Zurrumurrua bazen, eta baieztatu da. Koronabirusa dela eta, UEFAk, herrialdeetako federazioek, eta jokalarien sindikatuek adostu dute Eurokopa urtebetez atzeratzea. Europa Ligaren eta Txapeldunen Ligaren finalak jokatzeko egunak ere aldatu dituzte, eta, ondo bidean, ekainaren 24an eta 27an jokatuko lirateke, hurrenez hurren. Horrek guztiak aukera emango du herrialde bakoitzak bere txapelketak amaitu ahal izateko, ekain amaiera arte luzatuz egutegia. Izan ere, une honetan Europako hemeretzi liga etenda daude. Suediakoa, Turkiakoa eta Hungariakoa dira jokatzen segitzen duten bakarrak. Ikusteko dago Realaren eta Athleticen arteko Espainiako Kopako finala noiz jokatuko den.
Eurokopa ekainaren 12tik uztailaren 12ra jokatzekoa zen, eta estreinakoz hamabi herrialdetan jokatzekoak ziren neurketak, besteak beste Euskal Herrian, San Mamesen jokatzekoak baitziren neurketak. Beste 11 lekuak hauek ziren: Londres, Baku, Munich, Erroma, San Petersburgo, Amsterdam, Budapest, Bukarest, Kopenhage, Dubin eta Glasgow.
Atzerapen hori dela eta, UEFAk 300 milioi euroko elkartasun funtsa eskatu die klubei atzerapenagatik. Izan ere, aurten ez jokatzeak kalte ekonomiko handiak ekarriko dizkio erakundeari. 2016an Frantzian jokatu zen Eurokopak, adibidez, 2.000 milioi euroren diru sarrerak sortu zituen.