Euskadi-Muriasek bat egiteko eskaintza egin dio Euskadi Fundazioari

Bi bilera egin dituzte dagoeneko, eta lehen hartu-emana «ona» izan da. 'Euskadi Fundazioa' litzateke egitasmo berriaren izena

Jon Odriozola eta Javier Lasagabaster, atzo, Zumarragan. EUSKADI-MURIAS.
Imanol Magro Eizmendi.
<i>Zumarraga</i>
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Eliteko gizonezkoen euskal txirrindularitza aro berri batean sartzeko zorian egon daiteke. Euskadi-Murias taldeak atzo jakinarazi zuenez, bat egiteko proposamena egin dio Euskadi Fundazioari. Lehen bilerak egin dituzte, eta hartu-emana ona izan da; xehetasun batzuk adostu dituzte dagoeneko. Baina Fundazioaren azken hitza falta da oraindik. Euskadi-Muriasen nahia da kirol egitasmo berria errepideetan egotea 2020rako.

Euskadi-Muriasek Itzuliak ematen dion bozgorailua erabili nahi izan du bere eskaintza jendaurrean jakinarazteko. Javier Lasagabaster zuzendaritzako kideak eman zuen atzo xehetasunen berri. «Indarren metaketan sinesten dugu etorkizunean goiko mailan lehiatu ahal izateko. Helburua da hazi eta bat egitea, eta euskal txirrindularitza batzeko proposamen formala da. Bi taldeak %50ean eta Euskadi Fundazioa markarekin. Biderik onena dela uste dugu, eta aurrera eraman nahi dugu».

Bi taldeak bi aldiz bildu dira jada, eta hori aurrerapauso handia da, orain arte bi aldeen arteko harremana gaiztotuta zegoelako. Talde berriaren oinarria, Lasagabasterren esanetan, «harrobia» lantzea litzateke. «Munduko harrobi talde onena izatea da helburua. Euskadikoa, Espainiakoa, Europakoa eta, beharbada, mundukoa. Fundazioaren eskutik egin nahi dugu hori, gure ustez hori delako modurik onena».

Azken urteetan bi egitasmo egoteak ez du erraztu erakundeek eta enpresek bietako bat babestea. Lasagabasterren ustez, batuko balira, «ate berri» bat ireki beharko litzateke. «Diru laguntzarik jaso ez duen eliteko talde bakarra gara. Ez gara ez Bizkaikoak, ez Gipuzkoakoak, ezta Arabakoak ere, Euskadikoak baizik. Uste genuen hori ona zela, baina azkenean traba bat izan da. Guk maitasuna eta errespetua eskatzen dugu bakarrik, eta erakundeek bere jarrera birpentsatu dezatela Euskadiren izena ahalik eta gorenera eramateko». Enpresei ere bidali zien mezua. Gaur egun, esaterako, Orbea etxea da Fundazioaren babesle nagusia, eta bizikletaz hornitzen du Murias. Udan, Muriasek gertu izan zuen babesle bat lotzea, eta, agian, mugimendu honekin etxe horren interesa berpiztu daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.