Etxera gerturatzen ari da

Mikel Agirrezabalaga zarauztarrak 17 urterekin utzi zuen jaioterria, eskubaloian bidea egiteko. Aspaldiko partez etxetik gertu ari da, Iruñean, Anaitasuna taldean.

Mikel Agirrezabalaga Helvetia Anaitasunako ezker alboko zarauztarra, herenegun, Huescaren aurka jokatutako Asobal ligako partidan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2016ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Hamalau urte pasatxo joan dira Valero Rivera, inoizko Bartzelona onenaren entrenatzailea, Zarautzen (Gipuzkoa) herriko taldean ari zen 17 urteko gazte garai eta mehar batekin maitemindu eta Bartzelonara eraman zuenetik. «Nola esango nion ezetz dream team-ean jokatzeari?», aitortu du Mikel Agirrezabalagak (Zarautz, Gipuzkoa, 1984), egun Helvetia Anaitasunan ari den ezker albokoak.

Hiru sasoirako sinatu zuen Agirrezabalagak Herrialde Katalanetako talde ahaltsuarekin. Ametsa, ordea, laster bilakatu zen amesgaizto. Asobal ligan debuta egin eta bi hilabetera, ezker belauna txikitu zuen. Medikuek esan zioten sei hilabetez egon beharko zuela jokatu gabe. Zortzi izan ziren azkenean, eta osatu zenerako, bukatu egin zen sasoia.

Gogoz ekin zion bigarrenari, baina denboraldi-aurrean min hartu zuen berriro belaun berean. Hiru hilabetez egon zen jokatu gabe. Osatutakoan, ordea, ia ez zuen jokatu. Lehiakortasun itzela zegoen, eta ezin izan zuen toki bat lortu. Hala, 2004ko udan, eta beste urtebeterako kontratua izan arren, taldea utzi zuen. «Ezin nuen gehiago itxaron. Asobal ligan jokatu nahi nuen».

Bidasoak eskaintza egin zion, baina Alcobendas aukeratu zuen. «Proiektu aproposena iruditu zitzaidan. Talde igo berria zen, gaztea, borrokalaria, hazteko asmoarekin... Gainera, Rafa Guijosa zen entrenatzailea, Bartzelonako jokalari ohia. Haren estiloa eta pentsamoldea nirera ondo egokituko zela pentsatzen nuen». Hiru denboraldi egin zituen Alcobendasen, «hiru urte bikain».

Leonera (Espainia) joan zen jarraian, Ademarrera. Han «beste lau denboraldi eder» egin zituen —Asobal kopa irabazi zuen, finalean Bartzelona ahalguztiduna mendean hartuta—. Ordurako, jokalari eskarmentuduna eta bikaina zen Agirrezabalaga anaien artean helduena, ligako onenetakoa —David eta Alberto anaiak eskubaloi jokalariak dira ere bai; David Teucron, Galizian, eta Alberto Nimesen, Frantzian—. Bartzelonak jo zuen berriro atea 2011ko udan, eta ezin izan zion ezetz esan.

Sendagai erakusle aritzen da

Aurreneko bi sasoiak «bikainak» izan ziren. «Asko jokatu nuen, eta taldeak emaitza onak lortu zituen —Asobal liga irabazi zuen bi denboraldietan—. Gainera, Londresko Olinpiar Jokoetara joateko aukera izan nuen Espainiako selekzioarekin». 2013ko udan, ordea, Nikola Karabatic ezker alboko frantziarra fitxatu zuen Bartzelonak, azken hamarkadako jokalaririk onena. Berehala jabetu zen Agirrezabalaga Karabatic taldean izanda gutxi jokatuko zuela. «Entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta hark argi esan zidan gutxi jokatuko nuela. Joatea erabaki nuen. Kolpea izan zen».

Inguruan eskaintza txukunik topatu ez, eta etxetik 3.000 kilometrora joan zen, Bielorrusiara, bertako hiriburura, Minskera, Dinamo taldera. Baina esaera zaharrak dion moduan: «Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau». Min hartu zuen, eta taldeak jokatzera behartu zuen. «Ez nuen onartu minez jokatzea, eta zigor moduan, taldeak kontratua eten zidan. Nik uste dut aitzakia bat izan zela, niri kontratua eten eta bi astera kluba desagertu egin baitzen». Zarautzera itzuli zen, baina gutxi iraun zuen bertan. Eisenach Alemaniako maila nagusiko taldearekin sinatu zuen sasoia amaitu arte.

Bigarren aldien beldur ez dela agerian utzita, Leonera itzuli zen Alemaniatik bueltan. Han «jokalari sentitu» zen berriro. Gainera, eskubaloia eta lana bateratu ahal izan zituen —farmazia saltzailea da—. Hain zuzen ere, gaur-gaurkoz, Agirrezabalarentzat eskubaloian jokatzea lehentasuna izateari utzi diolako utzi zuen joan den udan Leon. «Argi nuen jokatuko nuen hurrengo taldeak eskubaloia eta lana bateratzen utzi behar zidala». Anaitasunak hori egiteko aukera eman dio. Ez da taldean hori egiten duen bakarra. Miguel Goñi kapitaina, adibidez, arkitekto laguntzaile da ikasketaz, eta obretako arduradun lanbidez. «Egun, ez dago beste aukerarik. Oso zaila da eskubaloian jokatzeaz bakarrik bizitzea».

«Gustura» dago Anaitasunan, «proiektu ona» baitu. «Pozik» dago, halaber, orain arte egin duen lanarekin, baina argi du ere «gehiago» eman dezakeela. Aitortu du «gutxi» geratzen dela jaioterria utzi zuen gazte horretatik. Ilusioa, ordea, ez du galdu. «Eguneroko nekeza da eskubaloikoa, eta ilusiorik gabe, akabo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.