Euskadiko federazioa ez da joango Kirola Arbitratzeko Epaitegira

Ofizial izateari UEFAk eta FIFAK emandako ezezkoen kontra helegitea jartzeko aukera pasatzen utzi du, eta bukatu da euskal selekzioa ofizial bilakatzeko saialdi hau

Emakumezkoen Euskal Selekzioa iazko apirilean, Zubietan, Ofizialtasuna aldarrikatuz. PATXI GAZTELUMENDI.
Aitor Manterola Garate.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Euskal selekzioaren ofizialtasunari etxean bertan ere itxi zaio atea, edo atearen zirrikitua. Izan ere, Euskadiko Futbol Federazioak erabaki du bide hori bukatzea. Legeak beste pauso bat emateko aukera ematen badu ere, zuzendaritzak aurrera ez jarraitzea erabaki du Javier Landeta buru duela. Kirola Arbitratzeko Epaitegira joateko aukera zegoen, UEFAren eta FIFAren azkeneko ezezkoei helegitea jartzeko, baina epea pasatzen utzi du.

Horren inguruan adierazpenik ez egitea erabaki du federazioak. Soilik jakinarazpen hau egin du, Komunikazio sailaren bitartez: «Lanean jarraitzen dugu ofizialtasunaren gaian, eta esan dezakegu KAEren bidea ez dagoela itxita». Baina federazioak gai horretarako hartu duen abokatuakonartu dio David Salinas-Armendarizi (Eusko Jaurlaritzaren abokatua gai honetan) epea pasatuta dagoela.

Ofizialtasunaren saialdi hori 2018 amaieran hasi zen, federazioak batzarra egin baitzuen Durangon. Luis Mari Elustondo zen presidentea, eta onartu zen UEFAra eta FIFAra eskaria igorriko zela selekzioa ofizial izateko. Duela bi urte izan zen hori, eta Elustondo bera joan zen Suitzara, bi erakundeetara. Ezezkoa izan zen haien erantzuna.

Tartean, Elustondoren agintea amaitu egin zen, eta Landetak irabazi zituen hauteskundeak iazko otsaileko azkeneko egunean. Horren agintepean, futboleko bi erakundeen erabakiari helegitea jarri zitzaien, besteak beste federazioaren eskakizunak bi erakundeetako batzarrek aztertu eta bozkatu behar dituztela eskatuz.

Iazko abuztuaren 24rako prest zituen helegiteak federazioak, baina abenduaren 28ra arte ez zituen aurkeztu. UEFAren erantzuna aurtengo urtarrilaren 12an iritsi zen, eta FIFArena, otsailaren 14an. 21 eguneko epea dago KAEra joateko, eta federazioak ez du ezer egin. Horren eraginez, Durangoko batzarrean onartu zena bete gabe utzi du Landetak: legezdauden bide guztiak urratzea ofizialtasunaren bidean.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, gainera, federazioak ezkutatu egin dizkio Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaritzari UEFAren eta FIFAren azkeneko ezezkoen agiriak, hark etengabe eskatu arren. Aste honetan bertan igorri dizkio, KAEra joateko epeak aspaldi amaituak izanagatik. Lehenagotik ere uko egin zien Eusko Jaurlaritzaren eskakizunei. Salinas-Armendariz abokatuak idatzi zituen azkeneko helegiteak. Jaurlaritzak jakin nahi zuen abokatu horrek idatzitakoa bere horretan bidaliko zuen federazioak UEFAra eta FIFAra, eta hainbat aldiz eskatu zion horren berri emateko. Ez zuen erantzunik jaso denbora tarte luze bat pasatu arte. Hark idatzitakoak igorri zituen federazioak azkenean futbolaren bi erakunde nagusietara.

Salinas-Armendariz federazioaren laguntzaile ere izan zen Elustondoren garaian gai honetan. Landeta agintera iritsitakoan, ordea, beste baten hautua egin zuen federazioak. Salinas-Armendarizekin mintzatu da BERRIA, eta galderei erantzun aurretik garbi utzi nahi izan du bere hitzak bereak direla, ez Jaurlaritzarenak. Federazioaren jarreraren atzean «utzikeria» dagoela esan du. Landetari eta haren kideei leporatu die Durangoko batzarrean onartu zena ez betetzea: «Egunen batean azaldu beharko du zergatik erabaki duen bide hau akabera arte ez eramatea».

Hasierako lekuan berriz ere

«Bide guztiak urratu behar dira, KAEkoa barne», esan du Salinas-Armendarizek. Horren barruan, epaitegi horrek Jerseyko futbol federazioaren alde emandako epaia ekarri du gogora: «Arrazoia eman zion helegitea jarri zuenean UEFAko eta FIFAko batzarrak eman behar ziotela baiezkoa edo ezezkoa selekzioaren eskaerari». Joan zen Jersey batzar horietara, eta ez zuten onartu, baina Salinas-Armendarizek aparteko garrantzia ematen dio hor egoteari: «Gure federazioko presidenteak munduko futboleko agintari guztien aurrean mintzatzeko aukera izatea gauza handia da». Bidea ekinez urratzen dela gaineratu du: «Groenlandiako eta Gibraltarko federazioek askotan eskatu zuten, eta onartu egin zituzten UEFAko eta FIFAko kide gisa. Bidean geratuta ez da lortzen».

Hasierako lekuan dago orain Euskadiko Federazioa, Durangon hasi zuen bidea amaitu gabe. UEFAko eta FIFAko kide izateko aldarriak eta eskariak berriz egin beharko lirateke, hasieratik, hala nahi izanez gero.

Federazioak Espainiaren presioak jaso izana jotzen dute batzuek Landetaren erabakiaren eragile, baina Euskadiko federazioari ez dio diru askorik ematen Espainiakoak. BERRIAk jakin ahal izan duenez, gainera, ohikoa baino kopuru handiagoa jaso du hemengo futbolak, beste kontu batzuk tarteko.

Euskadiko federazioaren jarreraren harira, EH Bilduk eskatu du Legebiltzarrean azal dadila federazioa, «KAEn zer egin duten edo ez duten egin azaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.