Europa ligako azken porrot lazgarrien ondoren, eta lehiaketa horretako ligaxkako azken neurketen aurretik, Realak eta Athleticek hiru puntu eskuratu nahi dituzte Espainiako Ligan. Bi euskal taldeek etxean jokatuko dute gaur, Madrilgo Erkidegoko bi talderen aurka: Getafe eta Leganes.
Realak Getafe hartuko du Anoetan, 16:15ean (DAZN). Txuri-urdinek azken bi partidak ahaztu nahi dituzte: asteburuan Valentziaren aurka 1-0 galdu zuten ligan, eta ostegunean Lazioren aurka 3-1 galdu zuten Europan, denboraldi osoko partidarik okerrenean. Gainera, Europa ligako final-zortzirenetarako zuzenean sailkatzeko aukera galdu zuten.
Imanol Alguacilen taldearen helburua etxeko bolada onarekin jarraitzea da. Aurten Anoetan jokatutako bi partidak irabazi dituzte: Vila-real 1-0 garaitu zuten, eta Rayo Vallecano, 3-1. Gaurko lehiari begira, hala adierazi du Realeko teknikariak: «Erromako neurketa iragana da. Etxean indartsu ari gara, lehiatzen eta partidak aurrera ateratzen. Bide horri eutsi nahi diogu».
Hamari Traore eta Arsen Zakharyan min hartuta daude oraindik, eta deialditik kanpo geratu dira. Maliarra lehen aldiz entrenatu zen taldearekin aurreko astean, baina oraindik itxaron egin beharko du partidak jokatzeko. Urko Gonzalez de Zarate erdilaria ere ez da deialdian egongo, Espanyolera joan baita utzita, ekainera arte. Bestalde, Martin Zubimendik, Ander Barrenetxeak eta Brais Mendezek txartel horia ikusiko balute ez lukete Sadarren jokatuko hurrengo asteburuan.
Getafe hamaseigarren dago sailkapenean. Jose Bordalasen taldeak hamalau gol sartu ditu orain arte ligan, eta, Real Valladolidekin batera, gol gutxien sartu dituen taldea da. Hurrengoa Reala da, hamazazpi gol sartu baititu hogei jardunalditan. Gainera, iazko denboraldian bi taldeak denbora eraginkor gutxien jokatu zuten taldeak dira, hau da, haien partidetan baloia jokoan denbora gutxien izan zuten taldeak.
Madrildarrek Borja Mayoralen falta sumatu dute sasoi honetan. Aurrelari madrildarrak ezker belauneko meniskoa hautsi zuen martxoan, eta urrian berriz ere min hartu zuen. Iaz hamabost gol sartu zituen, eta Zarra saria jaso zuen, ligan gol gehien sartu zituen jokalaria izan baitzen. Aurten, ordea, bi gol sartu ditu ligan sei partidatan. Golegile nagusia Mauro Arambarri erdilaria da, bost gol sartuta. Hala ere, zalantzan dago uruguaitarrak jokatuko ote duen, baita Nyom atzelaria ariko ote den ere.
Txapeldunen ligari begira
Athleticek Leganes izango du aurkari gaur San Mamesen, 18:30ean (Movistar+). Ernesto Valverderen taldeak lehen garaipena lortu nahi du etxean aurten, eta ligako bolada onari jarraipena eman.
Urte hasiera ez da batere ona izan bilbotarrentzat: bi neurketa irabazi ditu, eta hiru galdu. Espainiako Superkopatik at geratu zen Bartzelonaren aurka, eta Osasunak 2-3 garaitu zuen San Mamesen Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Gainera, azken partidan 4-1 galdu zuten Europan, Besiktasen aurka.
Hala ere, Espainiako Ligan 11 partida daramatza jarraian galdu gabe. Gironan galdu zuten azkeneko aldiz, urri hasieran, eta 11 partidatan zazpi garaipen eta lau berdinketa lortu dituzte. Laugarrenak dira sailkapenean, 39 punturekin, Bartzelonarekin batera, eta bosgarren sailkatuari (Vila-real) sei puntu ateratzen dizkiote. Sancet deialdira itzuli da; kanpoan geratu dira, ordea, Djalo eta Ruiz de Galarreta.
Taldea «ondo» dagoela adierazi du Valverdek, eta azpimarratu azken porrotek ikasteko balio behar dietela. Hala ere, Leganesen aurkako partida «zaila» izango dela uste du: «Talde indartsua da».
Borja Jimenez entrenatzailearen taldea hamabosgarrena da sailkapenean, eta 22 puntu ditu. Iaz igo zen lehen mailara, eta oraingoz bere helburua betetzen ari da: mailari eustea. Bost partida irabazi ditu ligan, eta bakarra etxetik kanpo, Bartzelona harritu zuenean. Atletico Madril ere harritu zuen azken jardunaldian, 1-0 irabazi baitzion.
Juan Cruz eskuin hegala da Leganesen izarra, eta hura da gol gehien sartu dituena. Taldean min hartuta dagoen bakarra Enric Franquesa da.
Alavesek, berriz, bihar jokatuko du, etxean, Celtaren aurka (21:00, EITB1).