Euripean ere buru-belarri

Gaur jokatuko da Kontxako Banderako lehen jardunaldia. Azken entrenamendua izan zuten atzo talde guztiek. Donostiako kaian edo beste nonbait, baina denak harrapatu zituen ekaitzak

Orioko arraunlariak, atzo, Donostiako kaian, Kontxako bandera jokatu aurreko azken entrenamenduan. GORKA RUBIO / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun

Kontxako banderarako azken prestaketak egitera joan ziren atzo hainbat talde Donostiako kaira. Estropada eremua ezagutu, sentsazioak hartu, ontzi titularra probatu... lanera joan ziren arraunlariak, eta majo sufritu zuten azkenerako. Konstituzio plazan hiritar askok zintzurrak bustitzen zituzten bitartean, beste modu batera busti ziren arraunlariak. Euripean, eta trumoien zaraten eta tximisten argien artean entrenatu ziren. Ez zen giro, baina atzo hutsik eta bustita zegoen kaia bete-beteta egongo da gaur (10:45, ETB1). Eguzkiak ere ez du galduko egun handia.

Emakumezkoen artean lehia oso estua espero da, baina, Donostiarraren eta Tolosaldearen baimenarekin, Orio eta Arraun Lagunak dira bandera astintzeko hautagai nagusiak. Estrategia desberdina erabili zuten atzokoan Patxi Francesek eta Juan Mari Etxabek. Francesenak lehenengotarikoak izan ziren Donostiako kaira heltzen. Arraun Lagunak, aldiz, ez zen kaian agertu. Pasaian aritu ziren. Itxaso Azkonobieta Orioko arraunlariak (Orio, Gipuzkoa, 1997) eta Eli Pescador Arraun Lagunak-ekoak (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) behin baino gehiagotan irabazi dute Kontxa, baina, oraingoan ere, garaipena nahi dute.

Oriok irabazi zuen joan den asteazkeneko sailkatze estropada, baina Azkonobietak argi dauka beste arerio batzuk ikusiko direla gaurkoan. «Guk ondo dakigu talde bakoitzak kartak jokatzeko modu desberdinak dauzkala sailkapen estropadan. Besteak gertu izango ditugu, ziur». Asteburuari begira estropada irekia izango dela uste du Orioko arraunlariak, eta, egokitu zaien txanda ikusita, besteen zain egon beharko dutela ere badaki. «Emanda dagoen itsasoarekin, ez dut uste alde handirik ikusiko denik. Presioa eta maila antzekoak dauzkagu, eta denek ditugu aukerak», aitortu du. Bestalde, Pescador «lasai» dago estropadari aurre egiteko. Sailkatze estropada Oriok irabazi izanak ez omen dio asko eragiten: «Iaz guk irabazi genuen, eta ez genuen Kontxa irabazi». Zozketarekin ere pozik dago, «Orioren erreferentzia» ere izango dutelako. Askorentzat, Arraun Lagunak da faborito handia, ligako garailea delako. Presio hori, baina, kendu egiten du gainetik: «Ligak erregulartasuna saritzen du, baina Kontxa desberdina da. Ginga jarri nahi diogu sasoiari, baina presiorik gabe».

Ametsen atzetik

Emakumeek lanak amaitu eta berehala abiatuko da gizonezkoen lehen txanda. Atzo kaian izan ziren Xabat Pastor (Urnieta, Gipuzkoa, 1999) eta Jokin Rodriguez, (Pasaia, Gipuzkoa, 1999) Donostiarrako eta Getariako arraunlariak. Adin berekoak izan arren, oso Kontxa desberdina bizi izango dute. 2018az geroztik urtero aritu da Pastor, etxeko traineruarekin. Rodriguez, berriz, aurten iritsi da Getariara, San Pedrotik, eta debuta egingo du Kontxan.

Pastor gainerakoak bezala busti zen atzokoan, baina, beste taldeak ez bezala, ez zuen sailkapen estropadan parte hartu. Etxeko trainerua izateagatik parte hartzen baitu urtero Donostiarrak. Horrek aukera ematen die astea «besteek ezin duten modu batean» antolatzeko, eta egindako lanarekin «gustura» gelditu da. Banderaren lehian, liga nola joan den ikusita, Urdaibai da faborito argia. Baina ohorezko txandako traineru bakarra izango da bihar bere txandan. Beste hirurak lehenengoan izango dira, Oriorekin batera. Pastorri berari «faboritoetako bat behintzat ondoan izatea» gustatzen zaio: «Guk erreferentziak izango ditugu ondoan, eta Bermeok ez». Hala ere, ondokoari ez dio gehiegi begiratzen. «Estropada ireki bat egitea da onena denentzat. Gu ausart aterako gara, irabazten saiatzeko».

Rodriguez, berriz, debuta egiteko gogoz dago. «Esperientzia berri baten bila» joan zen Getariara, eta «espero baino gehiagotan» egin du arraunean. «Txikitako ametsa da Kontxa irabaztea, baina, horretarako, sailkatu egin beharra dago lehendabizi. Ostegunean egin genuen gure lana, eta, orain, gozatzera goaz. Ez daukagu ezer galtzeko». Esperantza-ren aldeko oihuek hartu zuten kaia ostegunean, eta hala izango da gaur ere. «Herritarren animoak izugarriak dira. Guk edozer egiten dugula ere, herri txiki batek bultzada handia ematen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.