Etxetik zuzentzen

Azu Muguruza, Ramon Cid eta Iker Dorronsoro teknikariak itxialdian ere lanean ari dira, baina egunerokoan izaten duten presiorik gabe. Kirolariekin arlo psikologikoa lantzearen garrantzia nabarmendu dute.

Azu Muguruza, Ramon Cid eta Iker Dorronsoro entrenatzaileak, etxean lanean. Konfinamenduan ere ez zaizkie egitekoak falta. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Lehia itzuliko den jakin ez arren, entrenatzaileek segitzen dute zuzentzen dituzten kirolarien etxeko jardunaz arduratzen, baita datorren denboraldia prestatzen zein formatzen ere.

AZU MUGURUZA IDK Euskotreneko entrenatzailea
«Hasieran lasaitua hartu nuen, baina jada faltan sumatzen dut aulkia»

Pasioz bizi du entrenatzaile lana Azu Muguruza IDK Euskotren saskibaloi taldeko entrenatzaileak, eta onartu du ez dela erraza izaten ari hainbeste egun etxean sartuta egotea. «Aurreneko astean eskertu egin nuen tentsio gutxiago izatea. Baina jada faltan sumatzen dut jardunaren egunerokoa. Hori da nire bizia».

Egitekoak ez zaizkio falta. Izan ere, gorputz heziketako irakasle ere bada. Hala, goizean etxetik lan egiten du, eta kirol apur bat egiteko ere aprobetxatzen du. Arratsaldeetan, 17:00etatik 19:00etara, murgiltzen da saskibaloian. «Batez ere beste entrenatzaile batzuen hitzaldiak entzuteko aprobetxatzen ari naiz, eta nire lana aztertzeko. Beti gustatzen zait autokritika egitea, hobetzeko».

Baina denboraldi honetan lehia itzultzea zaila izango denez, datorren sasoiko taldea osatzen hastea da haren egiteko nagusia egun hauetan. «Dena azkarrago ari da mugitzen merkatuan. Ezin dugu lo hartu». Argi du fitxaketak iaz baino lehenago iristea nahi duela. «Aurreko sasoian, babesle eta aurrekontuak tarteko, ez zen hala izan. Eta hori ez gertatzea nahi dugu».Taldearen bizkarrezurrari eutsi nahi dio. «Beti izan gara horren aldekoak, nahiz eta iragan denboraldian ez zen posible izan, etxeko jokalarietako batzuk utzi zutelako, eta atzerritar batzuek joan zirelako».

RAMON CID Atleten entrenatzailea
«Pentsatzeko eta arnasa hartzeko aprobetxatzenari naiz konfinamendua»

Teresa Errandonea eta Maria Vicente atleten entrenatzailea da, besteak beste, Ramon Cid. Aste hauetan hiru arlotan egin du lan. Lehenik, alde humanoan. «Hasieran ez zuten espero ezingo zirela entrenatu; gero, amorratuta zeuden; eta, orain, onartzea edo erlatibizatzea baino ez zaie geratu. Sentipen horiei bide ematen lagundu behar diezu». Bigarrenik, alde fisikoaren lanketa dago: «Aktibo egon behar dute, ez bakarrik sasoiari eusteko, baita psikologikoki indartsu egoteko ere». Azken horri lotuta, hirugarrenik, arlo teknikoa egongo litzateke: «Etxetik prestakuntzarekin segitzeko plan pertsonalizatuak prestatu dizkiet, dituzten baliabideen eta bakoitzaren diziplina eta ezaugarri fisikoen arabera».

Goizetan prestatu ohi ditu, bezperan atletek emandako informazioarekin. «Sentipenen berri ematen didate. Horretan oinarritu nahi dut egun hauetako lana, ez datuetan». Autoebaluatzeko ahalmen handia dutela uste du:«Atletak independenteak eta autokritikoak izatea gustatzen zait». Itxialdiaren ondorengoan ere hasi da pentsatzen. «Ez da erraza, ez dakigulako zer pasatuko den egutegiarekin. Baina pare bat zirriborro eginak ditut, eta, gauzak argitzen hasten direnean, emango diegu forma».

Onartu du hasierako egunak ez zirela errazak izan: «Batez ere ez genekielako Olinpiar Jokoak egingo ziren edo ez». Baina ordutik lasaiago hartu ditu gauzak. «Urte asko eman ditut sekulako presioarekin. Orain, pentsatzeko eta aspertzeko aprobetxatu nahi dut itxialdia, arnasa hartzeko».

IKER DORRONSORO Eibarreko entrenatzailea
«Egunerokoa ahaliketa gutxiena aldatzen ahalegintzen ari gara»

Sasoiko garairik onenetakoan, eta Lehen Mailara igotzeko aukera askorekin zen Eibar koronabirusaren krisiak txapelketa eten zuenean. Horretara egokitu behar izan dute, Iker Dorronsoro entrenatzaileak azaldu duenez. «Denen artean saiatzen ari gara jokalarien egunerokoari ahalik eta gehien eusten, nahiz eta etxetik izan». Hala, entrenamendu egunei eta ordutegiei eutsi diete. «Gainera, normalean, igande goizean jokatzen ditugunez partidak, egun horretan ere entrenatzen gara». Saio horiek prestatzaile fisikoak antolatzen ditu, 45-60 minutu irauten dute, eta Internet bidezko plataforma batekin egiten dituzte, batera entrenatu eta talde giroari eusteko.

Jokalariekin egunero hitz egiten dute. Animoen lanketa taldeko psikologoak egiten du. «Bakarka zein taldean egiten du lan. Iruditzen zaigu arlo hori garrantzitsua dela; batetik, etxean egoteak dakarrenagatik, eta, bestetik, txapelketara itzultzeari begira lehiakortasuna ez galtzeko, asko izango baitugu jokoan».

Psikologikoki taldea «oso ondo» ikusten du. «Azken egunetan, gainera, hori are gehiago sustatze aldera, erronkak jarri dizkiegu. Irabazten badute, hau amaitzean, entrenatzaile taldeak afari bat ordainduko die, eta, bestela, haiek guri». Hain zuzen ere, jokalarien kezka da txapelketa berriz hasiko den, eta ez bada hasten zer pasatuko den.

Eta entrenatzailea nola motibatzen da? «Aprobetxatzen ari gara bai gure norgehiagokak ikusteko, bai geratzen zaizkigun aurkarienak aztertzeko, falta zaigunari begira ahalik eta informazio gehienarekin iristeko. Beste ligetako jokalariei ere erreparatzen diegu, fitxaketa posibleei begira. Nahiz eta zein mailatan egongo garen ez jakin».

Bi seme-alaben aita eta irakasle ere bada Dorronsoro, eta alde horretatik ere aztertu du egoera. «Kezkatzen nau egoera honek umeengan zein eragin duen. Kasu honetan ere, haien lekuan edo larruan jarri, eta alde afektiboa landu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.