Albiste bikaina realzaleentzat. Talde donostiarrak Betisi irabazi dio, Sevillan, eta, horri esker, ziurtatu egin du seigarren postua lortzea Espainiako Ligan eta Europako Ligan jokatzea.
Zalantzarik utzi ez duen emaitza: 0-2. Brais Mendezek sartu du lehena, eta Mikel Merinok bigarrena. Biak lehenengo zatian. Ez du egun ona izan Betisek. Penaldi bat huts egin dute, eta gol bat baliogabetu diete.
Lehia handiko partida zen: bi taldeek nahi zuten seigarren postua eskuratu. Azkenean, Realak puntu bat gehiago izango du, datorren astean jokatuko den azken jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela.
Ez zen, printzipioz, erronka erraza Realarentzat. Izan ere, txuri-urdinek ez zioten Betisi irabazten 2020. urtetik. Gainera, jokalari falta zituen taldeak: besteak beste, Martin Zubimendi, Javi Galan eta Igor Zubeldia.
Denbora alde izan dute donostiarrek. Lehenengo gola 5. minutuan sartu du Mendezek, falta bat jaurtita.
Golak akuilatu egin du Betis, eta sartzeko zorian egon da 40. minutuan. Baina Alex Remiro atezainak baloia desbideratu du, eta zurtoinean jo du.
Edonola ere, Realak bigarren gola lortu du atsedenaldira joan aurretik.
Bigarren zatian, markagailua berreskuratzera atera da Betis, baina ez da ondo antolatu.
Hamari Traoreri eskua erabiltzea egotzi dio epaileak, eta Realaren kontrako penaltia ebatzi du. Ez Abde saiatu da orduan Remiro engainatzen, baina alferrik.
Eskua eskuaren truke gertatu da orduan. 79. minutuan gola sartu du Ayoze Perezek, baina epaileak, kamerekin kontsultatu ostean, erabaki du jokalariak eskua erabili duela jaurti aurretik.
Ondoren, Realak emaitza sendo defendatu du.