Beti Onak klubeko presidentea

Marino Oskoz: «Europa sari bat zen, eta ezin genuen ezetz esan, ezin genien huts egin»

Beti Onak taldeak denboraldi bikaina egin du, eta horren saria jaso du: Europan ariko da lehen aldiz, Europako Kopan. Oskoz «oso harro» dago taldeak egindako lanaz.

Marino Oskoz. NKJFI
Marino Oskoz. NKJFI
Julen Etxeberria.
2025eko ekainaren 27a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Lana dela eta, batetik bestera dabil azken egunetan Marino Oskoz Beti Onak klubeko presidentea (Atarrabia, Nafarroa, 1980). Dioenez, «oso pozik eta lasai» egin du maleta. «Lehen helburua bete dugu: Europan aritzeko nahikoa babesa bermatu dugu».   

Beti Onak taldeak lehen aldiz jokatuko du Europako lehiaketa bat datorren denboraldian: Europako Kopa. Zer sentitzen duzu hori entzuten duzunean? 

Batetik, sekulako ezustekoa da; ez genuen espero. Bestetik, sekulako harrotasuna sentitzen dut: aukera paregabea da, eta denok gozatu behar dugu horretaz.

Hamabi urte pasatu dira Nafarroako emakumezko talde batek azkenekoz Europako lehiaketa bat jokatu zuenetik: Itxako izan zen. Gero, diru arazoengatik desagertu egin zen. Haren lekukoa hartu duzue. Berezia da?

Oso berezia. Ezin dugu ahaztu gure emakumezkoen eskubaloi proiektua Nafarroako klub guztien, federazioaren, gobernuaren eta Miguel Indurain fundazioaren arteko akordio zabal bati esker jaio zela. Itxako desagertu eta gero, hutsunea zegoen Espainiako maila nagusian, eta Nafarroako talde batek hutsune hori betetzea zen helburua. Horretarako berregituratu zen emakumezkoen eskubaloia Nafarroan. Apustuak fruitua eman du, eta, egun, Nafarroako eskubaloiaren egoera ezin hobea da: taldeak ditugu lehen hiru mailetan, baita edonork nahiko lukeen harrobia ere. Itxako desagertu eta gero, denok nahi genuena lortu da.

Zer lortu da: espero baino lehenago edo geroago?

Lehenago, zalantzarik gabe. Ez zegoen aurreikusia gure proiektuaren kirol arloan, ezta diru arloan ere. Laugarren urtez jarraian ariko gara maila gorenean, eta gure proiektua pentsatuta zegoen kirol mailan sendotzeko eta, pixkanaka, pauso oso txikiak emateko. Bat-batean izan da, baina guztiz merezia: Espainiako Kopan erakutsi genuen onenekin nor baino nor gehiago aritu gaitezkeela. Horrek ekarri gaitu hona.

Hiru urte baino ez dira pasatu Espainiako Ohorezko Mailara igo zinenetik. Orduan esan balizute aurten Europan ariko zinetela, zer esango zenuen?

Ezinezkoa zela. Baina lortu dugu, eta horretaz gozatu behar dugu. Hala ere, pixkanaka gorantz egiten jarraitu behar dugu; ezin gara despistatu; argi izan behar dugu zein den helburua.

Zein da sekretua?

Batetik, Nafarroako eskubaloiaren alde guztien batasuna. Eta, bestetik, Atarrabian eskubaloiak eta zehazki harrobiak duen garrantzi handia. Beti Onak taldea inportantea da, baina atzetik dagoena askoz gehiago da. Azken finean, alde bakoitzak egin duen ekarpenari esker iritsi gara hona. Taldeko jokalariek, berriz, aparteko aipamena merezi dute, bai etxekoek, gurekin hazi direnek, baita kanpotik etorri eta hau posible izatea egin dutenek ere.

«Egoera ezin hobea dugu Nafarroan: taldeak ditugu lehen hiru mailetan, baita edonork nahiko lukeen harrobia ere»

Pixkanaka aritu zarete beti, baina beti aurrera. Nahita?

Bai. Horrela izan behar du gurea bezalako proiektuetan; gu horrela gabiltza erosoen eta gusturen. Azpiegitura txikia dugu, eta inoiz ez ginen aritu gorenean.

Zer helburu dituzue?

Gure proiektua sendotzea eta urtero estutasunik gabe mailari eustea. Gustatuko litzaiguke lehenago eustea mailari, azkenera arte ez sufritzeko. Baina horrelakoa da goi mailako kirola, eta guk hiru urte eskas daramatzagu maila nagusian. Horretaz gain, saiatu behar dugu tokia egiten Nafarroako jokalari gazteei; gogor ari dira atzetik bultzaka, eta haien hurrengo urratsa maila gorenean jokatzea izango da. Oso polita da kluba egiten ari dena, baina guretzat oso garrantzitsua da gure klubeko jokalariak Espainiako selekzioaren deialdietan egotea.    

Taldea pistan sailkatu zen Europarako, baina klubak erabaki behar zuen Europako Kopan aritzeko izena eman edo ez. Azkenean, izena eman duzue. Zergatik?

Patxadaz hartu dugu gaia, kontu asko ezezagunak baikenituen: nola jokatu behar genuen eta zenbat handitu behar genuen aurrekontua, besteak beste. Bi astez aritu ginen dena ondo aztertzen, eta denok, guk, Nafarroako Gobernuak eta babesleek izan dugu argi aukera hau paregabea zela eta ahalegina egin beharra zegoela hori gauzatzeko. Asko pentsatu dugula? Agian, bai, baina berriak gara halako kontuetan, eta dena ondo aztertu nahi genuen; ezin genuen kluba arriskuan jarri.

Zerk kezkatzen zintuzten gehien?

Batetik, Europan ez aritzeko talde bat osatu genuen. Europa oso garrantzitsua da, baina liga da lehentasuna. Eta, bestetik, gure kluba, gehienak bezala, diru kontuetan oso estu dago; asko begiratu behar izan dugu zer egin dezakegun eta zer ez. Europa ezin da zama bat izan. Ez luke zentzurik arazo bilaka daitekeen zerbaiti baiezkoa emateak. Hala balitz, ezetz esan beharko genuke. Baina uste dugu aurrera eraman daitekeela eta tartean dauden alde guztiek erantzungo dutela. Sari bat zen, eta ezin genuen ezetz esan. Ezin genien huts egin taldeari, jokalariei, Nafarroako eskubaloizaleei eta, bereziki, Atarrabiakoei. Herrian ez da beste ezertaz hitz egiten. Sekulako ilusioa dago.

Zer diote babesleek? Itxaropentsu zaudete?

Ateak jotzen eta bilerak egiten gabiltza. Europan jokatzeko pausoa eman badugu, bilera horiek arrakastatsuak izango direla uste dugulako eman dugu. Hala ere, zaila da asmatzen zer aurrekontu beharko dugun Europan aritzeko; ez dakizu noiz arte iritsiko zaren. Baina beste klub batzuekin bildu gara, Elxekin eta Porriñorekin, eta gomendioak eman dizkigute. Erabaki zuzena hartu dugu.

«Proiektua sendotu nahi dugu, estutasunik gabe mailari eutsi, eta Nafarroako jokalari gazteei tokia egin»

Lau lehiaketatan ariko zarete. Uste duzu nahikoa jokalari dituzuela, ala fitxaketaren bat egiteko asmoa duzue?

Entrenatzaileek seguru esango didate inoiz ez dela nahikoa, baina osatua dugu taldea, eta gure asmoa daukagunarekin lehiatzea da. Talde bat dugu Lehen Mailan [hirugarren maila da], eta horretan Nafarroako jokalari gazteenek jokatzen dute. Jokatzeko aukera izango dute, eta guri laguntzekoa. Haiei mesede egingo die aurrerapauso txiki bat emateko.

Zer itxura du taldeak?

Itxura ona du. Gustura gaude egin dugun taldearekin: etorri direnek orain arte falta izan zaigun zerbait emango digute; jarraitzen dutenak, berriz, uste dut hobeto ariko direla. Gero eta sendotuago daude. Ezin da ahaztu gehienak bi urtean egin direla profesional. 

Zeintzuk dira kirol helburuak?

Ligan, sendotzea eta gutxiago sufritzea; Europan, elkarrekin gozatzea; Iberiar Superkopan, lehen aldiaz disfrutatzea; eta, Kopan, aho zapore onari eustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.