Bolada onari eusten ari zaio Reala, eta dinamika on horrek ligako hirugarren postura eraman du talde txuri-urdina. Madrilen aurka jokatu du gaur, Espainiako hiriburuan, eta 0-2ko emaitza lortu dute txuri-urdinek, baita hiru puntu poltsikoratu ere. Nerea Eizagirrek aldarazi du markagailuan lehendabizi, 33. minutuan, eta 0-1 iritsi dira atsedenaldira. Partida amaitzear zela, 0-2koa egin du Lucia Pardok, 92. minutuan, eta hiru puntuak ziurtatu.
Realak aukeraren bat izan du partidaren hasieran, baina, handik gutxira, Madril jabetu da baloiaz. Aukeraren bat ere izan dute madrildarrek markagailuan aurretik jartzeko, Malou Marcettok langara bota baitu areatik kanpoko jaurtiketa. Handik gutxira, Realeko kapitainak, Nerea Eizagirrek, Madrilgo defentsa baten alderatzea jaso du arearen ertzean, eta baloia sareratu du, zutoinari ondo itsatsita. Madrilek erasoan jarraitu du golaren ostean, eta gola sartzear izan dira berriro, baina ez dute lortu.
Bigarren zatian, bi taldeek aukera gutxiago izan dituzte, eta, partida amaitzear zela, Realaren kontraeraso batean Lucia Pardok baloia jaso du eskuin hegalean, arearen ertzean, eta, barrura errekortea eginda, ederki aprobetxatu du nagusitasuna: baloia eskuairatik sartu, eta gola egin du. Barkamena eskatu du gola sartzean, Madrilgo taldean jokatutakoa baita.
Europa eta derbia
Azken bost partidetatik lau irabazi ditu Donostiako taldeak, eta Bartzelonaren aurka baino ez du galdu, ligako partida guztiak ─hamasei partida─ irabazi dituen taldearen aurka. Bost partida horien aurretik ere, Reala ez zebilen gaizki, baina bolada on horrek Europako postuetara eraman du. Bartzelona eta Real Madril ia harrapaezinak dira, lehenak 48 baititu —ligako liderra da—, eta bigarrenak 40. Realak 32 ditu, eta atzetik ditu Atletico Madril eta Athletic, biak ala biak 29 punturekin; denek jokatu dituzte hamasei partida.
Athleticek gaur Realarekin berdintzeko aukera du Lezaman (ETB1, 12:00), Eibarren aurkako derbian. Partida irabazten badute, zuri-gorriek berdindu egingo dituzte donostiarrak; hori bai, partida bat gehiago jokatuta. Bestalde, Eibar sailkapenaren beheko postuetan bada ere, jaitsiera postuak nahiko atzean ditu, Levante baita jaitsiera markatzen duen lehen taldea, 10 punturekin; Eibarrek, berriz, 17 puntu ditu. Talde zaila izango dute aurrean eibartarrek, etxetik kanpo gainera, baina punturen bat lortuz gero aurrerapauso handia egingo dute lehen mailan jarraitzeko.