Euskadiko Esku Pilota Federazioak Nazioarteko Federazioko kide izateko eskaera egin du, eta jaso du erantzuna: Nazioarteko Federazioaren zuzendaritzako kideek bilera telematikoa egin zuten herenegun, eta , hartan, Xavier Cazauvon presidenteak proposatu zuen 90 eguneko epean ezohiko batzar bat egitea Mexiko Hirian, Nazioarteko Federazioaren estatutuak aldatu behar diren edo ez eztabaidatzeko. Uztail erdirako egin beharko litzateke ezohiko batzar hori.
Euskadiko Federazioak 2002an ia lortu zuen Nazioarteko Federazioko kide izatea, Iruñean Munduko Txapelketa jokatzen ari zela. Orduko hartan, Venezuelako ordezkaritzak proposatu zuen estatutuak aldatzea Euskadiko Federazioak egindako eskaerari bide emateko, baina Nazioarteko Federazioko batzarrak atzera bota zuen. Venezuelaren eskaerak hogei boto jaso zituen alde, eta 30 kontra; bost abstentzio izan ziren. Oraingoan, ordea, Nazioarteko Federazioaren presidenteak berak proposatu du gaia jorratzea. Aldaketa esanguratsua da hori. Egun, 31 herrialdek dute ordezkaritza Nazioarteko Federazioan.
Euskadiko Federazioa kide moduan onartuko balute nazioartekoan, Euskadiko Federazioarekin ariko liratekeen pilotariek nazioarteko txapelketa guztiak jokatuko lituzkete; munduko txapelketatik hasita. 2026an jokatuko da hurrengoa, San Luisen (Argentina). 2030ekoa, beraz, Euskal Herrian izango da, Bilbon eta Gernika-Lumon (Bizkaia).
Espainiako Kongresuak Kirolaren Legea onartu eta bost hilabetera etorri da berria. EAJk baiezkoa eman zion legeari, PSOErekin ituna egin ostean. Urrian eman zuten itunaren berri, Miarritzen (Lapurdi) Munduko Txapelketa jokatzen ari zela, eta azaro hasieran onartu zuten legea. Selekzioek nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko zer baldintza bete behar dituzten zehaztu zuten hartan. Horren arabera, «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu, eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.
Itunaren berri eman zen egunean bertan jakinarazi zuten gutxienez bi kirolek betetzen zituztela nazioartean lehiatzeko baldintza horiek: pilotak eta surfak. Bi kirol horietako Euskadiko federazioek aspaldi egina dute eskaera nazioarteko federazioan ordezkaritza izateko, baita futbolekoak, mendiko kiroletakoak, herri kiroletakoak, boxeokoak eta halterofiliakoak ere. Duela gutxi beste zazpi batu zaizkie: igeriketakoa, piraguismokoa, squashekoa, xakekoa, mahai tenisekoa, eskrimakoa eta automobilismokoa. Batzuek ezezkoa jaso dute, eta beste batzuk zain daude oraindik.