Futbola

Europarako postuei begira jarri nahi dute Osasunak eta Realak

Gorritxoak Atletico Madrilen zelaian ariko dira gaur, eta txuri-urdinek Vila-real jasoko dute bihar. Seigarren postura gerturatu nahi dute ligako sailkapenean.

Areso-Barrenetxea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jesus Areso eta Ander Barrenetxea, lehian, Osasunak eta Realak Anoetan jokatutako derbian. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko urtarrilaren 12a
05:05
Entzun

Osasunak eta Realak seigarren postutik gertu bukatu nahi dute Espainiako Ligako lehen itzulia. Gorritxoak hamargarrenak dira sailkapenean; txuri-urdinak, berriz, zazpigarrenak; baina biek 25 puntu dituzte. 

Osasunak Atletico Madrilen aurka jokatuko du gaur Metropolitanon (16:15, Movistar). Nafarrek irabazi egin nahi dute, iaz bezala, 1-4 irabazi baitzuten Madrilen. Osasunak garaipen bakarra lortu du sasoi honetan etxetik kanpo: lautan berdindu du, eta hirutan galdu. Izan ere, Vicente Morenok etxetik kanpo hiru partida bakarrik irabazi ditu entrenatzaile gisa Espainiako Ligan egin dituen bost urteetan. 

Gorritxoak indartsu ibili dira Sadarren, eta gertu dituzte Europarako sailkatzeko postuak, baina ligako azken garaipena azaro hasieran eskuratu zuten, Real Valladoliden aurka (1-0). 

Bryan Zaragozak abenduan min hartu zuenetik, Osasunak hiru neurketa berdindu ditu eta bat galdu: Athleticen aurkako derbia Sadarren (1-2). Hala ere, Espainiako Kopan Ceuta (2-3) eta Tenerife (1-2) kaleratu ditu. Metropolitanon jokatu ondoren, San Mamesen jokatuko ditu Kopako final-zortzirenak Athleticen aurka. 

Atletico Madril bigarren da ligan, baina, nafarrak garaitzen badituzte, lehenak izango dira, jada talde guztiek hemeretzi jardunaldi jokatuta. Espainiarrek azken hamahiru partidak irabazi dituzte jarraian txapelketa guztietan, eta Julian Alvarez, Griezmann eta Sorloth sasoi onean daude.

Maratoiaren hasiera Realarentzat

Realak Vila-real jasoko du astelehenean Anoetan (21:00, Movistar). Bi taldeak Europako lehiaketetara sailkatzeko lehian daude, eta ligako lehen itzulia ondo amaitu nahi dute. Vila-real bosgarren da, 30 punturekin.

Asteleheneko neurketarekin, partiden maratoia hasiko dute txuri-urdinek. Zazpi neurketa jokatuko dituzte hurrengo hiru asteetan: lau Espainiako Ligan, bi Europa ligan eta bat Espainiako Kopan. 

Realak aurtengo lehen garaipena lortu nahi du etxean. Ligako azken bi neurketetan ez zuen golik sartu: 0-0 berdindu zuen Las Palmasen aurka, eta 2-0 galdu zuen Celtaren aurka. Espainiako Kopan, ordea, gipuzkoarrek 0-2 garaitu zuten Ponferradina 2025eko lehen partidan. Imanol Alguacilek ezin izango du Hamari Traore zelairatu, ezta Igor Zubeldia ere, azkoitiarra zigortuta baitago bost txartel hori jarri dizkiotelako. 

Azken bost urteetan Txapeldunen Liga eta Europa liga jokatu arren, Vila-real ez zen Europarako sailkatu iaz. Marcelino Garcia Toralen taldeak ondo hasi zuen denboraldia, eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko postuetan egon da denboraldi honetan. Hala ere, azken hilabetea kaskarra izan da Vila-realentzat, eta bosgarren postura jaitsi da ligan. Gainera, Espainiako Kopatik kanpo geratu da: Espainiako Federazioaren Bigarren Mailako talde batek kanporatu zuen, Pontevedrak. 

Vila-realen izarra Alex Baena da, eta golegile nagusia Ayoze Perez. Baina ikusteko dago Ayoze bera eta Diego Conde atezaina ariko diren. Ilias Akhomach, Alfonso Pedraza, Nicolas Pepe eta Yeremi Pino ez dira izango; lehen biak lesionatuta daudelako, eta, azkena, zigortuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.