Bera Berak Europako Ligako hirugarren kanporaketaren itzuliko partida jokatuko du gaur, Donostian, Lublinen aurka (12:00, ETB1). Poloniarrek donostiarrek baino lau gol gehiago sartuz irabazi zuten joaneko partida; hortaz, lau gol baino gehiagoren aldea behar du Imanol Alvarezen taldeak Europako Ligako multzoen fasean egon nahi badu —penaltietan erabakiko da kanporaketa baldin eta aldea soilik lau golena bada—. Bost urtez jarraian ligaxkaren atarian geratu dira donostiarrak, eta, iaz, gol baten aldeagatik. Arantza atera nahi dute gaur.
Europako Ligako multzoen fasean egotea da Bera Berak bere buruari jarri dizkion erronketako bat aurtengo denboraldian. Bost urtez jarraian egin die ihes aukerak, eta seigarrenean ez dute hutsik egin nahi. Polonian ondo lehiatu ziren arren, azken minutuetan abantaila hartu zuen etxeko taldeak: 23-19. Gaur, ordea, zaleen aupada izango dute, eta hori baliatu nahi dute denboraldiko helburuetako bat betetzeko. Denboraldiko partida garrantzitsuenetako bat izanik, klubak aurreikusten du Gasca kiroldegia goraino beteko dela.
Partidaren garrantziaz ohartarazten ahalegindu dira asteon Tati Garmendia presidentea eta Imanol Alvarez entrenatzailea. Garmendiak prentsaurrekoa eskaini zuen egun handirako antolatu duten egitaraua azaltzeko. Presidenteak dioenez, «denboraldiko partidarik garrantzitsuena» izango da gaurkoa: «Europan beti bizi izan ditugun une berezi horiek berriro bizi nahi ditugu. Uste dut helburua lortuko dugula. Lau golen aldearekin irabazi baina itzuliko partida etxetik kanpo jokatu behar duzunean, aldea ez zaizu hainbestekoa iruditzen. Europak esanahi berezia du jokalarientzat eta zaleentzat, eta ezinbestekoa izango da haien babesa».
«Ondo hastea izango da gakoa, eta, neurketa aurrera joan ahala, ikusiko dugu zertan arriskatu behar dugun»
IMANOL ALVAREZBera Berako teknikaria
Alvarezek ere uste du taldeak baduela «ligaxkara sailkatzeko aukera», eta haien eskuetan egongo dela lortzea edo ez: «Kanporaketa gainditzeko, eraso on bat beharko dugu. Lauzpabost golen aldearekin irabazi nahi badugu, behartuta egongo gara 25 edo 30 gol inguru sartzera. Ondo hastea izango da gakoa, eta, neurketa aurrera joan ahala, ikusiko dugu zertan arriskatu behar dugun».
Taldeak orain arte egindako lanari erreparatuta, Alvarezek argi dauka jokalariek gora egiten dutela taldea bolada gozoan dagoenean. Bolada txarrek, ordea, eragin handiegia dute jokalarien errendimenduan, haren ustez. «Oraindik ez dugu egoera horiek menperatzen ikasi, eta partida honetan beharrezkoa izango da zaleen bultzada; batez ere, bolada txarretan».