Denboraldia hasteko «gogotsu» dago Jon Moncayola (Garinoain, Nafarroa, 1998). Taldea lau lehiaketatan ariko den arren, «lehen helburua» mailari eustea dela dio. «Oinak lurrean izan behar ditugu». Gorritxoek Celtaren zelaian abiatuko dute liga, igandean (17:00, Movistar La Liga).
Ate joka dago ligako lehen jardunaldia. Nola ikusten duzu taldea?
Ilusio handia pizten duen denboraldi honi ekiteko gogotsu dago, are eta gehiago Konferentzia ligako atarikoa jokatuko genuela jakin eta gero. Denboraldiaurrea ondo joan da, baina igandean jakingo dugu zehazki nola gauden.
Athleticekin lotu zintuzten iazko udan. Uda lasaiagoa izan da?
Bai. Ez zitzaidan hain gogorra egin, baina uste dut liga hasieran nabaritu egin nuela gertatutakoaren zama; bereziki, arlo psikologikoan. Aurten, aldiz, sanferminez gozatu ahal izan dut pare bat egunez, eta jendeak kaletik asko eskertu digu eginiko denboraldia.
Edonola ere, uda berezia izan da. Nola bizi izan duzue jokalariek klubaren eta UEFAren arteko borroka?
UEFAren lehen erabakiarekin, jendea minduta sentitu nuen, zelaian lortu genuena gal genezakeelako. Tarteka, Unai Garcia eta David Garcia kapitainek Fran Canal zuzendari nagusiarekin hitz egiten zuten egoera zertan zen jakiteko. Egia esango dizut: sentitzen genuen Europatik kanpo geratuko ginela.
Uztailaren 25ean jakinarazi zuen UEFAk Osasuna onartu zuela. Nola hartu zenuten albistea? Ordurako bazenekiten zerbait?
Sanferminetan zerbait ailegatu zitzaigun, baina ez zen ezer ofiziala; mezu bat baino ez zen izan. Beraz, lasai hartu nahi izan genuen. Ia bi hilabete lehenago ospatu genuen zerbait berriz ospatzeko momentua izan zen.
Prestatzen hasita zeundeten. Konferentzia ligako atarikoa jokatuko duzuela jakiteak prestaketa aldatu du?
Zelaiko lana ez da aldatu. Lehenago jokatu behar izan bagenu, ziurrenik bai, aldatu beharko genukeen denboraldiaurreko lana, baina, liga jada hasita egongo denez, gauza bera egiten jarraitu dugu. Buruhauste handiena bulegoetan izango zuten, fitxaketekin eta abarrekin. Konferentzia ligako multzoen faserako sailkatzen bagara, agian beste norbait ere fitxatu beharko da, baina hobe duzu hori Brauliori [Braulio Vazquez kirol zuzendaria] eta Catari [Jose Antonio Prieto idazkari teknikoa] galdetzea.
Brugge edo Akureyri izango da aurkaria. Belgikako taldea ezagutuko zenuten, baina Islandiakoa ezer gutxi, ezta?
Bai, izena eta beste askorik ez. Jokalariok eztabaida izan genuen, batzuek nahiago zutelako Bruggeren gisako talde historiko baten aurka jokatu, eta beste batzuek, berriz, nahiago zutelako Akureyri, kanporaketa gainditzeko errazagoa izan daitekeelakoan.
Ligaxkarako sailkatuz gero, astero bi partida izango zenituzkete. Taldea prest ikusten duzu horretarako?
Taldeari mesede egiten dio aste guztia izateak partida prestatzeko, intentsitate handiz entrenatzen baikara, baina aurreko sasoian kopako eta ligako partidak tartekatu genituen hilabete hartan, bai kopan eta bai ligan, eta emaitza onak lortu genituen. Nire ustez, prestatuta gaude, eta taldeak baliabide asko ditu halako egoerei aurre egiteko.
Oraingoz, hiru fitxaketa egin ditu klubak: Alejandro Catena, Jose Arnaiz eta Johan Mojica [atzo jakinarazi zuen beste bat: Raul Garcia aurrelaria, Betisetik]. Zer iritzi diezu hiru horiei?
Beharrezko postuetan indartu da taldea. Aridane joan da, eta, haren ordez, Catena etorri da. Manu Sanchezen tokia Mojicak beteko du, eta Arnaiz Abderen ordezkoa izan liteke, nahiz eta beste lehiaketa bat gehiago badugu agian beste norbait beharko dugun postu horretan. Talde luzea eta ona dugu, eta hiru horiek ondo egokitu dira. Fitxatzeko orduan, kirol zuzendaritzak kontuan izaten du ea jokalari berriak erraztasuna duen taldera egokitzeko.
Abderi buruz ahaztu daitezke zale gorritxoak?
Ez dakit. Bazirudien Bartzelonatik atera zitekeela, baina, Dembeleren agurraren ostean, badirudi han jarraituko duela. Mutil aparta da; zelaian ikusi dugu zer maila eman dezakeen, eta ea bueltatzeko aukera duen. Ez bada bueltatzen —eta hori litzateke normalena—, onena opa diot, gure kontra jokatzen duenean izan ezik.
Klubeko ordezkari guztiak zuhur mintzatu dira. Helburu nagusia mailari eustea da, edo beste zerbaitetan pentsa daiteke?
Bai, oinak lurrean izan behar ditugu. Granadaren edo Getaferen esperientziak hor daude: Europan jokatu duten urtean, sufritu egin dute ligan. Horrelako taldeak ez daude hain ohituta hainbeste partida jokatzera, eta denboraldia agian luzea egiten da. Hori da lehen helburua, dudarik gabe.
Celtaren zelaian hasiko duzue denboraldia. Nolako partida espero duzue?
Aldaketa ugari egin dituzte. Manu Sanchez han dago, adibidez, eta esperientzia handiko entrenatzaile bat ekarri dute [Rafa Benitez]. Azken urteetan joko gustagarria egin duten arren, agian espero baino beherago amaitu dute. Ea puntuak bilduz has dezakegun denboraldia.
EUSKAL TALDEAK LIGA HASTEAR. Jon Moncayola. Osasunako jokalaria
«Europatik kanpo geratuko ginela sentitzen genuen»
Jon Moncayolak lehen taldearekin jokatuko duen bosgarren sasoia hasiko du asteburuan. Astean bi partida jokatzeko «prestatuta» ikusten du taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu