FUTBOLA

Europan zer egunetan aritu, hori du jokoan Athleticek

Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan egon da denboraldi osoan Athletic, eta, orain, lau puntura du laugarren postu preziatua. Gaur, Granadari irabazi nahi dio San Mamesen, amesten jarraitzeko.

(ID_13417605) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Iñaki eta Nico Williams eta Oscar de Marcos, iaz, Granadaren aurkako gol bat ospatzen. PEPE TORRES / EFE
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Gabarraren osteko biharamuna nabaritu zuen Athleticek joan den astean, San Mamesen Vila-realen aurka bana berdindu baitzuen, nahiz eta epailearen erabakiek baldintzatu zuten partida. Gaur, baina, aitzakiarik ez dute jokalari zuri-gorriek etxean Granada menderatzeko (21:00, Movistar La Liga). Ia Bigarren Mailan dago Espainiako taldea, liga amaitzeko zazpi jardunaldiren faltan 11 puntura baitu salbazioa. Ia bai, baina ez matematikoki, eta askotan galtzeko ezer ez duten talde horiek dira arriskutsuenak; Realari jazotakoa adibide ona da, denboraldian partida bakarra irabazi duen baina oraindik matematikoki jaitsi ez den Almeriaren aurka bina berdindu baitzuen Anoetan joan den igandean.

Jokalari guztiak izango ditu eskura Ernesto Valverdek, Yeray Alvarez sendatu egin baita lesiotik, eta Iñigo Ruiz de Galarretak zigorra bete baitzuen Vila-realen aurka. Granadak, berriz, azken orduko hiru hutsune izan ditu aste honetan, Sergio Ruiz, Oscar Melendo eta Martin Hongla erdilariak ez baitira taldearekin entrenatu, eta azken ordura arte zalantza izango dira. Horiei Jesus Vallejoren hutsunea gehitu behar dio Jose Ramon Sandoval Granadako entrenatzaileak. Urtarriletik ez du jokatu espainiarrak, lesioak eta kontu pertsonalak direla medio.

Partidaren aurreko prentsaurrekoa eman zuen atzo Valverdek, eta adierazi zuen Txapeldunen Liga jokatzeko txartela lortzeko lehiatuko direla: «Amaierara arte borrokatu nahi dugu, eta ez dago parean erronka bat izatea bezalakorik. Guk Txapeldunen Ligarako sailkatzea da geure buruari jarri diogun erronka». Gaur galduz gero, laugarren postu horretan amaitzea asko zailduko dela uste du. Granadak azken partida irabazi zuen, eta horrek indarra eta motibazioa emango diela ere nabarmendu zuen.

Puntuen beharra

Gaur San Mamesen jokoan dauden hiru puntuak inoiz baino beharrezkoagoak dituzte bi taldeek, liga amaitzeko zazpi jardunaldi besterik ez baitira falta. Granada Lehen Mailan jarraitzeko ametsari eusteko aterako da hiru puntuen bila. Gainera, Alavesen aurka azken jardunaldian lortutako garaipenak emandako indarrarekin etorriko da San Mamesera. Salbazioa 11 puntura du, zazpi jardunalditan murrizteko ia ezinezkoa den tartea.

Athletic oso egoera ezberdinean iritsi da partidara, nahiz eta puntu premia ere baduen. Denboraldi osoa darama Bartzelonarekin eta Atletico Madrilekin Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukera ematen duen azken postuagatik borrokan; kataluniarrek hilabete onak izan dituzte, eta bigarren dira orain. Gironak, bestalde, puntu asko utzi ditu azken jardunaldietan, eta liderra izatetik hirugarren izatera pasatu da. Bolada txar hori dela eta, itxura du Gironaren, Atletico Madrilen eta Athleticen artean banatuko direla Txapeldunen Ligarako azken bi plazak. Girona zortzi puntura du Athleticek, eta Atletico Madril, berriz, laura.

«Amaierara arte borrokatu nahi dugu, eta ez dago parean erronka bat izatea bezalakorik».

 ERNESTO VALVERDEAthleticeko entrenatzailea

Valverderen jokalariak ia ziur dira datorren denboraldian Europan lehiatuko direla, baina asteko zer egunetan jokatuko duten ez dakite oraindik. Txapeldunen Ligak formatu berria izango du 2024-2025eko denboraldian, eta Athleticek estreinako aldian egon nahi badu, ezingo du hutsik egin denboraldi amaierara arte. Aurkari zuzena, Atletico Madril, Txapeldunen Ligatik kanporatu berri du Borussia Dortmundek, eta orain duen helburu bakarra da laugarren postu hori ziurtatzea; lan zaila izango du, beraz, Athleticek erronka horretan.

Gainera, bi taldeek elkarren aurka jokatuko dute datorren larunbatean, Atletico Madrilen etxean, Metropolitano estadioan. Valverderen taldearentzat ezinbestekoa izango da hiru puntu gehiagorekin joatea hara, eta, han garaipena lortuz gero, Txapeldunen Ligarekin amets egin ahal izango du. Bestela, Europan ostegunetan jokatzearekin moldatu beharko du, Europa ligan edo Konferentzia ligan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.