Pistako txirrindulartiza

Eukene Larrartek zilarrezko domina lortu du Europako Txapelketetan

Scratch proban izan da. Soilik Maria Martins portugaldarra izan du aurretik. Nazioartean lortu duen lehen garaipen garrantzitsua da. Datozen egunetan Madison eta Ommniun probetan lehiatuko da.

Eukene Larrarte, ezkerretik hasita lehena, zilarrezko dominrekin. GIAN EHRENZELLER / EFE
ainara arratibel gascon
2023ko otsailaren 8a
21:24
Entzun

Eukene Larrartek zilarra kolkoratu du Suitzako Grenchen herrian jokatzen ari diren pistako txirrindularitzako Europako Txapelketetan, scratch modalitatean. Soilik Maria Martins portugaldarra izan du aurretik tolosarrak. Hirugarren izan da, berriz, Daria Pikulik poloniarra. Larrarte Martinsekin batera joan da ihes eginda, baina azken itzulietan ez du indarrik izan haren erritmoari jarraitzeko. Eta ezin izan die haren erasoei erantzun. Azkenean, bigarren tokian ailegatu da. Balentria handia da Larrartek egin duena, nazioartean eskuratzen duen lehen domina baita. Martins, gainera, proba irabazteko hautagai nagusietako bat zen, 2019ko eta 2020ko Europako Txapelketetan brontzea eskuratu baitzuen scratchean. Munduko Txapelketetan ere baditu dominak, hirugarren izan baitzen scratchean 2020an, eta iaz, berriz, postu horretan amaitu zuen Ommnium proba.

Kontuan izan behar da, gainera, proba honen aurretik Larrarte jazarpen proban lehiatu dela Tania Calvo euskal herritarrarekin eta Laura Rodriguez eta Isabel Ferrerasekin batera. Espainiako marka ezarri dute lau txirrindulariek: 4.28.54ko denborarekin. Gainera, oraindik ez da amaitu haren jarduna Europako Txapelketetan. Izan ere, ostiralean Ommniun proban hartuko du parte, eta larunbatean, Madisonen. Larrartek 24 urte ditu, Tolosakoa da, eta egun Bizkaia Durangon korritzen du. Horrenbestez, pistan ez ezik, errepidean ere lehiatzen da. Iaz, adibidez, Giroa korritu zuen Agurtzane Elorriagak zuzentzen duen taldearekin.

Ekain Jimenez eta Beñat Garaiar pistako txirrindulariak ere lehian izan dira gaur. Jimenezek zortzigarren amaitu du abiadurako proba, Alejandro Martinez eta Pepe Morenorekin batera. Garaiar, berriz, bederatzigarren izan da abiadurako proban. Joan Martin eta Fran Benassarrekin aritu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.