Europa, sari eta mugarri

Cangas, Benidorm eta Ademarrekin ariko da lehian Anaitasuna Asobal ligako azken txanpan, lehen aldiz Europako lehiaketa baterako sailkatzeko.

Miguel Goñi Anaitasunako jokalaria, jaurtitzen, Arrosadian Guadalajararen aurka jokatutako partidan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bost partida falta dira Asobal liga amaitzeko. Anaitasunarentzat ez dira edozein bost partida. Eskura du klubaren historian mugarri bat ezartzea, inoiz lortu gabekoa lortzea: Europako lehiaketarako sailkatzea. Hori lortzeko bidean, Cangas, Benidorm eta Ademar Leon izango ditu aurkari nagusiak, ordena horretan.

Zenbat postuk daukaten saria; hori argitu behar da lehenbizi. Araudiak dio lehen bi sailkatuak Txapeldunen Ligan ariko direla, eta hirugarren eta laugarren sailkatuak, EHF kopan. Banaketa hori, ordea, Espainiako Kopan gertatzen denaren mende dago, lehiaketa horretako irabazlea ere EHF kopara sailkatzen baita. Eta txapelduna jada Europarako sailkatuta badago, zer? Orduan, txapeldunordeak jasoko luke saria, eta ligako bosgarren sailkatua esku-hutsik geratuko litzateke.

Eta nola dago denboraldi honetan Kopa? Bartzelona, Granollers, Puente Genil eta Juanfersa ariko dira Lauko Finalean, ekainaren 6an eta 7an, Gijonen (Espainia). Kataluniako bi taldeek ziurtatua dute Europara pasatzea. Beraz, ligan Europarako lehian ari direnei komeni zaie Bartzelonak eta Granollersek jokatzea finala, bosgarrena Europarako sailkatzeko. Horregatik egongo dira denak adi zozketari begira, Bartzelona eta Granollers finalerdietan ez gurutzatzea desiratzen.

Gol aldearen abantaila

Laugarren izatea da zortearen mende ez egoteko modu bakarra, eta, gaur-gaurkoz, Iruñeko taldeak eskura du helburua. Cangas da aurreratu beharreko arerioa. Galiziako taldeak bi puntu gehiago ditu. Ez da alde handia, liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla kontuan hartuta —hamar puntu daude jokoan—. Gainera, bi jardunaldi barru elkarren aurka ariko dira, Arrosadian. Lehen itzulian, 29-32 nagusitu ziren nafarrak. Beraz, gol aldea ere beraiena izateko aukera dute. Halako lehia estuetan, funtsezkoa izan ohi da edozein alde txiki, eta, gol aldeari dagokionez, Anaitasunak badu alde txiki hori, bai Benidormi eta bai Ademarri irabazia baitie gol aldea.

Ez da abantaila bakarra. Iñaki Anizek entrenatutako taldeak ez du jokatuko lehen hiru postuetan dauden talde bakar baten aurka: ez Bartzelona ahalguztidunaren aurka, ezta Naturhouse eta Granollers indartsuen aurka ere —bi taldeok Txapeldunen Ligarako bigarren lekua eskuratzeko lehian ari dira—. Puente Genil—hamargarren sailkatua—, Cangas, Ciudad Encantada —hamalaugarrena—, Port Sagunt —zortzigarrena— eta Huesca —11.a— izango ditu aurkari azken txanpan.

Nafarren aurkariek, ordea, badituzte zain lehia benetan zailak: Cangasek Naturhouseren aurka jokatuko du, etxean; Benidormek Granollers jasoko du, eta Ademarrek Bartzelonari egingo dio bisita. Anaitasunak, berriz, bi partida jokatuko ditu bere zaleen aurrean, eta hiru kanpoan. Ademarrek ere beste horrenbeste egingo du, baina Cangasek eta Benidormek partida gehiago jokatuko dituzte etxean kanpoan baino. Emozioz beteta dator ligako azken txanpa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.