Goizean gimnasioan apur bat aritu, eta arratsaldea libre izan dute Rafael Villalonga belar hockeyko jokalariak (Getxo, Bizkaia, 2001) eta haren taldekideek. Igandean «handia» egin zuten, final-laurdenetan Belgika, egungo txapeldun olinpikoa, kanporatu baitzuten, eta gaur domina ziurta dezakete finalerdietan, Herbehereei irabaziz gero (14:00). Pozik eta gustura dago egiten ari den txapelketarekin. «Zoriontsu naiz», esan du irribarrez. Hitz egitean nabari zaio.
Multzoen faseko lehen partida 4-0 galdu zenuten Britainia Handiaren kontra. Gaur, berriz, finalerdiak jokatuko dituzue Herbehereen kontra. Nola aldatu diren gauzak, ezta?
Bai, talde gaztea gara, partidaz partida joatea gustuko duena, eta arreta gugan jartzen duguna. Hori eginda, edozeini irabazteko gai gara, eta txapelketan horixe erakutsi dugu. Britainia Handiaren kontra galtzea kolpea izan zen, baita Frantziaren kontra berdintzea ere. Azken batean, haiek azpitik daude munduko zerrendan. Baina, gero, Alemaniari eta Belgikari irabazi diegu, faborito ziren bi selekziori.
Zein izan da aldaketa horren gakoa?
Uste dut oreka polita topatu dugula gazteon ausardiaren eta eskarmentua dutenen patxadaren artean, bai zelaian, bai zelaitik kanpo. Gainera, kirolak ematen dituen bigarren aukeretan sinetsi dugu. Izan ere, partida bat galdu arren, hurrengo egunean beste aukera bat duzu, burua jaso behar duzu. Goi mailako kirola halakoa da.
Zer pentsatu zenuen igandean, final-laurdenetan, Belgika, egungo txapeldun olinpikoa, mendean hartu zenutenean?
Handia egin genuela, sekula haiei irabazi gabe ginelako. Bagenekien aurretik jarriz gero presioa sentituko zutela, eta azkenerako hala izan zen. Zoriona erabatekoa izan zen; zaila da deskribatzen.
Orain, beste aurkari indartsu bat egokitu zaizue finalerdietan: Herbehereak. Multzoen fasean 5-3 galdu zenuten haien aurka. Nolako partida espero duzu?
Pena izan zen, 2-0 egon ginelako aurretik. Baina hau desberdina izango da. Norgehiagoka hura multzoen faseko azkena zen, jada sailkatuta geunden, eta oraingo honetan 2-0 jarriz gero, beste modu batean kudeatuko dugu partida; ziur nago. Horretan asmatu behar dugu. Gainera, Olinpiar Jokoetan ikusi da edozer gerta daitekeela.
2-0 egon zineten aurretik. Hori gauzak ondo egin zenituzten seinale da. Zertan zarete haiek baino hobeak?
Nik uste dut presioa haiek dutela. Munduko zerrendako lehen tokian daude, lizentzia mordoa dituzte... Haiek gehiago dute galtzeko guk baino. Ausartak gara, gazteak, eta, gozatzera irteten bagara, gure aukerak izango ditugu. Haien bila atera behar dugu.
Beraz, partida ero bat komeni zaizue?
Bai, baina gure erara. Ez zaigu komeni joan-etorriko partida bat, haiek trebeak baitira horretan. Komeni zaiguna da pilota izatea, ausart jokatzea eta ditugun aukeretan asmatzea.
«Ezin dut gehiago eskatu. Orain hilabete batzuk Jokoetan egotearekin konformatzen nintzen, baita atezain moduan etorrita ere!»
Gustura zaude egiten ari zaren txapelketarekin?
Bai, zalantzarik gabe. Oso eskertuta nago hemen egoteagatik. Denbora dezente jokatu dut, eta partidaren batean hasieratik irten naiz. Ezin dut gehiago eskatu. Orain hilabete batzuk Jokoetan egotearekin konformatzen nintzen, baita atezain moduan etorrita ere!
Zer esanahi du zuretzat esperientzia hau beste herrikide batekin, Chefo Basterrarekin, bizitzeak? Biak Jolasetako harrobitik irten zarete.
Harro egoteko zerbait. Nik txikitan golak nola sartzen zituen ikusten nuen, eta orain harekin aldagelan bat egitea handia da, plazera. Niretzat, erreferente bat da. Sekulako gaitasuna du une erabakigarrietan golak sartzeko, eta beti lasai dago, badakielako pilota asko ukitu ez arren baten bat iristen bazaio gola sartzeko aukera izango duela.
Merezi du egindako ahaleginak bizitzen ari zarena bizitzeko?
Nik uste dut oraintxe bertan ez naizela jabetzen bizitzen ari naizenaz. Azken batean, hemen burbuila batean gaude; zoriontsu gara. Etxera itzultzean hasiko naiz jabetzen.