Euskal Herrian euriak ez du bustitzen lehen bezala; hego haizearekin, lokatza lehortuta dago. Kendu zioten Asteasu nazioarteko egutegi erakargarriari. Kendu zioten Igorre Munduko Kopari. Eta izoztuta geratu zen euskal egutegia. Bai, jendetza polita biltzen da, oraindik ere, etxeko proba horietan. Errepidea eta ziklo-krosa, biak maite dituzte euskal txirrindularitza zaleek. Baina sona gutxiko garaipenekin nekatuta, eta aurrerapausoak emate aldera atzerrira joan beste erremediorik ez dagoela ulertuta, euskal ziklo-kroslaririk onenak Europako giro hotzean saiatuko dira barrua berotzen. Etzi Valkenburgen (Herbehereak) jokatuko den Munduko Kopako lehen probarekin hasita. Beheraxeago daudenen baimenarekin, gaur-gaurkoz hiru izen ageri dira besteen gainetik: Egoitz Murgoitio (Hirumet), Aitor Hernandez (Aitor Hernandez Team) eta Javier Ruiz de Larrinaga (MMR Spiuk). Jonathan Lastra (Hirumet) 23 urtez azpikoen mailan ariko da berriz, baina hiru horiei podiumeko koskak lapurtzen hasi beharko luke laster.
Euskal ziklo-kroslarien artean atzerriko kontuez Murgoitiok daki gehien, urte asko daramatzalako, dagoeneko, Munduko Kopetan lehian. «Eta beste pauso bat eman nahiko nuke denboraldi honetan. Lehen hamabosten artean sartzeak izan beharra dauka gure helburua, eta tarteka, zirkuiturik egokienetan, hamar onenen artean tokia egitea». Nazioarteko gorengo lehiaketa horri begira jarrita dago abadiñarra. «Federazio Kopako lehen proban ez nintzen lehiatu, eta zaila izango da puntu horiek berreskuratzea». Munduko Kopa lehenetsita, Federazio Kopako eta euskal egutegiko «ahalik eta lasterketa gehienetan» besoak altxatzen saiatuko da.
«Aurreko denboraldian belaunean izan nituen arazoak ahaztuta, prestaketa lanean ez dut izan inolako arazorik. Eta inoiz baino proba gehiagotan parte hartu dut afizionatuetan eta mendiko bizikletan». Murgoitioren aitorpen horren erakusgarri, oso goitik ekin dio bizkaitarrak denboraldiari. Hirugarren Badenen (Suitza); laugarren Unicoven (Txekiar Errepublika); garaile Udica-Prostneneko (Eslovakia) lehen saioan eta bosgarren bigarrenean; eta, zulatu baten eraginez, laugarren Saint Etienne les Remiremonten (Frantzia). «Ez dut uste mendiko bizikletan teknika hobetu izanaren ondorioa bakarrik denik; urteroko lanaren emaitza da. Indartsu hastea zen helburua, aurreko denboraldiko sentsazio txar haiek ahazteko».
Iragan hurbileko sentipen onei eusteko helburua Aitor Hernandezek dauka. Egungo Espainiako txapeldunak irabazi zuen Federazio Kopako lehen lasterketa, urriaren 6an, Oviedon (Espainia). Eta joan den asteburuan ere nagusi izan zen Villa de Llanesen (Espainia). Munduko Kopako probekin alderatuta, bizpahiru maila baxuago daude horiek. Baina joan den sasoiko erakustaldi berberak emanez hasi da ermuarra. «Aurreko denboraldian oso goian jarri nuen langa, eta zaila izango da hura berdintzea». Etxeko epeletik aterata Europan zaildu nahi du bizkaitarrak. «Gure mugak non dauden ikusteko». Munduko Kopakoren batzuk eta nazioarteko egutegikoak egiten saiatuko da. «Ea gai garen Europan lehen 10-15en artean sartzeko».
Larrinaga, 18. Ardooien
Murgoitioren pare, Oviedon sartu-irtena eginda, Europako lasterketetan ekin dio lehiari Ruiz de Larrinagak. Belgika aldean aritu zen joan den asteburuan: 17. amaitu zuen Dottigniesen —Marcel Meisen alemaniarra nagusitu zen—, eta 21. Ronse-Kluisbergenen—Sven Nys belgikarrak irabazi zuen—. Atzo, berriz, Valkenburgeko Munduko Koparen atarian, Ardooien (Flandria) parte hartu zuen, eta 18. amaitu zuen —Klaas Vantornout izan zen onena—. «Munduko Koparen eta Europako beste proba batzuen eraginez, etxeko batzuk galduko ditugu. Baina Federazio Kopan eta Espainiako Txapelketan ondo ibili nahi dut. Nazioartean beste pauso bat eman nahiko nuke».
Nazioartean Sven Nys eta Niels Albert belgikarrak dabiltza denen ahotan. Hori bai, atzo Vantornoutek aurrea hartu zien biei, eta gertutik zaindu beharrekoak dira Kevin Pauwels belgikarra eta Lars Van der Haar herbeheretarra ere. Munduko Kopa amaituta, Hoogerheiden (Herbehereak) jokatuko da Munduko Txapelketa, 2014ko otsailaren 1ean eta 2an.
Europako hotzetan berotu nahi dute
Etzi hasiko da ziklo-kroseko Munduko Kopa, Valkenburgen, eta Niels Albert eta Sven Nysen arteko buruz burukoa espero daMurgoitio, Hernandez eta Ruiz de Larrinaga dira, beste behin, euskal ordezkari onenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu