Juanan Gutierrez

«Europan serio hartzen dituzte guk proposatzen ditugun gauzak»

Mendi Eskualdeen Europako Sarearen presidente karguan berretsi berri dute Juanan Gutierrez. Eibartarraren ustez, garrantzitsua da Bruselan egotea, eta ez politika arloan eragiteko bakarrik, mendi eremuen etorkizuna bermatzeko baizik.

Juanan Gutierrez, Mendi Eskualdeen Europako Sarearen presidentea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2021eko urtarrilaren 9a
10:30
Entzun

Mendiarekiko zaletasuna medio, Juanan Gutierrezek (Eibar, 1962) argi zeukan horrekin zerikusia zeukan ikasketaren bat egin nahi zuela. Azkenerako, Geografia aukeratu zuen, «eremu asko barnebildu ditzakeelako». Behin ikasketei ekinda, Europan barrena abiatu zen, bide berrien bila. Pausoka-pausoka, HAZIn bukatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenerako erakundean. Hori bai, Europa oso presente eduki izan du beti; horren erakusgarri, Euromontana Europako Mendi Eskualdeen Sarean zuzendaritza batzordeko presidente karguan berretsi zuten joan den azaroan, hirugarrenez —2012an aukeratu zuten lehen aldiz—. 70 eragile batuta, lobby edo presio talde txiki bat dute Bruselan.

1980ko hamarkadan Europan barrena ibili zinen Geografia ikasketak egiten, hasi Donostian hasi bazenituen ere. Etxekoa ez al zen nahikoa?

Bigarren urtean joan nintzen Bartzelonara, eta orduan berritasuna zen hango eredua. Izan ere, oinarrizko ikasgaiak gainditu beharra zegoen, baina, hortik aurrera, libreagoa zen norabidea edo espezializazioa aukeratzea.

Frantziara joan zinen gero, eta Belgikan bukatu zenuen. Garai hartan ohikoa al zen ikasketak atzerrian egitea?

Orduan ez zegoen ez Internetik eta ezta Erasmus programarik ere. Informazioa lortzeko edo bertan ikas zenezakeen jakiteko telefonoa edo posta arrunta erabili behar izaten ziren. Beste garai batzuk ziren.

Betiko komunikazio bideak erabilita lortuko zenuen plaza, baina Teledetekzio espaziala ikasi zenuen. Zer esaten zizuten ingurukoek, zertan ari zinen entzun eta gero?

Hemen zientzia fikzioa zen satelite bidez lurra arakatzearena. Beste gauza askorekin gertatzen den bezala, erabilera militarrerako sortu zen hori ere, eta gerora aurkitu zaizkio erabilera zibilak.

Nondik datorkizu Geografiarekiko interes hori?

Beti interesatu izan zait. Azken finean, kontuan hartu behar da nondik gatozen. Gurean mendia da kirol nazionala; eguneroko zerbait da. Gehienok ezin gara egon mendira joan gabe.

Naturarekiko lotura horrek bideratu al du zure lan jarduna?

Ez da hori bakarrik. Natura bera baino gehiago, jendeak naturarekin daukan harremana interesatzen zait niri; hau da, bakoitzak nola moldatzen duen ingurua. Gizakiak hasiera-hasieratik moldatu duen paisaia da natura. Pertsonek eta gizarteak berak paisaiarekin duten elkarrekintza interesatzen zait niri. Norberaren izaerak zerikusi zuzena du naturarekiko harremanarekin.

Teledetekzio espaziala ikasita, zertan hasi zinen lanean?

Praktikak egin beharra zegoen derrigor, eta kontratua eskaini zidaten praktikak amaitu berritan. Satelite bidez Luxenburgoren lehen mapa egitea zen gure proiektua. Gaur egun, aspaldiko kontuak direla dirudi.

Katalunian, Frantzian eta Belgikan ibili ondoren, Euskal Herrira itzuli zinen gero. IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologian aritu zinen lehenengo, eta HAZIn sartu zinen gero. Nolatan?

Argi neukan etxera itzuli nahi nuela.

Sateliteak atzean utzita, parke naturalen errealitatean barneratu zinen 1990eko hamarkadan. Berritasuna al zen hori ere?

Gaur egun HAZIn badago sateliteekin lan egiten duen jendea, baina garai hartan gurean zientzia fikzioa zen hori. Hamaika eztabaida eragin zuen parke naturalen gaiak; bazeuden aldekoak, baina kontrako asko ere bai. Lurralde antolamendurako kontzeptu berri bat zen hura. Dibertigarria izan zen garai hura.

Berehala hasi zinen Europa mailan lanean. Zer dela-eta hartu zenuten Europaren eremuan lan egiteko erabakia?

Euskadiko politika sektorialeko zati handi bat Europako edo nazioarteko lankidetza proiektuen mende zegoela ikusi genuen, eta horregatik hartu genuen erabakia.

Gauza bat da Europa mailako proiektu jakin batzuk sortzea, eta beste bat Euromontanaren gisako antolakunde bat eratzea.

Oso garrantzitsua zen Europako lankidetza proiektuak sustatuko zituen talde bat izatea, eta talde horretan egotea proposatu zidaten niri. Europa mailan kontaktuak lortu behar nituen eta Bruselan presentzia izan.

Zertarako balio du Europako sare baten parte izateak?

Garrantzitsua da Bruselan egotea, egunerokoan eragiten duten erabakietan parte hartzeko aukera dagoelako horri esker. Bestalde, Euromontana elkargune bat da esperientziak elkarrekin trukatu ahal izateko. Esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundia parke naturalen sarea eraikitzen ari zenean, Europan erreferentziak bilatzeko eskatu zidaten. Zentzu horretan, esperientzia interesgarriak zeuden Italiako Alpeetan, eta hango kontu asko ekarri genituen hona.

Proiektuak sarean garatzeak eragina dauka arrakasta lortzeko?

Aberastasun ikaragarria da proiektuak lortzeko 70 bazkide izatea, bakoitzak bere kontaktuak dauzkalako.

Herrialde askok osatzen duzue Euromontana: Albaniak, Suitzak, Errumaniak, Eskoziak… Nola koordinatzen duzue lana?

Bulego bat daukagu Bruselan, eta hiru langile aritzen dira bertan lanean. Horiek harremana mantentzen dute bazkide guztiekin, eta ekintzak proposatzen dituzte.

Ez da erraza izango, hala ere, hainbat herrialderen arteko lana koordinatzea, ezta?

Bai eta ez. 70 partaide gara Euromontanan, baina denak ez daude aktibo maila berean. Denon arteko harremana ez da bera; zerikusi zuzena daukate gertutasun geografikoak eta gaitegiak. Adibidez, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria naiz ni, eta hartu-eman handiagoa daukat Norvegiako edo Frantziako erakunde publikoen ordezkariekin, beste edozein ikerketa zentrorekin baino.

Zer da egitekorik zailena 70 partaideko erakunde batean?

Bazkideen aniztasunaren eraginez, konplexua da antolaketa. Denetik daukagu sarean: erakunde publikoak, nekazari sindikatuak, ekonomia zentroak, mendi eremuetako berrikuntzetan lan egiten duten unibertsitateak… Askotariko lan jarduerak dauzkagu Euromontanaren barruan.

Zer lan dagozkio zuzendaritza batzordeko presidenteari?

Bruselako taldea koordinatu behar izaten dut nik, eta hainbat ekitalditara joan behar izaten dut. Orain Europako programa eztabaidatzen ari direnez, Europako Batzordeko kideekin harremanetan egoteko momentua da. Kargu publikoak izaten dira batzuetan, eta teknikoak beste batzuetan. Komenigarria izaten da zenbait gairen inguruan zer esaten ari diren jakitea.

Garrantzitsua da politikariez gain bestelako kontaktuak ere izatea?

Askotan, atzeko atetik sartuta jabetzen zara ondorioak izan ditzaketen zenbait gauzaz.

Sareak bitartekari lanak egiten ditu mendi eskualdeen eta Europako agintaritzen artean. Nola egiten da bitartekaritza lan hori?

Mendi eskualdeen interesak defendatzen ditugu guk; eta ez Europan bakarrik, baita erabakiak hartzen dituztenen aurrean ere, izan Euskal Herrian zein Eskozian. Kontaktu asko dauzkazu Europako Batzordean, Europako Parlamentuan nahiz eskualdeetako batzordeetan. Erreferenteak gara mendiko gaietan.

Bruselan hartzen diren erabakietan eragiteko gaitasuna duzue?

Europako Batzordeak zein Parlamentuak foroetara gonbidatzen gaitu; mendiarekin zerikusia daukaten gaiei buruz hitz egiten da bertan. Hainbat ordezkarik eta erakundek parte hartzen dute foro horietan, eta berrikuntzari edo mendiko mugikortasunari buruz hitz egin behar dutenean, adibidez, gu ere gonbidatzen gaituzte saio horretara. Zuzeneko informazioa jaso ahal izaten dugu horrelako foroetan eta bazkideei informazioa pasatzen diegu gero.

Europak zehazten al dizue agenda? Edo agenda propioa daukazue?

Agenda Europak zehazten du, berez, baina guk badaukagu eragiteko gaitasuna. Esaterako, Euromontanak presidenteorde kargua dauka landa babeserako elkarrizketa zibilen taldean, eta presidente kargua ere izango dugu. Horrek zein ondorio duen? Europako Batzordeko arduradunak mahaikideekin lan egiten du gai ordena prestatzeko, eta, hor egonda, eragin daiteke.

Baina eragin ahal izaten duzue?

Uzten digutenean, bai. Guk ez daukagu erabakitzeko gaitasunik, baina eragitekoa, bai.

Nola konbentzitzen dituzue politikariak euren agendan eragiteko?

Norberaren iritzia errespetatzeko garrantzitsua da Europako Batasunak finantzatutako proiektuak argudio irmoekin lantzea. Indarra ematen du horrek. Ikerketaren bidea da gure indargunea.

Baliagarria zaizue Europan zuen barruan hainbat herrialde eta talde batzea?

Hain anitzak izatearen ondorioz, aldez aurretik ondo eztabaidatuta edukitzen dugu proposatzen dugun guztia. Ordurako argi izaten dugu zer pentsatzen duten erakundeek zein nekazariek. Europan badakite hori, eta serio hartzen dituzte guk proposatzen ditugun gauzak.

Europako Batasuneko Nekazaritza Politika Erkidea (NPE) da lantzen duzuen arlo garrantzitsuenetako bat. Horrek eraginik ba al dauka Euskal Herrian?

Europa osoan ez dago horrek eraginik ez duen nekazaritza politikarik. NPEk zehazten du edozein estatuk edo eskualdek jarduteko daukan markoa.

Dagoeneko onartuta egon beharko luke 2020tik aurrerako NPEk, baina atzeratu egin da. Zer ondorio ditu horrek?

Brexita eta COVID-19aren pandemia dela eta, oraindik ez da onartu. Legedi guztia baldintzatu dute akordio berdeak, energia berriztagarriek, klima aldaketara egokitzeak, eta abarrek. Baina aurrekontu mailan, hasiera batean, atzerapenak ez du eragingo aldaketarik.

Euskal Herriarentzat positiboa izango al da azken urteotako aldaketa hori?

Erabiltzen baldin badakigu, bai. Garatu ahal izateko, norabide berdea eman behar zaie politika guztiei, eta Euskal Herriak ez dauka azpiegitura txarrik. Beste toki batzuekin alderatuta, lurrari lotutako kultura daukagu guk, ez daukagu latifundio erraldoirik, ezta abeltzaintzarako eremu handirik ere. Aukera bilaka dezakegu aldaketa hori.

Europarekin lotuta dago eremu menditsuen etorkizuna?

Bai. Hala ere, produktibitatea bultzatzen den garai hauetan zaila da leku malkartsuentzako. Euskal Herriko mendi eremuan Alemania iparraldean baino garestiagoa da esne litro bat ekoiztea. Ez dira berdinak eraikinen kostua edo esnea lortzeko zailtasuna. Horregatik, zenbait diru laguntza bermatzeko eskatzen dugu guk.

Ondorio ekonomiko larriak izango lituzke laguntza horiek ez izateak?

Bai, baina ez ekonomikoak bakarrik. Gurearen moduko inguruan gogorra litzateke horrelako ustiapenak albo batera uztea. Mendian horrenbeste larre badaude, norbaitek zaintzen dituelako daude. Urbia, adibidez, abeltzaintzagatik ez balitz, ez litzateke larrea izango; basoak hartuko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.