Solasaldia hasi aurretik, kirioak dantzan zituela aitortu du Kawa Leauma (Auckland, 1989) Ampo Ordiziako jokalariak: «Euskal Herrian nagoenetik hedabide batek egin didan lehen elkarrizketa da». Ingelesez mintzatu arren, «agur eta eskerrik asko» batekin eskegi du telefono deia.
Zer-nolako balantzea egiten duzu liga hasieraz?
Atzerritarrak garen jokalari gutxi gaude, eta Ordiziako harrobitik igotako zenbait jokalari gazte ditugu. Hori kontuan hartuta, talde moduan hazten eta aldi berean egonkortzen ari gara. Argi dut Ampo Ordiziaren balioak zein diren; haztegikoei ahalik eta zukurik gehien ateratzen saiatzen dira. Denboraldiak orain arte eman duena ikusita, gehiago eman dezakegula uste dut. Lanean gogor jarraitu behar dugu.
Zer duzue hobetzeko?
Talde handia daukagu, eta partidan suertatzen diren hainbat egoera kudeatzeko gaitasuna dugu: besteak beste, alboko sakeko jokaldietan edota dortoketan. Agian, erabakiak azkarrago eta hobeto hartu beharko genituzke, eta eraginkorragoak izan.
Zuk zertan lagun diezaiokezu taldeari?
Dohainetik harago, neure nortasuna daukat. Taldean giro ona sortzen saiatzen naiz, partidetan izaten ditugun oztopoak indartsuago gainditzeko.
Nolatan hasi zinen errugbian?
Aucklanden jaio nintzen arren, Samoan hazitakoa naiz, nire arbasoak hangoak baititut [nazionalitate bikoitza du]. Nerabea nintzela, Zeelanda Berrira itzuli, eta tenisean jokatzen hasi nintzen. Baina institutuko lagunak errugbian aritzen ziren. Kirol moduan, erakargarria iruditu zitzaidan, taldeko kirola baita. 17 urte nituela, haiekin batu nintzen.
Berehala hasi zinen nabarmentzen.
Hala da, bai. Nire herriko taldean hasi eta bigarren urtean, Samoako 20 urtez azpikoen selekzioan hartu ninduten. Orduan jabetu nintzen errugbian bide oparoa egiteko abagunea nuela.
Aucklango zenbait taldetan jokatu ostean, goia jo zenuen.7ko talderako hautatu zintuzten. Mugarri izan zen hori zuretzat?
Lorpen handia izan zen niretzat. Sari horrek, ostera, exijentzia handiagoa ekarri zidan; entrenamenduak oso gogorrak izaten ziren, eta jokatzeko modua ere azkarragoa zen.
2016an, lehen aldiz, kontratu profesionala eskaini zizuten. Wests Lions Australiako taldera joan zinen. Zer oroitzapen duzu?
Liga nagusiko jokalaririk onenak ezagutzeko aukera izan nuen, eta bat taldekidea nuen: Michael Hooper [Australiako selekzioarekin ehun partida jokatu dituen jokalaririk gazteena da]. Zelaian eta zelaitik kanpo harekin egotea zirraragarria izan zen. Jokalari gisa, eredugarria izan zen niretzat.
2018an, Ampo Ordiziaren eskaintza jaso zenuen. Burutik zer pasatu zitzaizun?
Sydneyn geratzeko asmoa nuen. Ordiziak fitxatu nahi ninduela jakitean, ezustean harrapatu ninduen. Ordura arte, ez nekien jokalari australiarrak Europara joaten zirenik. Beste esperientzia berri bat bizitzeko eta jokalari gisa gehiago hazteko aukera nuen.
Zerk harritu zintuen gehien Euskal Herriaz?
Gaztetxoak taldean elkarrekin eskolara joaten zirela ikusita, haurtzaroan bizitakoaz oroitu nintzen, Samoan ere horrela ibiltzen baikinen. Euskal Herriko jendea kaletarra da, eta guztiek elkar ezagutzen dute. Besoak zabalik hartu gintuzten. Baina batez ere bazkalosteko lo kuluxkak harritu ninduen. Zeelanda Berrian eta Australian ozta-ozta izaten genuen ordu erdiko atseden tartea.
Eta zer dakizu euskarari buruz? Moldatzen al zara?
Badakit euskara Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa dela. Entrenatzailearen [Iñigo Marotias] eta jokalarien artean asko aritzen dira euskaraz. Haiekin komunikatzeko euskara ikasten ari naiz. Ordizian, gainera, asko entzuten da. Beraz, gutxienez, oinarrizko hitzak jakin behar ditugu; emazteak eta biok gustuko baitugu herritarrekin harremana izatea.
Ozeaniako eta Europako errugbiaren artean badago ezberdintasunik?
Agian, jokatzeko moduari dagokionez, Europakoa azkarragoa da. Zeelanda Berrian, ordea, errugbiak ikusgarritasun handiagoa du; profesionalagoa da.
Zergatik balioesten dira errugbiaren balioak?
Etxetik betidanik jaso izan dut ondokoa zaindu eta babestu behar dela. Errugbian ere balio horiek islatzen dira. Taldean batasun handia izaten dugu, eta elkar zaintzen dugu. Etxetik kanpo egonda ere, etxean bezala sentitzen naiz.
Ametsik baduzu?
Beti amestu izan dut All Blacks [Zeelanda Berria] selekzioan jokatzearekin. Baina Samoaren elastikoa janzteko aukera izango banu ere, oso eskertuta sentituko nintzateke.
Kawa Leauma. Ampo Ordiziako jokalaria
«Etxetik urrun egon arren, etxean sentitzen naiz»
Zelaian jokalari otzana da, baina langile fina, Ampo Ordizia taldeko bigarren lerroan giltzarri izateraino. 2018tik darama Euskal Herrian Leaumak: «Besoak zabalik hartu gintuzten emaztea eta biok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu