Denboraldiaren herena igaro ondoren, lehenengo balorazioak egiten hasteko moduan da Athletic. Europa ligari begira, ezin hobeki doazkio kontuak, jokoan izandako hamabi puntuetatik hamar eskuratu baititu. Onenen artean dago oraingoz sailkapenean, eta ilusioa nabaria da zaleen artean, San Mamesek hartuko baitu final handia. Baina Jon Uriarte buru duen zuzendaritzak ozen esana du: eguneroko ogia Espainiako Ligak ematen du.
Bada, hitz horiek aintzat harturik, ondorioak ez dira hain distiratsuak. Besteak beste, Europaren bidesaria ordaintzen ari baitira zuri-gorriak ligan. Zenbakiek ez diote gezurrik. Europa ligan lehiatu ondoren lau partida jokatu ditu ligan Ernesto Valverderen taldeak, eta ez du inoiz irabazi. Zehazki, hiru berdinketa eta porrot bat jaso ditu. Kasualitatea izan daiteke akaso, baina aste barruan Europan lehiatu eta gero, asteburuan emankorra izatea kostatzen ari zaio Athletici.
Egoera ez da alarma pizteko modukoa. Gaur-gaurkoz, sailkapenean seigarren postuan dago Athletic, hogei punturekin, baina azken hilabetean asko gerturatu zaizkio atzetik dituen taldeak, eta sentsazioak ere ez dira onenak izan. Hain zuzen, jokoan izandako azken hemezortzi puntuetatik soilik zazpi lortu ditu taldeak ligan. Hiruzpalau egunean behin jokatzeak ahalegin fisiko handia eskatzen du, eta ezin asmatu dabil Valverde. Joko erakargarria, elektrikoa, bertikala eta intentsitate handikoa gustatzen zaio entrenatzaileari, baina astean hiru bider era horretan jokatzea ia ezinezkoa da.
Beste joko era bat baliatuta eraginkorrak izatea falta izan zaie jokalariei. Txanponaren bi aldeak erakutsi dituzte orain arte; Europan aritu eta gero ligan jokatutako lau partida horietatik bitan distiratsu aritu dira, eta beste bietan, ez hainbeste. Ordea, guztietan gauza bera sentitu dute: irabazi ezina.
Atzera begira jarrita, plaza historiko batean itzuli zen Athletic Europa ligara, irailaren 26an: Erroman. Meritu handiko berdinketa lortu zuten zuri-gorriek, azken hatsean banakoa egin eta gero. Handik hiru egunera, Espainiako Ligan, Sevilla jaso zuten San Mamesen, eta ez ziren irabazteko gai izan. Luzapenean ihes egin zien garaipenak, zerbait gehiago lortzeko merituak egin arren.
Urriaren 3an jokatu zuen taldeak Europako bigarren neurketa, etxean, AZ Almarren aurka, eta Bilbon geratu ziren hiru puntuak. Ligara bueltan, ordea, berriro kale egin zuten jokalariek, Gironaren zelaian. Hasi eta buka Girona baino askoz gehiago izan arren, marka historikoa ezarri zuten zuri-gorriek, hiru penalti huts egin ondoren porrota jasan baitzuten, berriz ere luzapenean. Alex Berenguerrek, Iñaki Williamsek eta Ander Herrerak huts egin zituzten penaltiak.
Urriaren 24an bisitatu zuen berriro Europa ligak San Mames. Hain zuzen, Slavia Pragaren bisita jaso zuten zuri-gorriek, eta ez zuten hutsik egin. Partida landua jokatu ondoren, urrezko hiru puntu poltsikoratu zituzten. Ordea, gidoiak bere horretan jarraitu zuen gerora, berriz ere asteburuan ligan kale egin baitzuen Valverderen taldeak. Mallorca hamar jokalarirekin geratu zen lehen zatian, eta hori baliatzeko gaitasunik ez zuten izan bilbotarrek: hutsean berdindu zuten Jagoba Arrasateren taldearen aurka, Mallorcan bertan.
Eta, laugarren aldiz, joan den asteburuan geratu zen Athletic ligan irabazi ezinda, Valladoliden zelaian (1-1). Aurrez Ludogoretsi irabazita, konfiantzaz heldu zen partidara Athletic, baina ez zuen irabazteko batere meriturik egin. Sasoi honetako partidarik txarrena jokatu zuen, eta Gorka Guruzetak azken jokaldian sartutako gol bati esker lortu zuten puntu bat. Saria handia izan zen, baina Europatik bueltako ligako lau partidak kontuan izanda, zuri-gorrien sentsazioa berbera izan da: bidean puntuak utzi izana.
Nekea, eta lesioak
Europan lehiatu ondoren, ligako neurketek utzitako balantzea txarra da. Zorte txarraren eraginak zerikusia izan dezake, baina garbi dago Europako ahaleginaren ordaina nabaritzen hasi dela Athletic. Nekea pilatzen hasiak dira jokalariak, eta lesioak ere ugaritu egin zaizkio. Oihan Sanceten kasua da aipagarriena. Sasoi hasieran jokalaririk onena izan zen: lau gol sartu zituen ligan eta bat Europa ligan. Ordea, orkatilako bihurritu batetik osatu ezinda dabil, eta taldeak asko nabaritu du haren falta.
Beste hainbat jokalari garrantzitsuk ere arazoak izan dituzte sasoiaren lehen heren honetan: Guruzetak, esaterako. Soilik hiru jokalarik gainditu dute orain arte mila minutuko langa: Julen Agirrezabalak (1.127 minutu), Dani Vivianek (1.124 minutu) eta Iñaki Williamsek (1.246 minutu).
Valladoliden aurkako partida amaitu berritan, Aitor Paredes jokalaria kritiko mintzatu zen. «Europan lehiatu eta gero ligan ezin irabaziz gabiltza, eta sumatzen dugu egoerari neurria hartu ezinik gaudela. Jokalari guztiok aurrerapauso bat eman behar dugu». Alde horretatik, aulkiko jokalariek berebiziko garrantzia dute taldea hauspotzeko garaian. Ordea, Valverdek ez du nahi bezalako fruiturik lortu aldaketekin. Udako bi fitxaketen kasua da nabarmena. Andoni Gorosabel eta Alvaro Djalo taldera nahi bezala egokitu gabe dabiltza. Azken horrek kritika batzuk jaso ditu zaleen aldetik, klubak 15 milioi euro ordaindu baitzituen hura fitxatzean.
Bi asteko geldialdiak mesede egingo dio Athletici, min hartuta dauden jokalariak errekuperatzeko ez ezik, orain arteko lanaz hausnartzeko. Ligan gora begira jarraitu nahi badu, Europa ondorengo partidetan lehiakorrago izatea lortu beharra dauka taldeak. Estatistikak hausteko hurrengo aukera abenduaren 1ean izango dute zuri-gorriek, Rayo Vallecanoren zelaian. Aurrez Elsforgen aurka jokatu beharko dute Europan.