Reala Europan jokatzeko sailkatu da gaur gauean, Valentziari 1-0 irabazita. Bosgarren urtez jarraian arituko dira Europan txuri-urdinak, historian lehen aldiz. Betisek berdindu egin duela jakinda zelairatu da Reala Anoetara, eta Andre Silvak hirugarren minutuan sartutako golak eman dizkio hiru puntuak Imanol Alguacilen taldeari. Aspaldiko lehen zatirik onenetako bat jokatu ostean, aurkariak estu hartu du bigarrengoan, baina sufritzen ere jakin izan dute donostiarrek. Orain, Europako zein lehiaketatan jokatuko duen erabakitzea besterik ez da falta: Europa Ligan edo Konferentzia Ligan.
Aldaketa ugari egin ditu Imanolek iragan astelehenean Bartzelonan jokatu zuen hamaikakoarekin alderatuta. Freskotasuna lortu nahi izan du Orioko teknikariak, eta lortu egin du. Aurrealdean sartu dituen hiru jokalariek piztu baitute sua partida hasi eta berehala. Barrenetxearen erdiraketa Take Kubok jaso du, eta japoniarraren pasea baliatu du Silvak gola sartzeko. 1-0 3. minutuan.
Aurretik gola sartua zuen Valentziak, baina baliogabetu egin du epaileak; jokoz kanpo zegoen Yaremchuk. Hala ere, beste ezer gutxi egin dute valentziarrek lehen zatian. Jokalari nabarmenak falta zitzaizkien deialdian; Hugo Duro eta Pepelu taldeko izarretako bi etxean gelditu dira, eta haien hutsa asko nabaritu du Ruben Barajak. Kosta egin zaie zelai erdian nagusitzea, eta gehiago izan dira Mikel Merino eta Beñat Turrientes; batez ere, lehen zatian.
Realean Kubo izan da jokalaririk nabarmenduena lehen 45 minutuetan. Japoniako hegalekoa bolada txarrean dago azkenaldian, baina bere gaitasunen berri eman du gaurkoan, aspaldiko partez. Imanolek emandako aukera ederki baliatu duen beste bat Turrientes izan da. Zubimendiren lesioa dela eta, hasieratik jokatzen ari da, eta Merinoren ondoan partida osoa jokatu du. Atsedenaldira heldu aurretik, bigarrena sartzeko bi aukera izan ditu erdilariak; biak areaz kanpotik. Lehenengo jaurtiketari bikain erantzun dio Mamardashvilik, eta bigarrena gora joan zaio beasaindarrari.
Sufritzen jakin du
Bigarren zatian hobeto zelairatu da talde bisitaria. Thierry Correiak eta Peter Federicok jokaldi arriskutsuak egin dituzte eskuin hegaletik, eta atzelari txuri-urdinek gogotik egin behar izan dute lan. Hori ikusita, 60. minutuan aldaketak egin ditu Imanolek, partidaren kontrola bereganatu nahian. Sheraldo Becker eta Brais Mendez zelairatu ditu, eta Surinamgo aurrelariak pare bat aukera izan ditu gola sartzeko.
Hala ere, Valentziak bereari eutsi dio, eta oso gertu izan du berdinketaren gola 70, minutuan. Geldiketa bikoitza egin behar izan du Alex Remirok. Sergi Canosi lehendabizi, eta Alberto Mariri ondoren, Cascanteokoa lurrean zela. Ikusgarria izan da bigarren hori. Minutuak aurrera joan ahala, geroz eta atzerago defendatu du Realak, eta bisitariek estu hartu dute talde donostiarra. Hala ere, ezin izan dute Remiroren atea zulatu, eta zaleen aupadarekin ondo eutsi dio Realak emaitzari.
Orain, Realak Europa Ligan edo Konferentzia Ligan jokatuko duen erabakitzea falta da. Seigarren da orain, 57 punturekin, Europa Ligan aritzeko aukera ematen duen postuan. Puntu bakarrera dauka Betis, zazpigarren sailkatua. Elkarren aurka jokatuko dute bi taldeek datorren igandean, Benito Villamarin futbol zelaian (19:00). Irabaziz gero, seigarren amaituko dute txuri-urdinek. Emaitza bestelakoa bada, azken jardunaldian erabakiko da bi taldeen etorkizuna. Bertan Atletico Madril jasoko du Realak, eta Betisek Real Madrili egingo dio bisita.