Orioko patroia

Gorka Aranberri: «Etxetik gertuago beste proiektu bat atera da, eta horrek kontziliazioa erraztuko dit»

Urdaibai atzean utzi, eta, Iker Zabalarekin batera, Oriorako bidea egin du Aranberrik. Patroiak dena irabazi du, eta ilusioz gainezka dagoela onartu du. Harekin irabazi zituen Oriok liga eta Kontxa, azkenekoz.

Gorka Aranberri, Orioko patroia eta entrenatzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gorka Aranberri, Orioko patroia eta entrenatzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 27a
05:05
Entzun

Entrenatzaile berria izateaz gain, Oriok patroi berria ere izango du. Ezagun zaharra da elkartean Gorka Aranberri (Zarautz, Gipuzkoa, 1987), bertan aritu baitzen 2017tik eta 2020ra. Haren aldeko apustua egitea izan zen Iker Zabalaren aurreneko erabakietako bat Orion. Urdaibain dena irabazi ostean, Orion ere gauza bera egiten ahaleginduko dira biak ala biak. Aranberrik badu pizgarri bat horretarako: hura patroi zela irabazi zituen Oriok azken liga eta Kontxa. Hala ere, adierazi du «oinak lurrean» dituela.

Zer moduzkoa ari da izaten Oriora buelta?

Oso ona, egia esan. Taldea gogotsu dago, eta ilusioa nabaritzen da arraunlarien artean eta herrian. Denboraldia bukatu eta Iker Zabala Oriora zetorrela jakin zenean, zalaparta pixka bat sortu zen, baina hori normala izaten da, eta herria bizirik dagoen seinale. Ondo hartu gaituzte, eta lanean ere ondo hasi gara.

Oraintxe bertan, zertan jarri du arreta Zabalak?

Ikerrentzat berria da dena. Nik arraunlari asko ezagutzen nituen hemen egon nintzenetik, eta harentzat denak dira berriak. Ikuskatzaile lanak egiten ari da oraingoz. Oraindik ez dugu esfortzu probarik egin, eta hark ere ez du ezagutzen arraunlari bakoitzak daukan motorra. Horrekin batera, uretako teknika lantzen eta lortu nahi dugunaren teoria azaltzen ari da.

Oriora etortzeko Urdaibai utzi duzu atzean. Zer dela eta?

Arrazoiak bat baino gehiago izan dira. Kirol arloan ez zegoen aitzakiarik bertan jarraitzeko. Talde ona gelditu da, eta Iker joan ondoren, fitxatu zezaketen entrenatzailerik onena fitxatu dute. Egia da nik goi-goian utzi dudala, dena irabazita eta banderen errekorra lortuta. Gehiago ezin nion eskatu neure buruari, eta nik uste dut hori dela garairik onena talde bat uzteko. Baina arrazoirik handiena distantzia izan da: Bermeo etxetik urruti dago. Nik nire lana daukat, hiru ume dauzkagu familian, errepidean kilometro asko egin behar ditut, eta bakoitzak bere mugak jarri behar ditu. Etxetik gertuago beste proiektu bat atera da, eta horrek kontziliazioa erraztuko dit. Iker ere etorri da, eta jendea gogotsu dago.

Urdaibaik aro aldaketa izango du. Orain indarrean sartuko diren arauek zerikusia daukate? Ez zen erraza izango erabakia hartzea…

Erabakia hartzea inoiz ez da erraza izaten, eta are gutxiago maitatua sentitzen zaren toki bat utzi behar bada atzean. Baina uste dut amaiera emateko garairik onena zela. Bermeon beti egon da itzala harrobiko arraunlarien kontuarekin. Baina 22 urtean hamar liga irabazi ditu, beti kupoen arauak beteta, eta azken hirurak, jarraian. Lana eginda egin diete aurre muga horiei.

Zabala Oriora etortzea ere pisuzko arrazoia izan da?

Nik arraunean jarraitu nahi nuen, eta uste nuen Bermeon ezinezkoa zela, kontziliazio eta gastu aldetik. Eta Iker Zabala etxe ondora etortzea pizgarri bat izan da, noski. Bermeotik beste arraunlari bat ere etorri da, eta beste bi Hondarribitik. Lehen esan bezala, arrazoi ugari daude, baina oraintxe bertan oso gustura nago hartutako erabakiarekin.

Irabazi ala galdu, zer eman diezaioke Zabalak Oriori?

Talde on bat izateak ez dizu inoiz garaipena ziurtatuko. Baina irabazi ala galdu, Iker Zabalak lana eta bere izaera emango dizkio Oriori. Irabazita ere ez da konformatzen, eta beti hobetzea du helburu. Anbizio handiko entrenatzailea da. Asko eskatzen du, baina liderra da, eta eredu izanda erakusten du. Bere izaera sustatzen badu, Orio on bat ikusiko da.

«Irabazi ala galdu, Iker Zabalak lana eta bere izaera emango dizkio Oriori. Irabazita ere ez da konformatzen, eta beti hobetzea du helburu. Anbizio handiko entrenatzailea da»

Zu egon zinenetik aldaketa ugari egin dira Orion, zuzendaritzan eta taldean. Zer aurkitu duzu?

Zuzendaritza nahiko segidakoa izan da. Ni hemen egon nintzenean Iosu Esnaola zen presidentea. Eta ondoren etorri direnak jarraipen bat izan dira. Bide beretik doaz denak, baina jende gazte asko sartu da, eta gauza batzuk aldatzeko gogoz. Lan handia ari dira egiten, eta ea fruituak ematen dituen. Hori gure lana izango da, kirol arloan ahalik eta ondoena aritzea.

Zaila da helburuak neguan zehaztea. Baina Zabala eta Aranberri fitxatzen dituen taldeak faboritoaren etiketa izango du.

Guk oinak lurrean dauzkagu. Oraintxe bertan Orio ligako laugarren sailkatua da, eta lehenengoarengandik minutu erdi ingurura. Nahikoa etxeko lan badauzkagu; ezin gara hasi udan lor ditzakegun emaitzak aurreikusten. Arraunlari berriak taldera egokitu behar dira. Baita etxe barrukoak ere Iker Zabalak nahi duen arraunketara. Itsasoak jarriko du nor bere tokian.

Orioren azken liga eta Kontxa zu patroi zinela iritsi ziren. Hori presioa da zuretzat? Edo pizgarri bat?

Ez da presioa. Presioa izan daitekeen edozer gauza pizgarri bilakatzen ahalegintzen naiz ni. Polita litzateke Oriorekin berriro Eusko Label liga edo Kontxa irabaztea. Kanpoko jendea gogotsu etorri da, eta etxekoak ere hazi egiten dira beren tokia bilatu nahian. Baina irabazteko pauso horretara saltotxo bat dago. Horretan saiatuko gara behintzat.

Gorka Aranberri 2017an, Kontxako Bandera irabazi berritan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Gorka Aranberri 2017an, Kontxako Bandera irabazi berritan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Zuk ere aipatu duzu herrian zalaparta sortu zela aldaketak iritsi zirenean. Nolako giroa sumatu duzu?

Ohikoak dira halakoak. Herritarrek Mikel Arostegiren lanari balioa eman diote. Inork nahi ez zuen talde bat hartu zuen, arraunlari berri askorekin… Oso denboraldi polita egin zuen itxuraz kili-kolo gelditu zen talde batekin. Baina, ikusi denez, zuzendaritzak gehiago nahi du. Irabazteko pauso hori eman nahi dute, eta pentsatu dute Iker Zabala dela horretarako aproposena. Arostegi herriko semea da, eta horrek beti ematen du pena herrian. Baina kirola halakoa da.  

Arraunlari batek irabaz dezakeen dena lortu duzu jada. Nola zaude ilusioz eta motibazioz?

Oso gogotsu nago. Azken urteetan asko disfrutatu dut eguneroko lanean, eta uretan gozatzen ari naiz. Ez da egongo azken lauzpabost urtetan uretara gogorik gabe joan naizen egunik, eta ilusio horri eutsi nahi diot.

Erretiroaren mamua inguruan izan duzu aurreko denboraldian?

Kontuan hartu behar da ni ez naizela bat eta bakarra. Familia bat daukat alboan, eta horrekin kontziliatu beharra dago. Erabakia horren menpe egongo da beti, eta Orio askoz ere egokiagoa da horretarako Bermeo baino. Baina arraunean jarraitzeko gogoa badaukat. Txikitatik bizi dudan zerbait da, eta gogoa ez zait joan. Are gehiago azkeneko denboraldiak nola joan diren ikusita! Denboraldi amaieran, geroz eta neke handiagoa sumatzen dut; baita atseden luzeago baten beharra ere. Baina behin burua freskatuta, ilusioa berriro itzultzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.