Pilota

Euskadiko Pilota Federazioak nazioartekoan onartzeko lau arrazoi nabarmendu ditu

Ekonomiari eta lehiari dagokionez «onuragarria» izango dela azpimarratu du, eta lege esparruak hala bermatzen duela. Euskal herritarren nortasunari ere erreparatu dio.

Pilotako euskal selekzioa. EEPF
Beñat Mujika Telleria.
2023ko uztailaren 28a
11:26
Entzun

Bihar, uztailaren 29an, egingo du Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadiko Federazioa kidetzat hartu ala ez erabakitzeko bozketa, ezohiko batzarrean. Mexikoko Batzorde Olinpikoaren auditoriumean egingo da, Euskal Herrian 18:00 direnean. Bi bozketa egingo dira; aurrenekoan, batzarreko partaideek Nazioarteko Federazioak bere estatutuak aldatzea onartu beharko luke. Hori onartuz gero, segidan egingo lukete bigarren bozketa, Euskadiko Federazioa kide gisa onartu edo ez erabakitzeko.

Euskadiko Federazioak egindako eskaeraren defentsa lau arrazoitan oinarritu da. Lehendabizi, nortasunari erreparatu dio. Zabaldu duen oharraren arabera, euskal herritarrek «odolean» daramaten kirola dela nabarmendu du, eta azpimarratu «bere arbasoek asmatutako kirol bat» dela: «Kirol hau aspalditik daramagu odolean, eta uste dugu eskubide osokoa dela aitzindari horiek eta, oro har, euskal gizarte osoa ofizialki ordezkatu ahal izatea gure izena daraman nazioarteko erakunde batean».

Bestalde, Euskadiko Federazioa nazioartekoaren kide izango balitz lehia nabarmen handituko zela ohartarazi dute Euskadiko Federaziokoek. Oharrean aipatutako datuen arabera, 200 klub eta 6.200 kirolari baino gehiago daude Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta denek izango lukete aukera nazioarteko txapelketetan parte hartzeko. «Txapelketa horien lehia-maila handitzea ekarriko luke eta ikuslearentzako erakargarriagoak izango lirateke», dio Euskadiko Federazioak oharrean.

Ikuspegi ekonomikoari ere erreparatu dio Euskadiko Federazioak bere arrazoiketan. Euskal Herria lurralde «aurreratua, modernoa, eta ahalmen ekonomiko handikoa» dela azpimarratzen da oharrean. Euskadiko Federazioa nazioartekoaren kide izanez gero, pilota «nazioartean zabaltzeko» aukera bat dela ere nabarmendu dute federaziokoek, eta horren onurak «Nazioarteko Federazioaren kide guztiek» jasoko lituzketela: «Gure inklusioarekin Euskal Pilotako Munduko Txapelketak orain arte ikusi ez den maila hartuko luke».

Azkenik, alor legalean oinarritu da Euskadiko Federazioa, Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan onartu zuen kirolaren 39/2022 legeak hala bermatzen baitu. Hartan, nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko selekzioek bete beharreko baldintzak zehaztu zituzten. Horren arabera, «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu, eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.