Estu eta larri Espainia, Greziari 73-71 irabazita, eta askoz erosoago Frantzia, Letonia 84-70 mendean hartuta. Espainiak eta Frantziak jokatuko dute Europako Saskibaloi Txapelketako lehen finalerdia, bihar, 21:00etan. Tentsio handikoa izan zen Espainia eta Greziaren arteko partida, baina, gehienetan bezala, Pau Gasolek sortu zuen desoreka —27 puntu, bederatzi errebote, eta hiru asistentzia—. Defentsan aurreko partidetan baino sendoago aritu zen Sergio Scarioloren selekzioa, eta ekarpen handia egin zuten Nicola Miroticek —hemezortzi puntu— eta Sergio Rodriguezek ere —hamar puntu, hiru errebote eta bost asistentzia—.
Frantziak, berriz, eroso samar irabazi zion Letoniari, lehen bi laurdenetan sufritu arren. Tony Parker esnatzea nahikoa izan zen partida hausteko —hemezortzi puntu, errebote bat eta sei asistentzia—. Gaur jokatuko dituzte final-laurdenetako beste bi partidak. Serbia eta Txekiar Errepublika ariko dira lehen partidan (18:30), eta Italia eta Lituania bigarrenean (21:00). Bi selekzio irabazleek etzi jokatuko dute bigarren finalerdia (21:00).
Euskal taldeen fitxaketak
Denboraldi-aurreko lanari ekin berritan, egiturak osatzen jarraitzen dute euskal taldeek, eta fitxaketa bana egin zuten atzo Retabet.es Gipuzkoa Basketek eta Laboral Kutxa Baskoniak —lagunartekoa jokatu zuten arratsaldean, eta gasteiztarrak nagusitu ziren, 74-78—. Ivan Johnson 31 urteko pibot estatubatuarra donostian ariko da sasoi honetan. 2,03 metro da luze, NBAn aritutakoa da —2012an eta 2013an, Atlanta Hawksen—, eta izaera liskartsua izan du talde askotan.
Gasteiztarrek, berriz, Jaka Blazic hegaleko esloveniar fina fitxatu dute. 25 urte dauzka, eta 1,96 metro da luze. Batez beste, hamahiru puntu, 3,8 errebote eta asistentzia bat lortu berri ditu jokoan den Europako Txapelketan, Esloveniako selekzioarekin. Izar Gorrian jokatu zuen joan den denboraldian.
Europako Txapelketako finalerdietan dira Espainia eta Frantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu