Datorren astean beteko du urtebete futbol talde baten aulkian eseri gabe Jose Angel Ziganda Kuko-k (Larraintzar, Nafarroa, 1966). Huescan kargugabetu zutenetik, futbola ikusten eta aztertzen eman ditu orduak eta orduak, baina beste talde bat zuzentzetik gertu dago. Bidaia batean dago: «Ezin dut ezer aurreratu». Bien bitartean, ilusioz gainezka dago Athleticek Europako abenturari ekingo diolako. Zuri-gorriek azkenekoz Europan jokatu zutenean, Ziganda bera zen entrenatzailea. Sei urte eta erdi igaro dira ordutik.
Zure arrastoa galdua zuten askok azken urtebetean. Zer bizimodu daramazu?
Larraintzarren bertan bizi naiz, eta lehenago egiten ez nituen gauzak egiteko baliatu dut azken urtebetea: familiarekin egon, lagunak bisitatu, lasterka zein bizikletan ibili… Hori bai, futbolak izan du lehentasuna. Langabezian dagoen entrenatzaile bat naizenez, futbola ikusten denbora asko igaro dut. Nire bihotzeko taldeak izaki, Osasuna eta Athletic ikusi ditut gehien. Horixe da nire pasioa, eta espero dut langabezian luzaroan ez egotea. Klub batekin akordioa lotzear nago.
Osasuna, Xerez, Athletic, Oviedo eta Huesca. Talde horiexek entrenatu dituzu. Nolako balantzea egiten duzu zure lanaren inguruan?
Sentitzen dut pribilegiatu bat naizela, gustatzen zaidan lana egiten dudalako. Emaitzei dagokienez, denetarik izan dut, baina seme-alabei erakutsi diet gauzak nahi bezala ateratzen ez direnean ere lanean jarraitu behar dela. Athletici begira jarrita, egia da denboraldi zaila izan nuela eta izugarri sufritzea egokitu zitzaidala, baina ez naiz ezertaz damutzen. Gorabehera ugari bizi izan genituen, baina handik ere asko ikasita irten nintzen.
Athleticek Europan jokatu zuen azkeneko partidan zu zeu zinen entrenatzaile, eta final-zortzirenetako itzulerakoan zaleek txistuka agurtu zuten taldea: Olympique Marseillaren aurka geratu zineten kanpoan. Nola gogoratzen duzu San Mamesen gertatua?
Ernesto Valverderen lekukoa hartu nuen, eta hark urte izugarriak egin zituen aulkian. Ondorioz, ez nintzen edozein tokitan sartu. Gauza batengatik edo besteagatik, kontuak ez ziren nahi bezala joan, eta lo asko galdu nuen. Athleticen bigarren taldean urte zoragarriak egin nituen, baina lehen taldean ez. Sinatuko nukeen gauzak ongi joatea, baina futbola halakoxea da. Onartu beharra dago. Bilbora joaten naizen bakoitzean oso maitatua sentitzen naiz, eta horrek balio dit. Jendearen hurbiltasuna sentitzen dut. Hori bai, oroitzapen hobeak utzi nituen jokalari gisa entrenatzaile gisa baino.
«Bilbora joaten naizen aldiro jendearen hurbiltasuna sentitzen dut. Hori bai, oroitzapen hobeak utzi nituen jokalari gisa entrenatzaile gisa baino»
Zazpi denboraldiz jokatu zenuen Bilbon, eta makina bat gol sartu zenituen. Gol horietan garrantzitsuena Newcastleri sartutakoa izan al zen?
Azaroan beteko dira 30 urte gol hura sartu nuela, eta jendeak oraindik gogorarazten dit San Mamesen bizitakoa. Gol hari esker UEFAko final-hamaseirenetako kanporaketa gainditu genuen Newcastleren aurka. Halere, ez zen hura izan gol inportanteena. Nik gehien oroitzen dudana zera da, Rayo Vallecanori hiru gol sartu nizkiola mailari eusteko borrokan ginela. Une zailak izan genituen, eta hiru gol haiei esker arnasa lasai hartzea lortu genuen.
Egungora etorrita, aspaldiko partez Europako abenturari ekingo dio Athleticek. Nola ikusten duzu taldea?
Behetik gora doa nabarmen. Atletico Madrilen kontra 0-1 galdu arren, beste bizitasun bat antzeman zitzaion taldeari, eta gerora hiru partida jarraian irabazi ditu. Iragan sasoiko taldearen antza hartzen hasia da jada. Jokalari garrantzitsuenak fisikoki euren onera etortzen hasi dira, eta garai onean iritsi da Erromaren aurkako partida. Gustua ematen du Athletic ikusteak. Talde bertikala da, elektrizitatez josia, eta ez da kasualitatez Espainiako Kopako txapelduna. Ligan ez ezik, Europan ere lan ona egin dezake.
Lan ona egitea gauza bat da, eta txapeldun izatea beste bat. Europa ligako finala San Mamesen izaki, jendea ilusioz dago. Baina Athleticek ba al du gaitasunik hain urrun iristeko?
Printzipioz baietz ematen du, baina bidea oso luzea da, eta gauza askok lagundu behar dute. Hasteko, uste dut gidaririk onena duela taldeak: Valverde. Elkarrekin jokatzen genuenean ez nuen usteko inoiz futbol entrenatzailea izango zenik, eta begira noraino heldu den. Kuriositate handiko pertsona zen, eta gustatzen zait nola kudeatzen dituen multzoak. Eta, bestetik, kalitate handiko belaunaldia elkartu da: Williams anaiak, Sancet, Vivian… Izugarria da jokalari horien joa. Halere, esandakoa berretsiko dut, gauza askok lagundu behar dutela. Otsail inguru horretan taldea ongi egotea da gakoa, eta lesioek laguntzea ere bai. Fisikoki eta mentalki bide gogorra izango da. Esaterako, Olympique Marseillaren aurka kanpoan geratu ginenean, sasoiko garairik txarrena tokatu zitzaigun guri, eta garesti ordaindu genuen.
«Nico Williamsi eskertu egin behar zaio Bilbon geratzea erabaki izana, eta ea ez den soilik urtebeterako izaten»
Bizpahiru urtean errotik aldatu da Athleticen egoera. Zerk ekarri du hobekuntza nabarmen hau?
Dudarik gabe, erasoko lerroak. Gola da klubek merkatuan gehien ordaintzen dutena, eta harrigarria da Athleticek arlo horretan zenbateko hobekuntza egin duen. Adurizen garaitik ez zegoen aurrelari jakinik, eta Guruzetaren lana aipatu nahi nuke. Zuzendaritza etorkizun handiko taldea eraikitzen ari da, eta proiektu interesgarria sortzen. Orain inork ez du auzitan jartzen filosofiaren kontu hori, eta horixe da albiste onena.
Gabarra uretan ikustean inbidiarik sentitu al zenuen?
Bai, baina izugarri gozatu nuen. Taldeak merezi zuen halako egun bat. Kopa irabaztea gauza handia izan zen, eta handia izan da Nico Williamsek Bilbon jarraitzea erabaki izana. Julen Guerrerorekin antzerako zerbait bizi ahal izan genuen guk, eta aurtengo udan Athletici buruz hitz egin den guztiak orduko garaiak gogorarazi dizkit. Nico Williamsi eskertu behar zaio erabaki hori hartu izana, eta ea ez den soilik urtebeterako izaten.
Sancetek ez du bidaiatu Erromara
Sei urte eta erdiren ondoren, Athletic gaur itzuliko da Europa ligara, eta klub historiko bati egingo dio bisita. Erromaren zelaian jokatuko dute zuri-gorriek (21:00. Movistar), eta azken orduko hutsune bat izango dute: Oihan Sancet. Erdilaria orain arteko jokalaririk onena zen taldean, baina gainkarga du ezker hankan, eta Bilbon geratu da. Aitzitik, deialdian dira Nico Williams eta Julen Agirrezabala, baina azken ordura arte ez da jakingo jokatzeko moduan ote dauden. Bilbotik hiru mila jarraitzaile inguru bertaratzea espero da.