Bi euskal taldek dituzte gaur ligako partidak. Eibarrek Sporting Huelvari egingo dio bisita (16:00, Dazn), eta segidan jokatuko du Athleticek. Nerea Nevado jokalaria (Santurtzi, Bizkaia, 2001) finko bilakatu da zuri-gorrien hasierako hamaikakoan. Taldearekin batera ari da hazten hura ere.«Sendoago ari naiz defentsan, eta zehatzago erdiraketetan», nabarmendu du.
Zazpi garaipen daramatzazue segidan ligan. Multzoa pozez kabitu ezinda egongo da, ezta?
Bai jokalariak eta bai entrenatzaile multzoa oso pozik gaude lortzen ari garenarekin, eta batez ere taldea izaten ari den bilakaerarekin eta hazkundearekin. Halako liga gogor eta parekatu batean, ez da erraza zazpi partida segidan irabaztea. Baina ez gara horrekin konformatzen, eta gehiago nahi dugu.
Zein da gauzak hain ondo joateko gakoa?
Asko daude. Denboraldi hasieran jokalari berri dezente etorri ziren, eta jardunaldiek aurrera egin ahala gero eta hobeto ezagutu dugu elkar zelaian. Kanpoan ere primerako giroa daukagu. Bestalde, eroso gaude Davidek [Aznar entrenatzailea] proposatutako jokatzeko erarekin: baloia izatea gustatzen zaigu, pazientziaz jokatzea eta jokaldiak lantzea. Sendo gaude atzean, eta jokalari erabakigarriak ditugu aurrean. Gainera, partidetako une zailetan sufritzen ikasi du taldeak. Gazteak izan arren, gero eta hobeto kudeatzen ditugu momentu horiek, eta talde ausarta gara. Ez diogu beldurrik huts egiteari.
Emaitzak onak izateak lagundu egingo dizue huts egiteari beldurra ez izateko garaian, ezta?
Bai, dudarik gabe. Konfiantza handiagoa daukazu, zeure buruarengan eta taldekideengan. Gainera, Davidek denboraldi hasieratik nabarmendu zigun ideia hori: ausartak izateko.
Zuentzat ezustea izan da horren goian egotea?
Egia esan, horretan ez dut askorik pentsatu, eta uste dut nire taldekide gehienek ere ezetz. Egunero egiten dugun lanean daukagu arreta. Horrek eraman gaitu gauden lekuan egotera, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu denboraldia amaitu arte, argi izanda sasoia jada oso ona izaten ari dela.
Europarako sailkatzeko postuak hiru puntura dituzue. Hitz egiten duzue zelaitik kanpo aukera horretaz?
Ez, eta nahiago dugu ez hitz egin. Oinak lurrean ditugu, eta zera nahi dugu, partida eta entrenamendu bakoitzean hobeak izan. Hori bai, talde anbiziotsua eta borrokalaria gara, eta ahalik eta posturik gorenean amaitzeko borrokatuko gara.
«Eroso gaude Davidek [Aznar, entrenatzailea] proposatutako jokatzeko erarekin: baloia izatea gustatzen zaigu, pazientziaz jokatzea. Gainera, talde ausarta gara»
Europako borroka horri begira, partida garrantzitsua duzue gaur, Madril CFren kontra. Irabaziz gero, sailkapenean gaindituko dituzue. Zer tankera hartzen diozu neurketari? Neguko merkatuan Rachael Kundananji aurrelaria joan eta gero, Madril CFk ez al du apur bat behera egin?
Ez dut uste. Kundananji joan da, baina Gio Queiroz fitxatu dute, eta Luanyk ere asko ematen die goian. Ez da partida erraza izango. Uste dut bi areatan sendo egotea izango dela gakoa. San Mamesen, Kopan, irabazi egin genien, eta halako partida bat eginez gero aukera asko izango ditugu hiru puntuak lortzeko. Oso gogotsu gaude partida jokatzeko.
Ane Elexpuruk, zure taldekideak, esan zuen Aznarrek ezarritako jokatzeko modua oso egokia dela atzealdeko hegalean aritzen zareten jokalarientzat, aukera asko ematen dizkizuelako igotzeko. Sentipen hori duzu zuk ere?
Bai, jokoan parte hartzeko aukera gehiago daukagu, eta erasoan min egiteko. Nik hori dut gustuko: jokoan parte hartzea eta baloia edukitzea. Igotzen garenean, gainera, erdiraketa asko egiten ditugu, eta aurrelariak horiek baliatzen ari direla ikustea ere ederra da.
Gustura zaudela agerikoa da, iaz 2025 arte luzatu baitzenuen kontratua. Denboraldi honek zenbateraino eragin die jokalari moduan izaten ari zaren bilakaerari eta hazkundeari?
Ni txikitatik naiz Athleticekoa. Nire ametsa beti izan da hemen jokatzea, eta klub honekin titulu bat irabaztea. Ea eraikitzen ari garenarekin egunen batean lortzen dugun. Kluba apustu handia egiten ari da, eta garrantzitsua izango da proiektuari segida ematea. Bide honetatik jarraitzen badugu, gauza politak izango ditugu aurretik. Niretzat oso denboraldi polita eta ona izaten ari da. Uste dut defentsan oldarkorrago ari naizela, eta erdiraketak egiterakoan zehatzagoa naizela.