Pilota

Etzi hasiko da buruz burukoa, Urrutikoetxea-Elordi partidarekin

Finala ekainaren 4an jokatuko da Bilbon, eta final-laurdenetako ligaxkan pilotariek bi aste izango dituzte partida batetik bestera. Arangurenek jokatuko du Baikon Peñaren ordez. Eta lesioak tarteko, Elezkanok jokatu egingo du, nahiz eta atarikoan kanpoan geratu zen.

Buruz Buruko Txapelketaren aurkezpena, gaur, Gesaltza Añanan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ainara arratibel gascon
2023ko apirilaren 5a
13:11
Entzun

Mikel Urrutikoetxearen eta Aitor Elordiren arteko partidarekin ekingo zaio ostiralean aurtengo Buruz Buruko Txapelketari. Lekeition jokatuko da partida hori. Finala ekainaren 4an jokatuko da, Bilbon. Hainbat berritasun izango ditu aurtengo aldiak. Nagusia: final-laurdenetako ligaxkan pilotariek bi aste izango dituzte partida batetik bestera. Aurreko urtean, asteburuero partida bat jokatu zuten, eta pilotariak kexu agertu ziren, horrek haien eskuetan izan zezakeen eraginagatik. Hala, aurten tarte handiagoa ezarri dute. Parte hartzaileei dagokionez, iazkoarekin alderatuz, Baikon Jon Ander Peña ez da arituko, bai, ordea, Asier Arangurenek. Hura izango da berritasunetako bat, Jon Alberdirenarekin batera. Azpeitiko aurrelariak 22-18 hartu zuen mendean Asier Agirre atarikoan.

Enpresa bakoitzetik pilotari hauek parte hartuko dute: Aspetik Joseba Ezkurdia, Jokin Altuna, Danel Elezkano, Elordi, Dario Gomez eta Peio Etxeberria arituko dira; Baikotik, berriz, Unai Laso, Erik Jaka, Iñaki Artola, Aranguren, Mikel Urrutikoetxea eta Alberdi. Asperi dagokionez, Beñat Rezustak eta Jose Javier Zabaletak uko egin diote parte hartzeari. Rezustak ez ditu eskuak behar bezala. Zabaletak, berriz, atzo egindako entrenamendu batean min hartu zuen. Eskuin eskuko hatz txikia apurtu zuen, eta hiruzpalau astez jokatu gabe egon beharko du. Hala, atarikoan kanpoan geratu zen Elezkano II.a deitu dute. Gainera, Ezkurdiak ere zalantzak ditu, bikian izandako lesio batengatik. Baikon, berriz, egungo txapelduna dago zalantzan, Laso. Bizkarreta-Gerendiaingoak min hartu zuen igandeko Binakako finalean, eta gaur jakingo dira egin dizkioten proben emaitzak. Baina apirilaren 23an jokatu beharko luke lehen partida Altuna III.aren kontra. Beraz, ezusterik ezean, parte hartuko du.

Urrutikoetxea-Alberdi partidaz gain, final-zortzirenetan beste hiru kanporaketa hauek jokatuko dira: Elezkano-II.a-Artola, larunbatean, Bastidan; Dario-Aranguren, Ezkaraien, igandean; eta, Peio Etxeberria-Alberdi, astelehenean, Tolosan. Final-laurdenetako ligaxkako bi partida ere zehaztuta daude: Ezkurdia-Jakak Eibarren jokatuko dute hilaren 16ean, eta, esan bezala, Lasok eta Altunak, apirilaren 23an Bilbon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.