Badirudi bolada txarra pasatu dela. Azken asteak gogorrak izan dira Realarentzat: neurketa mordoa jokatu dituzte txuri-urdinek, eta ligan, bederen, emaitzak ez dira onak izan. Azken bi norgehiagokak, halere, irabazi egin dituzte, eta Real Madrilen kontra Espainiako Kopan egindako partidatzarra ere kontuan hartuta, esan daiteke Imanol Alguacilen taldea bide onera itzuli dela. Gaur 1-3 irabazi dute Las Palmasen aurka —kanariarrak jaitsiera postuetan dira—.
Dena den, Realak asko sufritu du lehen zatian. Partida hasi eta bi minutura, Remirok sekulako geldiketa egin dio abagune mordoa huts egin dituen jokalari bati, Fabio Silvari; atezain nafarrak erakustaldia egin du. Donostiarrek bosgarren minutuan hartu dute aurrea markagailuan. Barrenetxeak egin du jokaldia ezker hegaletik, atezainak haren errematea geratu du, baina, aldaratzean, Oiartzabal gainontzekoak baino azkarrago ibili da, eta baloia sareetara bidali du. Kapitainak aurten egin duen hamabosgarren gola da.
Lehen 45 minutu horien onena horixe izan da: emaitza. Las Palmasek ez du izugarrizko nagusitasunik erakutsi jokoan, baina etengabe topatu dute modua Realeko atzelariei min egiteko, eta izan dituzte lauzpabost gol aukera garbi. Silvak zutoinera bidali du bat.
Bigarren zatia bestelakoa izan da; Realak kontrolpean izan du neurketa une oro. 55. minutuan sartu du bigarrena Sergio Gomezek, kontraeraso batean, Barrenetxeak beste jokaldi bikain bat eginda. McBurniek 59.ean sartu du Las Palmasen gola, baina 67.ean erantzun du Jon Mikel Aramburuk. Alboko sake batean inor baino azkarrago ibili da, eta Venezuelan jaiotako jokalariak bere lehen gola egin du elastiko txuri-urdina jantzita.
Azken minutuak, lasai
Hortik aurrera, indarrak ahitu zaizkio Las Palmasi. Erasoan arrisku gutxi sortu du, eta Realak gol gehiago sartzeko aukerak izan ditu kontraerasoan. Kubori gol ikusgarri bat baliogabetu diote jokoz kanpo zegoelako, eta Oskarssonek zutoinera bidali du jaurtiketa bat.
Gaurko hiru puntuak garrantzitsuak dira Realarentzat, modua eman baitiote bete-betean sartzeko Europarako sailkatzeko postuen lehian. Orain zortzigarren dira sailkapen nagusian, 41 puntu batuta.