TXIRRINDULARITZA

Euskadi fundazioak bere hiru taldeak aurkeztu ditu

Jesus Ezkurdia manager nagusiak esan du «oso harro» daudela Euskadi fundazioaren egitura osoaz, eta espero dutela 2022an ere «lorpen handiak eskuratzea eta mugarriz betetako urtea izatea»

Euskadi Fundazioaren hiru taldeak eta haren babesleetako ordezkariak, gaur, Euskaltelen egoitzan, Derion. JUANJO OTAZU
Julen Etxeberria.
2022ko otsailaren 22a
14:20
Entzun

Aspaldi hasi ziren txirrindulariak pedalei eragiten, baita errepidean lehiatzen ere. Baina Euskadi fundazioak gaur aurkeztu ditu ofizialki denboraldi honetarako taldeak, Derion (Bizkaia), Euskaltel enpresaren egoitza nagusian. Han izan dira haren hiru taldeak: Euskaltel-Euskadi, UCI profesional mailakoa; Laboral Kutxa-Euskadi fundazioa, UCI mailakoa; eta izen bereko gizonezkoen 23 urtez azpiko taldea. Hiru talde horiek 300 gazte baino gehiago ordezkatu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden txirrindularitza eskolen bitartez Euskadi fundazioa osatzen duten gazteak dira horiek guztiak.

Euskaltel-Euskadik hogei txirrindulari ditu. Unai Iribar, Asier Etxeberria, Xabier Isasa eta Carlos Canal dira berriak. Mikel Alonso, Gari Bravo, Jokin Aranburu eta Dmitri Zhigunov ordezkatu dituzte. Laboral Kutxak, berriz, hamahiru ziklista ditu, eta horietatik sei dira berriak: Mireia Arriazu, Yurani Blanco, Olatz Gabilondo, Ariana Gilabert, Sandra Gutierrez eta Amaia Lartitegi. Aldiz, Uxue Albizuak, Ainhize Barrainkuak, Nekane Gomezek eta Eukene Larrartek taldea utzi dute.

«Bete nahi ditugun amets, ilusio eta aurreikuspenez beteta ekiten diogu 2022ari. Oso harro nago Euskadi fundazioa osatzen duen egitura osoaz: hiru taldeak, txirrindulariak, talde teknikoa eta laguntzaile nekaezinak», azaldu du Jesus Ezkurdiak, fundazioaren manager nagusiak. Iritzi berekoa da Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea: «Harro gaude txirrindularitzaren munduan parekorik ez daukan eredu honen parte izateagatik».

Ezkurdiaren arabera, «izaki biziduna da Euskaltel-Euskadi taldea, eta etengabe ari da garatzen; denboraldi berri honetan hazten jarraitzeko, urrats sendoz, proiektuak aurrera egiten eta indartzen jarrai dezan». Ilusioz gainezka dago: «Proiektuak aurrerapausoak ematen jarraitzen du, erreferente gisa finkatzeko; ez soilik kirolaren eremuan, baita gizartearen eta kulturaren eremuan ere, nahiz eta pandemiak ez digun utzi nahiko genukeen moduan aurrera egiten. 2022an ere lorpen handiak eskuratu nahi dugu, eta gure historian betiko grabatuta geratuko diren mugarriz betetako urtea izatea espero dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.