Europan amets egiten jarraitu nahi du Athleticek

Europa ligako finalerdietan izateko, Rangersi irabazi egin behar diote zuri-gorriek. Zalantzan dago Yurik eta Iñaki Williamsek parte hartuko duten. Jokoaren ekimena etxekoena izango da; Rangers kontraerasoan ariko da.

Athleticeko jokalariak, aste honetako entrenamendu bataen. LUIS TEJIDO / EFE
Athleticeko jokalariak, aste honetako entrenamendu bataen. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2025eko apirilaren 17a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Athleticek amets egiten jarraitu nahi du Europa ligan. Denboraldia abiatu zuenetik, begiz joa du maiatzaren 21ean San Mamesen bertan jokatuko den finala, baina, horretarako, beste pauso bat eman behar du gaur, etxean, Glasgow Rangersen aurka. Joaneko partidan hutsean berdindu ondoren, matematika kontuak argi dituzte zuri-gorriek: irabazi egin behar dute finalerdietan egoteko. Etxeko lanak bideratuta uzteko aukera ederra huts egin zuten Eskozian; besteak beste, ia partida osoan bat gutxiagoren kontra jokatzeaz gain, penalti bat ere huts egin baitzuten. Aho zapore garratza zutela itzuli ziren jokalariak Bilbora, eta gaur San Mamesek izango du azken hitza. Egun handietako betekada eta giroa espero dira, eta motibazioz gainezka zelairatuko da Ernesto Valverderen taldea. «Kale edo bale. Irabazten duena sailkatuko da finalerdietarako, eta, jokoan sari handia egongo den arren, lasai gaude, eta konfiantzaz beterik», esan zuen atzo Valverdek.

Lasai eta baikor egoteko motiboak ematen ditu Athleticek. Estatistikek hala diote, behintzat. Adibidez, Europako bost ligarik handienak kontuan izanik, gol gutxien sartu dioten taldea da Valverderena, Italiako Napolirekin batera. Biei ala biei hogeita bosna gol sartu dizkiete orain arte. Atea hutsean uzteak urrea balio du halako partidetan, eta arlo horretan talde sendoa eta fidagarria osatzen dute zuri-gorriek. Gainera, San Mamesen eroso sentitu ohi dira. Europa ligan orain arte jokatu dituzten bost partidetan irabazi egin dute: AZ Alkmaarren (2-0), Slavia Pragaren (1-0), Elfsborgen (3-0), Victoria Pilsenen (3-1) eta Erromaren aurka (3-1). Halere, Valverdek nahiago du zuhur jokatu: «Egia da talde indartsuagoa garela gure zaleen aurrean, baina kanporaketa irekia dagoela uste dut. Gu ez gara faboritoak».

Athletic talde indartsua da etxean, eta Rangers talde indartsua da etxetik kanpo. Athleticen aurka joan den astean jokatu arte, eskoziarrek jarraian bost partida galduak zituzten euren zaleen aurrean. Askoz emaitza hobeak lortu ohi dituzte euren lurretatik urrun. Esaterako, jokatu dituzten azken zazpi partidetatik sei irabazi dituzte, eta bat berdindu. Europa ligari dagokionez, behin bakarrik galdu dute kanpoan: Manchester Uniteden zelaian, luzapenean (2-1). Barry Ferguson entrenatzaileak bost atzelari zelairatu ohi ditu, eta kontraerasoa du arma nagusia. Valverdek ongi daki aurkariaren berri: «Glasgow Rangers Europako talde onenetakoa da kontraerasoan, eta espazioak ixtea eta baloia azkar berreskuratzea izango da gure lan nagusia. Atzean sartu ohi diren taldeen kontra jokatzea kosta egiten zaigu sarritan, eta argitasuna beharko dugu gola sartzeko».

Rayori irabazteak mesede

Konfiantza berreskuratuta egongo dira zuri-gorriak. Azken partidetan kamuts ari ziren ate aurrean, baina garaipen bikaina eskuratu zuten joan den igandean, Rayo Vallecanoren aurka: 3-1. Valverdek uste du garrantzitsua dela hain neurketa garrantzitsura ondo iristea. «Guk gure plana dugu buruan, eta jokalariak konfiantzaz ikusten ditut. Rangersi errespetu izugarria diogu. Nola ez, duela hiru denboraldi Europa ligako finala jokatu zuen eta. Neurri handiko aurkaria da, baina esango nuke momentu onean gaudela, eta zaleen babesa ezinbestekoa izango da. Ea San Mamesek beste gau magiko bat oparitzen digun».

Hamaikakoari dagokionez, Iñaki Williamsek eta Yurik parte hartuko duten zalantzan egongo da azken ordura arte, biak baitaude min hartuta. Rangersen, berriz, fresko iritsiko dira ohiko jokalari guztiak, aulkian geratu baitziren asteburuan. Eskoziako taldearen 4.000 zale espero dira gaur Bilboko kaleetan. Horietatik 2.600ek dute partida ikusteko sarrera. San Mamesera joango diren zaleak Iparragirre kalean bilduko dituzte, 18:00etan, ertzainez eta udaltzainez inuguratuta, San Mameserako bidea egiteko. Trafikoa itxi egingo dute bertan, baita San Mames inguruetan ere. Bi ordu lehenago sartuko dira estadiora. San Mames inguruko hesien altuera igo egin dute, segurtasun neurriak zorrozteko. Zaleek hortik igaro beharko dute. Bestalde, Rangersen zale talde batek Erandioko dantzaleku bat alokatu du, partida bertan ikusteko. Zale horiek ez dute sarrerarik.

Athletic-Rangers

Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Ruiz de Galarreta, Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams; eta Maroan.

Rangers: Kelly; Tavernier, Nsiala, Souttar, Balogun, Yilmaz; Raskin, Barron, Diomande; Cerny eta Dessers.

Lekua: San Mames (53.289 ikusle)

Epailea: Irfan Peljto (Bosnia)

Ordua: 21:00 (Movistar+)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.