Hasteko zorian dago sasoi honetako Euroliga, eta aste honetan ekingo diote 34 partidako lehen faseari. Jokalarien mugimenduen ondorioz, nabarmen aldatu da txapelketako botere-balantza, eta are zailagoa da aurreikustea datorren maiatzean Berlinen txapeldun zein talde izango den.
HAUTAGAI NAGUSIAK
Ohi baino oilar gehiago
Hautagai asko eta titulu bakarra formatu berria izango duen txapelketa berri batean. Formatu aldaketa horrek kanporaketen itxura besterik ez du aldatuko. Antzina, zortzi talde onenak sailkatzen ziren kanporaketetara. Baina lehia interesgarriago egite aldera, bederatzigarren eta hamargarren sailkatuak ere aukerak izango dituzte aurrera egiteko. Laburbilduz, NBAko play-in formatua egokitu dute Euroligara. Horrela, zazpigarren sailkatuak kanporaketa bat jokatuko du hamargarrenaren aurka, eta berdin egingo dute zortzigarrenak eta bederatzigarrenak.
Real Madrid da denboraldi honetan ere faborito nagusia. Txapelketako garaile historikoak, joan den denboraldian Lituanian lortutako koroa defendatzea du helburu. Dzanan Musak, Mario Hezonjak, Sergio Rodriguezek, Sergio Llullek eta Rudy Fernandezek osatzen duten taldearen bizkarrezurrari Facundo Campazzoren itzulera gehitu behar zaio. Horrek taldearen talentua handitu du. Joko-antolatzaile argentinarra Gabriel Deck herrikidearekin elkartuko da berriro, Guerschon Yabusele eta Walter Tavares buru dituen barneko jokoa baloiez hornitzeko.
Monakok gora egiten jarraitzen du apustuetan. Aurreko denboraldian Lauko Finalean sartzea lortu zuen, eta taldea indartzen jarraitu du urtetik urtera. Orain, Sasa Obradovicen taldea beste pauso bat ematen saiatuko da, eta Kemba Walkerren fitxaketa baliatuko du jauzia emateko.AEBetako izarra Europan nabarmendu den beste izar batekin elkartuko da: Mike Jamesekin. Elie Okoborekin eta Jordan Lloydekin batera, talentuz betetako kanpoaldea osatuko dute. Barrutik, John Brown III.aren, Alpha Dialloren eta Donta Hallen fisikoak jarriko dute kontrastea.
Panathinaikos ere, aspaldiko partez, titulurako hautagai nagusietako bat izango da. Atenasekoek, denboraldi etsigarri batzuk atzean utzi, eta elitearekin bat egin nahi dute berriro. Horretarako, Ergin Atamanen esku utzi dute proiektua, Anadolu Efesekin birritan txapeldun izandakoa. Turkiarra arduratuko da uda honetan akropolira iritsi diren pieza berriak elkartzeaz. Kostas Sloukas, Juancho Hernangomez, Luca Vildoza eta Mathias Lessort fitxaketa berriak zazpigarren Euroligaren bila arituko dira, hamarkada bateko lehortearen ostean.
Lauko Finalaren azken bi aldietan izan da Bartzelona, eta faboritoengandik gertu jarraitzen du, baina ikusteko dago nola moldatuko den Roger Grimauren aginduetara. Grimauk lehen esperientzia du elite mailako aulki batean. Lehengo denboraldiko blokea mantendu dute, eta Willy Hernangomezen eta Jabari Parkerren fitxaketek are gehiago indartzen dute taldea.
Horiez gain, badaude beste maila bateko hautagaiak. Agian lehen postua irabazteko borrokan ariko ez direnak baina aurkari gogorrak izango direnak. Horietako bat Fenerbahçe da. Bikain orekatutako taldea osatu du. Bertan, ezaugarri asko dituen kanpoaldea nabarmendu behar da. Scottie Wilbekinek, Tyler Dorseyk eta Marco Guduricek osatzen dute turkiarren kanpoko joko hori. Hala ere, Dimitris Itudisenjokalarien potentzial nagusiabarne jokoan dago, Jonathan Motley, Sertac Sanli eta Georgios Papagiannis jokalariek osatzen dutena.
NBA-TIK LEHORRERATUAK
Modan dago Europa
Europako jokalari handiek NBAra egin ohi duten mugimendua uda honetan ere gertatu da. Azken bi denboraldietako Euroligako jokalari baliotsuenek, Vasilije Micicek eta Sasha Vezenkovek, pausoa eman dute munduko saskibaloiko ligarik onenean aritzeko. Hala ere, 2023ko merkatua Europako saskibaloira izen ospetsu batzuk iristeagatik ere gogoratuko da, NBAn esperientzia handia duten jokalariak.
Udako ezustekorik handiena, beharbada, Monakok eman du Kemba Walkerren fitxatuta. Lau aldiz NBAko All Star izan da, eta Euroligako titulurako hautagai nagusi batean jokatuko du. Fisikoki arazorik ez badu, zeresan handia eman dezake txapelketan.
Beste ezusteko handi bat Bartzelonak eman du. Urte eta erdi baino gehiago partida ofizialik jokatu gabe zegoen Jabari Parker estatubatuarra fitxatu du. Denbora asko pasatu du kantxetatik at, baina talentua ez zaio falta, eta ACB ligan jokatu dituen lehen partidetan bikain aritu da. Bartzelonak arrisku handia hartu du, baina, lesio arazorik ez badu, fitxaketa bikaina izan daiteke. Harekin batera, Willy Hernangomez fitxatu du Bartzelonak, barruko jokoa oraindik ere gehiago indartzeko. Eta hura, gainera, bai dela apustu ziurra. Kataluniako taldeak azken Europako txapelketako jokalari onenaren aldeko apustu sendoa egin du, eta hark Europara itzultzea erabaki du NBAn zazpi denboraldi eman ondoren.
Beste mugimendu esanguratsu bat haren anaiarena izan da. Juancho Hernangomez anaiarekin batera iritsi zen NBAra, eta Europara ere aldi berean itzuli da. Panathinaikosen jokatuko du, denboraldi honetako proiektuetatik interesgarriena.
Europara itzuli den azken izarra Serge Ibaka izan da, hamalau denboraldi NBAn egin ostean. Euroligan azken partida jokatu eta ia hamabi urtera, Ibaka Bayern Munichen eskutik itzuli da txapelketara. Gainera, lehen aldi hartan aritu zen entrenatzaile berarekin: Pablo Lasorekin. Sasoiko egonez gero, defentsan nabarmendu daitekeen jokalaria izan daiteke.
BASKONIA ERABERRITU BAT
Bertsio onena eman behar
Baskoniaren sasoi berriak aurreko sasoiko ildoarekin jarraitzeko balio behar du, eta erdibidean geratu zena hobetzeko. Joan Peñarroyaren taldea ezin izan zen une garrantzitsuetan espero bezala lehiatu. Euroligari dagokionez, txapelketa osoa lehen zortzietan sailkatuta egon ondoren, kanporaketetatik kanpo geratu ziren azken jardunaldian.
Orain, aurreko denboraldiko lana berresten saiatuko dira, hainbeste gau gogoangarritan egindako joko ona berriro eginez, saskiratzeekin segituz eta jokoan ondo sentituz. Horretarako, funtsezkoa izan dute taldea handitzea; izan ere, iaz larri ibili ziren garai garrantzitsuetan. Adibidez, asko sufritu zuten Pierria Henry zigortu zutenetik. Era berean, Darius Thompson —denboraldi honetan ez da izango— askotan oso bakarrik egon zen antolatzaile postuan, eta zuzendaritzak postu hori indartzea zuen betebeharren artean. Gainera, Rokas Giedraitisek ez du jarraituko, eta, halako zutabe baten izaera mantentzeko, beste jokalari batzuk fitxatu dituzte.
Denboraldia hasi bada ere, teorian beste fitxaketa bat egitekoa dute antolatzaile posturako. Denboraldiaurrean taldearekin aritu zen Hugo Besson frantziarra, baina ez da Peñarroyaren gustukoa, eta Baskoniak AEBetako jokalari batentzako tokia du oraindik. Antolatzaile posturako bi jokalari iritsi dira; Mannion italiarra, eskolta moduan ere joka dezakeena, eta Miller-McIntyre. Baina beste tankera bateko jokalaria falta da.
Eskolta postu horretan puntu asko daude Markus Howard bezalako izar batekin, baina jadanik ez da ustekabea izango aurkarientzat, eta zaintza handiagoa izango du gainean. Postu hori osatzen Vanja Marinkovic izango da. Talde barruan pisua duen jokalaria da, eta Munduko Kopan zilarra lortu ondoren dator. Hegaleko postuan Europako saskibaloiko altxorretako bat fitxatu du Gasteizko taldeak, Rogkavopulos greziarra. Maisu moduan Tadas Sedekerskis izango du, Euroligako jokalari gogorrenetako bat.
Hegaleko pibotean beste izen berri bat Chima Moneke da. Fisikoa eta errebotea emango ditu, eta haren bizitasuna ezaguna da jada Europako kantxa askotan. Matt Costellorekin partekatuko du postua. Pibot posturako ere energia eta fisikoa lehenetsi ditu Baskoniak: Khalifa Diop gaztea fitxatu du.
Euroliga funtsezko erakusleihoa izango da haientzat. Antolatzaile bat gehiagorekin taldea oso handia geratuko da, aipatutakoei Kotsar edo Dani Diez batu behar baitzaizkie. Lupa Peñarroyan bertan ere egongo da jarrita; izan ere, ekainean irteerako arrapalan egon zen, eta azkenean aulkian jarraitzen du, nahiz eta dagoeneko emaitzak beharko dituen indarra hartzen jarraitzeko. Euroligako batez besteko maila nabarmen hobetu da, logikoena Armani Milanek, Efesek, Bayern Munichek eta bereziki Panathinaikosek hobeto jokatzea delako. Beraz, Baskoniak sasoi hasieratik lortu beharko ditu emaitza onak.
EUSKAL HERRITARRAK
Ordezkaritza handitu da
Euskal herritarrei dagokienez, gehiago izango dira aurtengo Euroligan. Pablo Laso itzuli egin da, eta Bayern-en entrenatzailea izango da. Horrez gain, Dario Brizuela donostiarrak lehen aldiz jokatuko du txapelketa, Bartzelonarekin fitxatu ostean. Errepikatzen duen bakarra Xabi Lopez-Arostegi getxoztarra da, beste urte batez Valentziarekin ariko dena.
Europako kantxak izarrez beteko dira
NBAtik izar ugari joan dira Euroligako taldeetara, eta talde gehienak nabarmen indartu dira. Real Madril, Bartzelona, Panathinaikos eta halako erraldoien artean, Baskonia bere tokia egiten saiatuko da orain ere. Lehen partida ostiralean jokatuko du, eta azken garailea izango du aurkari, Real Madril.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu