hamar urte dira Hondarribiak honen aurreko Euskadiko txapelketa irabazi zuenetik. Traineru barruan zinen orduan ere.

Hala da, bai. Baina ez naiz asko gogoratzen 2006koaz. Bai, ordea, 2004ko garaipenaz. Lekeition izan zen orduan ere, eta Urdaibairi segundo erdi bategatik irabazi genion. Atzo arte eremu horretako marka zena ere ezarri genuen (19.23). Nire oroitzapenik politena horixe da. Herenegungoa bezalako estropada izan zen, eta ziabogetan eta horietatik ateratzean sartu genien aldea. Halere, azkenean, justu-justu irabazi genien.

Ez al dira asko hamar urte Gipuzkoako taldeentzat irabazi gabe?

2006tik atzera gipuzkoarrak izan ginen nagusi, baina, azkeneko hamar urteetan, Bizkaia nagusitu da, sekulako taldeak izan dituztelako eta dauzkatelako oraindik.

San Miguel ligan ere, estutu egin da sailkapena.

Esan nuen Galiziara joan aurretik ez zegoela liga irabazita, eta hala izan da. Guk bi estropadatan egin dugu kale, eta Urdaibaik ez du hutsik egin oraindik. Gainean dauzkagu, eta ezin gara lasaitu.

«Inoiz baino gose handiagoa daukagu banderak irabazteko»
Ane Pescador San Juango arraunlaria

Ane Pescador (Errenteria, Gipuzkoa, 1991) esperientzia handiko arraunlaria da, gaztea izan arren, eta behar izan zuen San Juanek esperientziatik tiratzea Euskadiko txapelketa irabazteko, uretatik kanpoko gorabehera batzuk tarteko.

Beste poz handi bat izan zen herenegungoa San Juanentzat. Helburu gisa jarria zenuten?

Bai, eta pozik gaude irabazi genuelako.

Estu hartu zintuzten Hibaikak, ia estropada guztietan bezala.

Hala da. Gainera, ez ginen onenean heldu, oso aste gogorra eta zaila igaro behar izan dugulako. Arraunlari batzuk gastroenteritisak jota egon dira, eta oso ondo ere ez ginen sentitu arraunean herenegun. Horren ondorioz, ezin izan gara behar bezala entrenatu, eta, gainera, arraunlari bat edo beste ezin izan da azaldu lanagatik aste osoan.

Ondo ez helduta ere, uretara atera, eta ondo lehiatu zineten. Zer esan nahi du horrek?

Heldutasun handiko taldea gara, eta, gainera, sekulako gosea daukagu banderak irabazteko. Inoiz baino indartsuago gaude alde horretatik, eta beti ari gara ateratzen geure onena ematera.

Pentsa zenbat eta zer irabazi duzuen azken urteetan, eta, hala ere, inoiz baino gose handiagoarekin zaudetela diozu. Bat ez dela inoiz aspertzen irabazten, ezta?

Hala da. Gero eta gehiago nahi dugu, eta hori ona da.

Txapelketan, Hibaika aurretik izan zenuten estropadaren hiru laurdenetan. Galduta ere ikusi zenuen uneren batean?

Tira, ez dakit. Ematen zizkiguten erreferentzien arabera, parean gindoazen, gainean ginen, edo pixka bat atzeratuta, eta gero jakin genuen, lehorrean, atzetik izan ginela ia une osoan. Guk gure lana egiten segitu genuen, burugogor, erreferentziak erreferentzia, gure arraunketa galdu gabe.

Beti da oinarrizkoa norbere arraunketa ez galtzea, eta, lehia hain estua denean, zer esanik ez.

Hori da, bai. Badakigu ez gaudela oso erritmo bizian ibiltzeko oraindik, eta gurea da gure erritmotan joatea. Bilboko estropada, Euskotren ligakoan, erritmoz kanpo ibili ginen, eta, irabazi arren, ez ginen ibili eroso. Gure erritmoa ez da hori oraindik, eta lortu artean, luze arraunean egiten segitu behar dugu.

Zuen onenean ez egoteko, estropada asko irabazten ari zarete. Zer esan nahi du horrek?

Ezustea ari da izaten guretzat ere hasieratik hainbeste irabaztea, eta esan nahi du egin dugun lana oso ondo egin dugula, eta oraingo lehiarako baliagarria ari zaigula izaten.

Irailean ikusiko da, hortaz, San Juanik onena?

Abuztu erdialderako, Zarauzko estropadetarako apur bat egingo dugu gora, eta pentsatzen dut beste gorakada bat izango dugula irailean, Kontxako Banderan.

Gipuzkoako ligan eta Euskotren ligan buruan zaudete. Bietan lehiatu daiteke oso maila onean, ala bat aukeratu behar da, ezinbestean?

Bietan ari gara bete-betean, baina batean eta bestean, ezberdinak dira estrategiak. Gipuzkoako ligako asteetan, entrenamendu astunagoak egiten ditugu batzuetan, eta badakigu liga horretako estropada batzuetarako ez garelaegongo fresko-fresko. Azkenean, helburu batzuk dauzkagu jarrita denboraldi hasieratik, eta horiek betez joan behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.