EPELen Binakako Txapelketako finala. Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria

Euren burua aldarrikatu dute

Binakako txapeldun izan berri dira, finalean maila bikaina emanda (22-7). Aurrelaria txapelketako pilotari onena izan da, eta atzelariak lehen mailan lehiatzeko gaia baduela erakutsi du. Biek aurki berritu behar dituzte kontratuak.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Artelan baten azken pintzel ukituak izan ziren Oinatz Bengoetxearenak. Herenegun eman zituen, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Bere ibilbideko txapelketarik onena partida bikain batekin biribildu zuen —22-7 irabazi zieten Aitor Zubieta eta Pablo Berasaluzeri—. Alvaro Untoria zuen bizkartzain, txapelketako agertu-berria. Atzeko atetik sartu, hirugarren ordezko modura, eta herriko zaleek lepoan hartuta irten da txapelketatik. Duela bi urte lehen mailakoa zen edo ez argitzea zen zalantza, eta orain, ia urtebeteko amesgaiztoa izan eta binakakoan nabarmendu ondoren, estelarretako atea irekia du.

Biek une egokian irabazi dute txapela, euren burua aldarrikatzea bikain baitatorkie. Bengoetxeari berehala bukatuko zaio kontratua, eta, Asegarcerekin bi aldiz bildu ondoren, laster lortu beharko luke akordioa. Txapelketan argi erakutsi du Aimar Olaizolak bere maila ematen ez duenean bera dela enpresako aurrelari fidagarriena, eta ez duela derrigorrez puntako atzelaririk behar. Alvaro Untoriari, berriz, uztailean bukatzen zaio. Iaz urtebeterako sinatu zuen, izar ez diren pilotariek jasaten duten Damoklesen ezpata hori, kontratu laburrak, eta txapelak arnasa pixka bat eman beharko lioke.

Untoriaren prestatzaile Joaquin Plazak garbi esan zuen. «Txapeldun badira, elkarrekin jokatzen nazkatuko dira. Errioxako herri guztietan txapeldunak ikusi nahiko dituzte elkarrekin». Komertzialki ere kolpea da, Errioxa Asperen merkatua izan baita historikoki. Lehen, Titin zuen; orain, Merino II.a, eta aurki, Dario gaztea. Asegarcek, baina, ezustean lortu du Ebro inguruan jaialdiak arrantzatzeko amurik onena. Hori ere, Untoriaren mesedetan. Aspen, agian, bateren bati damutuko zaio atzelariari bere garaian sinaturiko aurre-kontratua lan akordio bilakatu ez izana.

Txapelaren zama

Txapelarekin, Oinatz Bengoetxeak zama kendu du gainetik.«Txapel hau ez zen betebeharra, ilusioa baizik». Egia da, ez baitzen faboritoetako bat, baina denbora luzea zeraman entzuten txapel bakarra 13 urtean uzta txikiegia zela. Beste bat behar zuen gutxienez sarien zerrenda dotoretzeko. Izan ere, pilotazaleak memoria laburra du, eta finalerdietara iristea gutxi dela dirudi gaur egun. Bengoetxea VI.a zazpi aldiz kanporatu dute finalerdietan binakakotik eta hirutan buruz burukotik. Sari zerrenda ofizialetan, baina, finalak ageri dira bakarrik. Dena den, badirudi aro polit bat hastear dagoela. Arazo fisikoek Olaizola II.a eta Xalaren erregulartasuna kolokan jar dezaketen garai honetan, badirudi bera dela toki hori betetzeko hautagaia.

Untoriaren kasua antzekoa da, enpresaren barruan orainerreferentziazko atzelari modura ageri baita Jon Ander Albisuren atzetik. Asegarcek Zubieta eskatu zuen utzita, txapelketarako maila oneko atzelari nahikorik ez zuela sinetsita, eta testuinguru horretan agertu du burua. Agertu da aditz egokia, zuloan sartuta baitzeukaten. «Duela urtebete pilota jo ezinik nenbilen. Orduan pentsaezina zen egoera hau. Txapel hau lan, sakrifizio eta min handiaren fruitu izan da». Era berean, Errioxako pilotaren liburu handian sartu da, horko pilotarien txapel uzta ez baita oso oparoa. Hiruk bakarrik zuten aurretik jantzia binakako txapela: Capellanek, Titin III.ak —lau aldiz— eta Merino II.ak.

Larunbatean, Naiaran

Bengoetxeak eta Untoriak buruz buruko txapelketa dute hurrengo erronka. Gaur aurkeztuko dute, Bilbon,eta errioxarrak jada badaki larunbatean jokatuko duela lehen partida, Naiaran, bere herrian, behetik sartuko den Aspeko pilotari baten aurka —Altuna III.a edo Jaunarena ziur asko—. Bengoetxeak, berriz, final-laurdenetan sartu beharko luke. Dena den, gaurko arreta gune nagusietako bat Mikel Idoatek finalerdietan utzitako tokia zeinek beteko duen da. Ondo bidean Xalak beharko luke, bera izan zelako iaz tanto gehien egin zuen final-laurdenetako galtzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.