Euskal Herriko Itzulia

'Euritan dantzan, kalien'

Maximilian Schachmannek hirugarren etapa garaipena lortu du Itzulian, eta 52 segundoren aldea du orain Ion Izagirrerekiko. Ormaiztegiarra atzean geratu da Zaratamoko aldapetan

'Euritan dantzan, kalien'.
Imanol Magro Eizmendi.
Arrigorriaga
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Euriak mesede egiten dio. Hala dio, behintzat, Patxi Vilak egunkari honetako bi orrialde aurrerago dagoen erreportajean. Bora-Hansgrohe taldeko zuzendari beratarrak inor gutxik bezala ezagutzen du Maximilian Schachmann, eta, haren bertuteak azaltzean, bustian duen abilezia nabarmendu du. Ur tanten laguna da alemaniarra, eta errepide bustietan hegan egiten duela erakusten ari da Euskal Herriko Itzulian. Hiru etapa garaipen daramatza, azkenekoa atzo Arrigorriagan (Bizkaia), eta orain, 52 segundoren aldea du Ion Izagirrerekiko (Astana). Ormaiztegiarraren aurretik, dena den, Patrick Konrad (Bora-Hansgrohe) dago, 51ra. Segundo bat urratu zuen esprint batean, eta bigarren da orain.

Gasteiztik irten zen atzoko etapa, eta eguneroko jardunari ekin aurretik Mendizorrotza alboko aparkalekuan bildu ziren talde guztietako autobusak. Errutina kontua da, zaleak agurtu, sinadura kontrola pasa... Boraren autobus berdean, aldiz, musika ozen jarrita zeukaten. Festa giroa zen nagusi, ez zen gutxiagorako, eta, ondo bidean gaur berriz ere jarriko dute. Norbait gerturatzen bada Gatibu taldearen Euritan dantzan abestia jartzeko eskatu beharko lieke, gutxik bezala laburbiltzen baitu Schachmannen egungo aldartea. Etapa garaipen bat lortzen duten aldiro bideo bat jartzen dute sare sozialetan, xanpain botila bat ireki eta elkarrekin topa egiten. Bart gauekoa Schachmannek azken astean ordainduriko hirugarren erronda izan zen, eta ez litzateke harritzekoa bihar, Eibarren, parranda osoa ordainduko balu.

«Euriarekin ibiltzea gorroto dut, eta errepide bustiak ere bai», esan zuen atzo liderrak, kazetarien aurrean. «Neguan, baina, mendiko bizikletarekin asko entrenatzen naiz, eta horrek abilezia lantzeko balio du». Abilezia agerikoa da. Arrigorriagako kaleetan esprintatu zuenean betaurrekoak paparrean eskegita zeramatzan, eta ez zitzaizkion erori. Erakustaldi hori azken kilometroetan eginiko lan bikainaren ginga izan zen. Schachmannek errespetu kolpea jo baitzuen, eta ez bakarrik helmugan.

Etapa osoa euripean jokatu zen, eta, espero bezala, azken lau kilometroetan hasi zen benetako festa. Musika ez, baina festa bai. Tropel osoa bat eginda iritsi zen Zaratamoko gaineko scalextric-era. Zorua oso arriskutsu zegoen, eta horren adibide izan zen helmugatik zazpi kilometrora Ion Izagirre, Alexei Lutsenko eta Pello Bilbao (Astana) erori egin zirela. Gernikarra izan zen kaltetuena, eta etapa bukatu arren, hamar minutu galdu zituen helmugan.

Adam Yates (Mitchelton) izan zen Zaratamon gora ausartu zen aurrenekoa. Lurbideetan galdu zuen hautagai arriskutsu izatearen estatusa, eta etaparen bila jo zuen. Ez zuten libre utzi, baina, eta Schachmann, Fuglsang, eta Tadej Pogacar (UAE) irten ziren haren arrastoan. Ion Izagirrek, aldiz, ezin izan zion gorako erritmoari eutsi. Ormaiztegiarrak Itzuliairabazteko dituen aukerak mendian duen balizko nagusitasunean oinarritzen dira, baina Schachmannek aldapa piko batean erakutsi zuen goraka ere ez dela hankamotza.

Lau iheslariek tartetxoa ireki zuten, eta elkarrekin egin zuten helmugara arteko beherako bide arriskutsua. Schachmannek jaitsiera bikaina egin zuen, mendiko bizikleta gainean balego bezala, eta esprintean erraz nagusitu zen. Jazartzaileak bederatzi segundora helmugaratu ziren, eta tartean ziren Izagirre eta Konrad. Austriarrak, baina, segundo bat urratu zuen tarteko esprint batean, eta horregatik da bigarren orain.

Zaratamora arte etapak esperotako bilakera izan zuen. Hamalau kideko ihesaldi bat egon zen, eta Carlos Verona (Movistar) eta Alessando De Marchi (CCC) izan ziren tropelari lan handien eman ziotenak. Azken hamar kilometroetan bukatu zen euren abentura. Aurretik, erretiroen eguna izan zen, eta, besteak beste, Michal Kwiatkowskik (Sky), Nicola Rochek (Sunweb) eta Jon Aberasturik (Caja Rural) Itzulia utzi zuten. Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quic Step), berriz, ez zen irten ere egin, Herenegungo erorikoaren ondoren, taldeko medikuak ez lehiatzeko gomendatu zion. Jonathan Castroviejori (Sky) dagokionez, lepauztaia hautsi du, eta ebakuntza egin beharko diote.

Gaur, Arrate

Sailkapen nagusiko lehiak beste atal bat izango du gaur. Txirrindulariek 149,8 kilometro egingo dituzte Arrigorriaga eta Arrate artean. Oso saio gorabeheratsua da, zazpi mendate igoko baitituzte: lehenbizi, Hirugarren Mailako Morga, Natxitua, Bedarona eta Arribinieta; jarraian, Lehen Mailako Izua —hiru kilometro eta %12,7ko pendiza—; ondoren, Hirugarren Mailako Trabakua; eta azkenik, Lehen Mailako Usartza —bost kilometro eta %8,8ko pendiza—. Ohiturari jarraituz, Arrateko Santutegian amaituko da etapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.