TXIRRINDULARITZA. Eukene Larrartek zilarra kolkoratu zuen atzo Suitzako Grenchen herrian jokatzen ari diren pistako txirrindularitzako Europako Txapelketetan, scratch modalitatean. Soilik Maria Martins portugaldarra izan zuen aurretik. Hirugarren izan zen, berriz, Daria Pikulik poloniarra. Larrarte Martinsekin batera joan zen ihes eginda, baina azken itzulietan ez zuen indarrik izan haren erritmoari jarraitzeko. Eta ezin izan zien haren erasoei erantzun. Balentria handia da Larrartek egin duena, nazioartean eskuratzen duen lehen domina baita. Martins, gainera, proba irabazteko hautagai nagusietako bat zen, 2019ko eta 2020ko Europako Txapelketetan brontzea eskuratu baitzuen scratchtean. Munduko Txapelketetan ere baditu dominak, hirugarren izan baitzen scratchean 2020an, eta iaz, berriz, postu horretan amaitu zuen omniumeko proba.
Kontuan izan behar da, gainera, proba horren aurretik Larrarte jazarpen proban lehiatu zela Tania Calvo euskal herritarrarekin eta Laura Rodriguezekin eta Isabel Ferrerasekin batera. Espainiako marka ezarri dute lau txirrindulariek: 4.28.54ko denborarekin. Oraindik ez da amaitu haren jarduna Europako Txapelketetan. Izan ere, bihar ommniun proban hartuko du parte, eta larunbatean, madisonean.
Eukene Larrarte Europako txapeldunorde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu