Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa kide gisa onartu izanaz aritu dira gaur Iruñean, Nafarroako Parlamentuan. UPNk mozio bat aurkeztu du, eta eskatu du bertan behera uzteko Nazioarteko Federazioak hartutako erabakia. UPNk, PSNk, PPNk eta Voxek mozioaren alde bozkatu dute, eta, beraz, onartu egin da. EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin-ek kontra bozkatu dute.
UPNk beste eskaera bat egin du: Espainiako Gobernuak onartutako Kirolaren Legearen 48. artikulua aldatzeko. Horren arabera, «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu eta «automia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.
UPNren eskaerak, ordea, ez du aurrera egin, ez baitu nahikoa babesa lortu: UPNk, PPNk eta Voxek alde bozkatu dute, eta PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin-ek, kontra. PSNk eta Geroa Baik eskatu dute, 48. artikuluari babes juridikoa emateko asmoz, Nazioarteko Pilota Federazioarekin hitz egitea, baina UPNk ez du onartu.
PSNk egindako beste eskaera bat, berriz, alderdi guztien babesarekin onartu dute: eskatu dute Iruñea, pilotaren munduko hiriburua egitasmoa defendatzeko; «pilotak hirian eta Nafarroan dituen kirol eta kultur balioak» defendatu dituzte.