Itsaso urdina eta apar zuria. Zurituz joan den zeru urdina, eta Nestor Basterretxearen Bakearen usoa; zuria, noski. Eta Realaren zaleen kamiseta txuri-urdinak. Donostiako Saguesko zabalgunean bi kolore nabarmendu dira gaur: zuria eta urdina. Realak Espainiako Kopako finalean jokatu du Bartzelonaren aurka, eta Zaragozako (Espainia) Romaredan egon ezin izan diren realzaleek Sagues bete dute, talde txuri-urdinari gorazarre egiteko, lelo batekin: «Aupa neskak!».
Dena den, txuri-urdinak zaleak baino ez dira izan 17:00etatik finala hasi den arte, 19:00etan. Izan ere, barra-barra egin du euria. Horrek ez ditu izutu zaleak, eta barra-barra egon dira karpa azpian eta inguruko tabernetan, Realaren partida hasi baino lehenago.
«Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, Real!», egin dute oihu zaleek, banderak astinduz, partida pantaila handi batean ikusten hasi direnean. Bi ordu lehenago, ordea, zenbaketa beste bat izan da: «Bat, bi, hiru, lau, Goazen». ETBko telesail ezaguneko aktoreak oholtza gainean izan dira, eta zale txuri-urdin gazteenek gogotik abestu dute. Karaokean izan dira Aiora Arrese eta Saioa Murillo, baina beste lehentasun bat dute: «Irrikan gaude finala ikusteko. Gora Reala!».
Denetariko jendea egon da Saguesen, baina familiak nabarmendu dira. Nerea Mitxelena eta Gotzon Urtizberea, esku batekin seme-alabei eta bestearekin pare bat garagardori helduta, gogotsu egon dira finala ikusteko. «Bakearen usoa hemen dugu, eta ematen du Bartzelonak gerra emango digula, baina itxaropena ez dugu galtzen!».
Elkartean ere bai
Euritik babesteko mila modu izan dituzte zale txuri-urdinek. Izan dira Reala elkarte gastronomikoetan babestu dutenak ere. «Erreala aleee, Erreala aleee, Erreala ale, Erreala ale, Erreala aleee». Hori da Saguesko Antxeta elkartera sartu bezain pronto entzun daitekeen melodia. Mahai baten bueltan gazte kuadrilla bat dago, Realeko kamisetak soinean.
Nerea Ramirez, Maialen San Sebastian eta Uxue Lestuzzi dira gazte horietako hiru. Badute kexa bat. «Umeentzako gauza asko jartzen dituzte, eta ondo dago. Baina uste dut emakumeen kirola pixka bat infantilizatzen dutela», esan du Letuzzik. «Gizonen partidetan beste ekitaldi batzuk ere egiten dituzte. Adibidez, Realeko eta Athleticeko gizonen arteko derbian Bulego taldeak jo zuen, elektrotxaranga egon zen…», segitu du San Sebastianek. «Umeentzako gauzak egotea ez dago gaizki, baina gazteentzat ere egon beharko lirateke», laburbildu du Ramirezek.
Haien beste lagun bat, Beñat Urra, berera dago, baina mezu hau «nahitaez» helarazi nahi izan du: «Nire jokalari gustukoena Nora Sarriegi da. Sei urtez egon gara elkarrekin lanean Aratz aisialdi taldean, eta futbolean dena ematen ari da. Beraz, ni haren alde. E! Gainera, 2024ko FIFA jokoan bere jokalariarekin jokatu dut. Hori ilusioa!».
Partida hasteko gutxi falta denean, euriak bakea eman die zaleei, eta oholtzaren aurrean jarri dira, partida ikusteko prest. Oholtza gainetik jaitsi da Nahia Sillero, ETBko Irabazi arte telesaileko aktorea. Gustura egin ditu aurkezle lanak, eta Realeko neskak goraipatu ditu: «Elkarlana, ahizpatasuna eta feminismoa transmititzen ditu emakumeen kirolak. Jokalariak eredu dira, eta ez kirolagatik bakarrik: borrokagatik eta pasioagatik ere bai».
Gertatuko dena gertatuko dela, gogotsu ekin diete txuri-urdinek Realeko neskei txalo egiteari. Txalo egiten ari direnetako bat da Jon Garaño zinema zuzendaria, eta izan du beta futbolaren eta zinemaren arteko paralelismo bat egiteko: «Batzuetan, film txikiak gai dira film handiek baino oihartzun eta kritika hobeak izateko. Ea horrelako zerbait gertatzen den!».