'Etxekoen' argazkiak

Roberto Garcia Ariño Asegarceko teknikariak lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetako bigarren multzoa aztertu du, lau pilotariak bere enpresakoak baitira. Mikel Idoateren sasoia goratu du.

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkak gaur hasiko dira. II. multzoko lehen jardunaldiko bi partidak jokatuko dira: Arretxe II.a eta Idoateren artekoa, Iruñean; eta Bengoetxea VI.a eta Saralegiren artekoa, Donostian. Multzoko lau pilotariak Asegarcekoak dira, eta laurak aurrelariak dira. «Zozketak mesede egin zigun, baina egia da alai jokatzen ari direla eta agian horregatik iritsi direla Idoate eta Saralegi». Roberto Garcia Ariño (Axpe, Bizkaia, 1953) teknikariak multzoko lau pilotariak aztertu ditu: «Laurak etxekoak dira, ez da erraza. Teorian, Arretxe II.a eta Bengoetxea VI.a dira faboritoak, zerrendaburuak direlako, baina Idoate oso ondo ikusten dut».

OINATZ BENGOETXEA

«Berriz finalean egon daiteke»

«Konfiantzaz dagoela dirudi. Iazko txapelketak mesede egingo zion, tira, finalak agian ez. Lau t' erdian ere gauzak ondo egin ditzakeela ikusi zuen, eta finalean behin baino gehiagotan egon daiteke». Halere, Ariñoren analisia ez da guztiz baikorra, eta gabezia bat ikusi dio Bengoetxeari: «Teorian, harentzat distantzia egokia beharko luke, hanka oso biziak dituelako, baina ez du Irujo edo Olaizola II.aren kolperik. Kolpe gabe zu mugitzen zara, eta, hanka oso onak izan arren, korrika eginez gero, zu betetzen zara».

MIKEL IDOATE

«Konfiantzaz lepo dago»

Idoate iragan maiatzean iritsi zen Asegarcera, eta Ariñok bilakaera ikusi du haren jokoan. «Hasieran lotuta jokatzen zuen, postua irabazi edo mantentzearen premia izango balu bezala. 'Horrek irabazi egin dit, eta pasatu egingo nau' edo halako zerbait pentsatzen zuela zirudien. Parean zituenak baino gehiago zela erakutsi behar zuela zirudien».

Teknikariak badaki Idoatek ez dituela hilabete gozoak pasatu, baina uste du buruko kateak arindu dituela. «Orain oldarkorrago jokatzen du, gehiago bilatzen du pilota, baina ez lau t'erdian bakarrik, baita binaka ere. Konfiantza da gakoa, eta konfiantzaz lepo dago». Are gehiago, Ariñorentzat ez da ezustekoa izan Barriola kanporatu izana: «Jaunarenaren aurka ere ondo jokatu zuen. Defentsa berezkoa du, hanka biziak, beraz, erasoan amatzea da gakoa».

IKER ARRETXE

«Hilabete darama geldirik»

«Ligaxkan ekingo dio txapelketari, eta hori ez da enpresaren oparia izan, iazko emaitzek eman diote pribilegio hori, txapelketa bikaina egin zuelako», azaldu du lehenbizi. Horrek, baina, haren aurka ere egin dezakeela uste du. «Iaz joko askorekin iritsi zen ligaxkara, behetik hasi eta hazita. Aurten, berriz, ez du halakorik izango, eta kostako zaio errepikatzea». Ariñok, gainera, ez daki zehazki zein sasoi puntu duen Arretxek. «Hilabete darama geldirik. Galdakaon pilota bat sartu zitzaion eskuan, eta hartaz geroztik ez du jokatu. Ea horrek ez duen bere maila baldintzatzen».

EKAITZ SARALEGI

«Lasai ari da jokatzen»

«Saralegi bere txapelketa egiten ari da. Lau t'erdian asko jokatzeko gai dela erakutsia zuen aurretik, eta izen handi asko estu hartuak, baina inoiz ez zuen lortu ligaxka batean sartzerik». Saralegi ondo ezagutzen du Ariñok, eta garrantzi handiagoa ematen dio Urrutikoetxeari irabazi izanari, Titinen aurkako 22-4koari baino. «Azken partidan ez zioten kontra egin. Urrutikoetxearen aurka, berriz, asko jokatu zuen. Lasai irten zen, bestea zen faborito, eta ondo jokatu zuen. Ez zuen bere burua estutu, azken txanpara arte lasai aritu zen, eta baita Titinen aurka ere. Hortik aurrerakoak? Hark egiten dakiena erakutsi zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.