Euskadiko Federazioak Javier Clementeri eskaini dio hautatzaile kargua

Entrenatzaile bizkaitarra eskaintza onartu edo ez ari da pentsatzen. Bi urte pasatxo darama entrenatu gabe, Libiako selekzioa utzi zenetik

Javier Clemente. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Javier Clemente. Horra Euskadiko Futbol Federazioaren apustua euskal selekzioaren hautatzaile kargurako. Euskadiko Federazioaren gertuko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, Luis Mari Elustondo buru duen erakundeak eskaintza egin dio entrenatzaile barakaldarrari selekzioaren aulkian Mikel Etxarri eta Jose Mari Amorrortu ordezkatzeko. Clemente eskaintza onartu edo ez ari da pentsatzen, eta aurki hartuko du erabaki bat.

68 urteko teknikariak —69 beteko ditu martxoan— bi urte pasatxo darama entrenatu gabe, Libiako Futbol Federazioak hango selekzioaren hautatzaile kargutik kendu zuenetik. Clementek hiru urte egin zituen Libia zuzentzen, eta, hura aulkian zela, herrialde horrek Afrikako Nazioen Kopa irabazi zuen estreinakoz. 2014an izan zen hori, baina, gerora, ezer gutxi egin zuen Afrikako selekzioak. Ezer gutxi egin zuten, halaber, bizkaitarrak zuzendu zituen beste hiru selekzioek: Espainiakoak —1992tik 1998ra—, Serbiakoak —2006tik 2007ra— eta Kamerungoak —2010etik 2011ra—.

Goitik beherako ibilbidea

Clementeren kirol ibilbideak goitik behera egin du, nabarmen, urteek aurrera egin ahala. Goia jo zuen hasi eta berehala, Athleticekin, Espainiako bi liga, kopa bat eta superkopa bat irabazita. Baina zuzendaritzarekin tirabirak izan ondoren, taldea utzi zuen 1984an. Espanyolekin ere oso lan ona egin zuen jarraian, taldea UEFA kopako txapeldunorde izan baitzen. Gerora hasi zen haren gainbehera: kaleratu egin zuten Atletico Madrilen, Athleticen, Betisen, Realean, Olympique Marseillan, Espanyolen eta Athleticen, hirugarrenez, besteak beste—Javi Martinezen fitxaketa kritikatzeagatik kendu zuen kargutik Fernando Lamikizek sasoia hasi aurretik—. Haren ibilbidean orban handia da hura aulkian izanda lau taldek maila galdu izana: Tenerifek, Murtziak, Valladolidek eta Sporting Gijonek.

Egon den toki guztietan izan ditu tirabirak agintariekin, kazetariekin eta zaleekin. Eskola zaharrekoa da, eta gustuko du soka tenkatzea. Horregatik da deigarria Euskadiko Federazioak haren alde egin izana, are gehiago ofizialtasunari beste bultzada bat emateko asmoz, FIFAri eta UEFAri erakunde horietako kide gisa onartua izatea eskatu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.