Athleticek eta Realak irabazi egin zuten ostegunean Europa ligan. Garaipen garrantzitsuak izan ziren biak. Gaur horrek emandako bultzada baliatu nahi dute ligan. Zuri-gorriek Rayori egingo dio bisita (DAZN, 18:30), eta txuri-urdinek Betis hartuko dute (La Liga, 21:00).
Europan jokatu osteko ligako partidetan, irabazi ezinik dago Athletic. «Horrekin arazo bat dugula esateko, partida batzuk itxaron behar dugu. Kontuan izan neurketa horietako bi luzapenean galdu genituela, eta berdinketaren bat ere lortu dugula», adierazi zuen atzo Ernesto Valverdek. Rayoren inguruan hau nabarmendu zuen: «Oso ondo heltzen die partidei, joko zuzena egiten du, eta, berehala ekiten dio erasoari».
Realak, berriz, datorren denboraldian Europan jokatzeko aukera emango lioketen postuetara gerturatu nahi du berriro ere. Betis aurkari zuzena da borroka horretan. Espainiako taldeak ere denboraldi gorabeheratsua izan du orain arte, baina Imanol Alguacil ez da fio: «2019tik ez diogu irabazi etxean. Ondo eta lehiakor jokatu beharko dugu. Ligan bigarren garaipena lortu nahi dugu segidan etxean». Luca Sucic deialditik kanpo geratu da, gaixo baitago. Deialdian dira, aldiz, Urko Gonzalez de Zarate eta Alvaro Odriozola. Bestalde, Pablo Marinek 2028 arte luzatu du kontratua Realarekin.