Oraingoz, behintzat, Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu izanak urduritu egin duenik ez zaio sumatzen. Beti bezain lasai ageri da Itxakoko entrenatzaile Ambros Martin (Arrecife, Espainia, 1968). Ez, ordea, beti bezain zuhur. Erabateko errespetua dio, noski, aurkariari, are gehiago kontuan hartuta Larvik taldea dela Norvegiako selekzioaren oinarria. Ambrosek, hala ere, Itxakok Txapeldunen Liga irabazteko aukerak badituela argi du. Benetan sinesten du hori. Eta sentsazio bera piztu nahi du jokalarien artean. Hori delako, haren ustez, txapela lortu ahal izateko gako nagusietako bat. Jokalari gisa Europako onena izatea zer den badaki Ambrosek, San Antoniorekin. Orain, entrenatzaile gisa du Txapeldunen Liga irabazteko aukera eskura. Finalean gertatzen dena gertatzen dela, uneaz gozatzeak duen garrantzia nabarmendu du.
Kanpotik ikusita, Txapeldunen Ligako bidea erraza izan dela ematen du. Nola bizi izan duzu zuk?
Bizia izan da. Hagitz polita.
Gozatu duzula sumatzen zaizu.
Hala da. Partida bakoitzarekin gozatu dut, aurkari bakoitzarekin. Taldea ondo aritu da lehiaketa osoan. Aurreko sasoian lehen aldiz parte hartu genuen Txapeldunen Ligan, eta akaso, horregatik, eta zorte txarra izan genuelako egokitu zitzaigun multzoarekin, ezin izan genuen lehen ligaxka gainditu. Horrek zalantzaz bete gintuen, ez baikenuen argi zer egiteko gai izanen ote ginen bertze multzo bat egokitu izan balitzaigu. Edo esperientzia gehiago izan bagenu. Denboraldi honetan zalantza guztiak uxatu ditugula uste dut. Taldeak hobera egin du, eta, batez ere, heldutasunez aritu da. Horri esker, emaitza hau da. Finalean gaude.
Denboraldiaren hasieran zuk argi zenuen sasoi honetan Europan nabarmendu nahi zenutela. Horretarako gaitasuna bazenutela argi zenuela sumatzen zitzaizun. Hala zen?
Nik denboraldi hasieran argi nuena zen konfiantza izan behar genuela, eta sinetsi gauza handiak egiten ahal genituela. Lehen bi ligaxkak galtzen hasi genituen, baina taldeak ez zuen amore eman. Alderantziz, porrot horiek pizgarri izan ziren guretzat. Eta hori kontuan hartzekoa da.
Halakoetan sumatu duzu taldearen heldutasuna?
Bai. Halako kontu zehatzetan, bai eta partidetako une erabakigarrietan eta garrantzitsuetan ere. Gainera, partidei banaka heltzen ederki asmatu dugu, eta batean lortutako emaitzak ez du hurrengoan eraginik izan. Hori garrantzitsua izan da. Sasoi honetan lortu duguna berriz lortzea hagitz zaila izanen dela argi dut. Sasoi honetan egin duguna hagitz garrantzitsua da, eta, horregatik, une bakoitza profitatu nahi dugu. Orain dugun aukera guk bilatu dugu, lortzeko borrokatu gara, eta uste dut merezita lortu dugula.
Finalean gogo bera erakutsiko duzuela zalantzarik ez da.
Ez. Gogo izugarria dugu, baina badugu, halaber, gaitasuna. Aurrean munduko talderik onena izanen dugu, Larvikeko jokalariek osatzen baitute, nagusiki, Norvegiako selekzioa, eta selekzio hori da egungo Europako txapelduna. Baina, hala ere, talde horri aurre egiteko gai garela uste dut. Gure esku izanen dela finalean gerta daitekeenaren zati handi baten kontrola. Orain arte bezala, irabaz dezakegula sinestea funtsezkoa izanen da.
Sasoi osoan behin eta berriz erabili duzun hitza da konfiantza. Zure jokalariengan erabateko konfiantza duzula erran duzu hainbat aldiz.
Hala da. Eta hori ere funtsezkoa izan da. Nik konfiantza dut haiengan, eta jokalariek ere erabateko konfiantza dutela erakutsi didate. Beren aukeren eta gaitasunen jakitun direla. Badakigu ez duela beti onenak irabazten, edo aurrekonturik handiena duenak. Finalak ez dituzte izenek irabazten, taldeek baizik. Eta nik uste dut Txapeldunen Liga honetan erakutsi dugula talde izaera errotuen duen taldea dela gurea. Benetako taldea garela, zentzurik zabalenean, eta talde sentimendu hori hagitz agerikoa dela gure artean. Larvik ere halakoa da.
Ongi ezagutzen dute Larvikeko jokalariak.
Ohituta daude talde horretako jokalariak beti elkarrekin aritzera, selekzioan ere elkarrekin aritzen direlako. Udan ere, elkartzen dira lan egiteko. Finala, beraz, hagitz interesgarria izanen da. Ez bakarrik guretzat. Zaleentzat eta eskubaloiarentzat ere bai.
Sumatu zaie taldeko jokalariei sasoi osoan konfiantza hori. Segurtasuna erakutsi dute, eta kontzentratzeko gaitasuna. Lortutako arrakastarekin zer ikusteko handia du horrek?
Zalantzarik gabe. Esparru horretan ere aurrera egin du taldeak. Argi genuen Europan aurrera egiteko hobera egin behar genuela eta, batez ere, eraginkorrago bilakatu behar genuela taldea. Baloirik ez galtzea zen helburua, aurkariari kontraerasoa baliatzeko aukerarik ez emateko. Horretan aritu gara, baina oraindik ere zer hobetu badugula uste dut, eta hobetu beharko dugula finala irabazi nahi badugu. Ez da kontua erasoan hagitz eraginkor izatea bakarrik. Argi izan behar dugu aurrean lehiaketako 6-0ko defentsarik onenetako bat izanen dugula finalean, onena ez bada, beraz, zerbait gehiago behar dugu. Eta zerbait hori da kontraerasoan hagitz eraginkor izatea ere. Baloiak berreskuratu, eta aukera bakoitzari etekin guztia ateratzea da kontua, Larviken defentsa hutsean uzteko. Hor egonen da gako nagusietako bat.
Zazpigarren denboraldia duzu Itxakon. Taldearen azken urteotako txapelak zure eskutik ailegatu dira Lizarrara. Nola ikusten duzu zuk egindako bidea?
Aurrera egin dugu etengabe urteotan. Beti aurrera. Une bakar batean ere ez gara genuenarekin konformatu, eta uste dut hori izan dela arrakastaren giltza. Emaitza gero eta hobeak lortu ditugu, eta, horrekin batera, gure zenbakiak, gure estatistikak ere hobetzea lortu dugu. Sasoi honetan nabarmena izan da aurrera egin dugun urratsa. Gauza bakoitzak, hala ere, bere unea du. Zikloak dira. Eta ziklo hau amaituko da gailurrera ailegatzen garenean, batetik, eta, gailurrera ailegatzeko gai ez bagara, taldearen garapena eten eginen denean, bertzetik.
Azken urteotan izan duzu hainbat eskaintza bertze zenbait talde zuzentzeko, tartean zure talde ohi San Antoniorena. Eta ezetz erran diezu denei. Zer ikasi duzu urteotan guztietan Itxakoren eskutik?
Gauza anitz. Itxakorekin egindako lanak gauza anitz eman dit. Konfiantza eman dit. Aitortu behar dut duela zazpi urte emakumeen eskubaloia erabat ezezaguna zela niretzat. Andrea Barno baino ez nuen ezagutzen. Pixkanaka-pixkanaka nik ere aurrera egin dut, hobetuz joan naiz. Taldeak eman dit aukera eskubaloiaren esparruko hamaika profesionalekin aritzeko. Eman dit aukera beti gehiago lortu nahi izateko, ez etsitzeko. Kirolariei buruz anitz ikasi dut, halaber, eta ikasi dut psikologiak pisu ikaragarria duela kirolaren arlo honetan. Ikasi dut ere emakumeek gaitasun ikaragarria dutela gizonek baliatzen duten indarraren ordez bertzelako bideak bilatzeko eta aurkitzeko. Irakaspen horiek beti baliatu ahal izanen ditut.
Jokalariek final baten aurrean senti dezaketena ederki ezagutzen duzu zuk, egoera horretan izan baitzara hainbat aldiz. Orain entrenatzailearen postuan bizi duzu Txapeldunen Ligako finala. Hala ere, erraz imajina dezakezu Itxakoko jokalariek zer sentitzen duten une honetan, ezta?
Txapeldunen Ligako finala bitan jokatu dut, eta fresko ditut, oraindik ere, orduko sentsazioak. Beraz, bai, ez dut ahalegin handirik egin behar imajinatzeko jokalariek une honetan buruan dutena. Final horietako lehendabizikoan Bartzelona guztiz ahaldunaren nagusitasuna bertan behera uztea lortu genuen. Zoragarria izan zen. Eta, batez ere, genuen talde sentimendua dut gogoan. Txapela irabazi genuen talde osoak egindako lanaren ondorioz. Denok genuen argi ondoan genuen taldekidearekiko erabateko konfiantza izaten ahal genuela. Ez zigula hutsik eginen. Hori funtsezkoa izan zen Bartzelona mendean hartzeko. Montpellierren aurka, berriz, porrota ezagutu nuen. Final hartan, jada, taldea ez zen gehiago talde. Norberaren lanaren bidez irabaziko genuela pentsatu genuen orduan. Gure pistan zortzi golen aldea lortu genuen, eta uste dut jada hor hasi ginela final hura galtzen. Txapeldunen Ligako finaletan, beraz, era guztietako sentsazioak izan ditut. Badakit zer den irabaztea, bai eta galtzea ere. Eta horixe helarazi nahi diet jokalariei. Ez dugu konformatu nahi jada lortu dugunarekin. Irabazi nahi dugu. Lortzen badugu, bikain. Eta lortzen ez badugu, ere bai.
Bartzelona mendean hartu zuen talde sentimendu hori sumatzen duzu Itxakoko jokalarien artean?
Bai. Talde sentimendu nabarmena dago. Eta hori izanen da gako nagusietako bat. Pistan taldea gara, eta uste dut hori islatzen dugula. Jokalari bat edo bertze nabarmentzen ahal da zenbait unetan, baina garrantzitsuena talde lana da.
Sasoi honetakoa da Itxakok inoiz izan duen talderik onena?
Uste dut ez dugula bakarrik emaitzak hartu behar kontuan. Argi da denboraldi honetan taldeak sekulako lana egin duela eta lan horrek izugarrizko etekinak lortu dituela, gainera. Ligan ezin dugu ukatu mailak behera egin duela. Baina Europako lehiaketan, Txapeldunen Ligan ere erakutsi dugu hobera egin dugula, eta hori ere ukaezina da. Europak eman digu taldeak duen mailaren neurria. Ez dut argi aurreko sasoietan orain dugun kalitatea edo gaitasuna izan dugun, baina argi dut aurreko sasoietan esperientzia izan dugula faltan. Hor dago aldea. Denborak eman digun esperientzian.
Eskubaloia. Txapeldunen Ligako finala: Larvik-Itxako. Ambros Martin. Itxakoko entrenatzailea
«Europak eman digu taldeak duen mailaren neurria»
Denboraldi hasieran adierazi zuen desioa bete egin zaio Ambros Martini; Europan, Txapeldunen Ligan nabarmendu nahi zuen, eta lortu du. Itxakok finala jokatuko du, Larviken aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu