350 kilometro inguru daude Tolosatik (Okzitania) Doneztebera (Nafarroa). Ez da ezer Doneztebetik Plockera (Polonia) dagoen distantziarekin konparatuta: ia 2.500 kilometro daude. Plocken aritu da azken bost denboraldietan Niko Mindegia eskubaloi jokalari doneztebarra, Wisla taldean. Datorren sasoitik aurrera, ordea, Fenix Tolosa taldean jokatuko du. Bi urterako kontratua sinatu du.
«Arrunt pozik nago. Etxera hurbildu nahi nuen. Autoz, hiru ordura dago Tolosa, eta trena ere badago Hendaiatik [Lapurdi]. Pozik ni, eta pozik familia eta lagunak: gertuago izango naute, eta gehiagotan egingo didate bisita. Bertze modu batean biziko dugu aldi hau. Etxean egotea bezalakoa izango da», azaldu du.
Aspaldi ez du jokatuko etxetik horren gertu. Polonian aritu aurretik, Frantzian jokatu zuen, Chamberyn; aurretik, Danimarkan, Koldingen; eta, aurretik, Hungarian, Pick Szegeden. Logroñon (Espainia) aritu zen azkenekoz etxetik gertu, duela hamarkada luze bat. Euskal Herritik kanpo jokatu zuen lehen taldea izan zen. Aurretik, Iruñean aritu zen, Portland San Antonion eta Anaitasunan. Ia hogei urte pasatu dira Portlandekin Asobal ligan estreinakoz aritu zenetik. 17 urte zituen. 36 betetzear dago orain.
Bi nahi bete dira Tolosan joka dezan. Bata, hark nahi izan duela: «Plockek nik jarraitzea nahi zuen, eta Alemaniako eta Suitzako eskaintzaren bat ere banuen. Baina etxera gerturatu nahi nuen, eta Frantziako Ligan aritzea zen aproposena: arrunt gustura aritua nintzen bi urtez, baldintza onak daude, eta frantsesez badakit».
Frantziako Ligan jokatu nahi zuen, baina ez edonon. Argi zuen non. «Tolosan jokatu nahi nuen, eta hara deitzeko esan nion nire ordezkariari. Zergatik Tolosa? Gustatzen zait haren entrenatzailea [Danijel Andjelkovic], han aritu diren jokalariek oso ondo hitz egin didate klubari buruz, eta leku aproposa da ni bezalako erdiko batentzat; adibidez, Erikek han jokatu zuen [Balentziagak]».
«Talde eta leku perfektua da Tolosa, eta, gainera, nik aukeratu dut. Oso gogotsu nago abentura hau hasteko».
NIKO MINDEGIAFenix Tolosa eskubaloi taldeko jokalaria
Haren nahiak eta klubarenak bat egin zuten. «Hara deitu, eta esan ziguten nire ezaugarriak zituen jokalari baten bila zebiltzala. Zorionez, bion nahiek bat egin zuten. Azaroan izan zen. Gerora, gainera, laugarren sailkatu dira, eta Europan ariko dira. Talde eta leku perfektua da, eta, gainera, nik aukeratu dut. Oso gogotsu nago abentura hau hasteko».
Bost urte eder Polonian
Atzean utzi du Polonia. Bost urte egin ditu han: bere kirol ibilbide profesionalean beste inon egin duen baino gehiago. Agur ederra izan du, liga eta kopa irabazi baititu Plockek; inoiz ez zuen irabazi liga. «Bost urte asko dira, eta denetarik pasatu zait han: pandemia bat bizi izan dut, lesio larria izan dut belaunean, tituluak irabazi ditut, konexio handia izan dut hango jendearekin... Hagitz esperientzia ona izan da. Horregatik, pena sentitu nuen agurrean, baina jada joan zait. Oraina bizi dut nik. Polonian bizi izandakoa gordeko dut oroimenean, gauza onak batez ere, baina jada aurrera begira nago. Tolosan jokatzeko irrikaz nago».
Aitortu du «agian» azken kontratua sinatu duela. Baina buruak eta gorputzak esango diote zer egin. «Bi urte barru ikusiko dugu zer sasoitan nagoen eta zer gogo dudan. Nik anitz gozatzen dut bizimodu honetaz. Ongi banago, jokatzen jarraituko dut, seguru».
Eta Euskal Herrian noiz? «Jendeak Bidasoan jokatzeko esaten dit, baina han aritzeko ondo aritu izan beharra dago; Bidasoa beti dago goiti, ez da broma han jokatzea. Nire lana ondo egitea gustatzen zait, eta ez noa inora denbora-pasa. Errespetu handia diot Bidasoari. Han jokatzeko gogoa dudan? Bai, baina neure burua ondo ikusi behar dut nonbaiten jokatzeko. Aspaldi ez ditut egin luzera begirako planik; adin honekin... Orainak axola dit: eskubaloian gozatzen jarraitzea. Halaxe jarraitu nahi dut luzaroan».