Ez omen zuen espero Orioren deia Joxean Olaskoaga Aizperro-k (Orio, Gipuzkoa, 1974). Baina deitu egin zion Ibon Huegun klubeko presidenteak aurreko asteko astelehen gauean, eta azkar samar itxi zuten tratua. Orioren azken Kontxako garaipena —2007. urtean— lortu zuen entrenatzailea eta arraunlaria etxera bueltan da.
Ezustea izan da zuretzat Oriok deitzea?
Dena izan da ezustekoa. Ez nuen espero Igorrek [Makazaga] utzi egingo zuenik, eta nirideitzea ere ez. San Pedron ibili naiz aurten, eta, han Aitorrek [Balda] ez duela segituko-eta, aukera eman zidaten ni izateko entrenatzaile. Haiekin hitz egin nuen lehendabizi Oriok emandako aukeraz, ez nuelako nahi kanpotik jakin zezaten. Hor joan ziren egun batzuk.
Deia jaso eta segituan zer pasatu zitzaizun burutik?
Ibon Huegun presidentearekin harreman ona daukat, eta, haren deia ikusi nuenean, ez nuen pentsatu horretarako izango zenik. Aipatu zidan nirekin hitz egin nahi zuela, ni nahi ninduela zuzendaritzak entrenatzaile lanetarako, eta hurrengo egunean bildu ginen. Esan nion ilusio handia egiten zidala.
Zein izango da zure filosofiaren oinarria?
Ikusi egin beharko da zein arraunlari geratzen diren, baina uste dut harrobiko arraunlarietan oinarrituko garela. Aurrekoan Unai Amenabar prestatzaile fisikoarekin hitz egin nuen, eta esan zidan harrobian badela arraunlari onik; horiek landu beharko ditugu. Gero, jakina, kanpotik etortzen denak ateak irekita edukiko ditu.
Etxekoei lekua egiteak esan nahiko du orain dauden batzuei atea ireki beharko diezuela.
Ez nau asko kezkatzen kanpokoen egoerak; etxekoak gustura egotea da garrantzitsua. Etxekoek beste zerbait ematen diote taldeari, eta etxekoekin osatu nahi dugu taldea.
Orion ezinbestekoa da etxeko arraunlariak gehiengo izatea?
Arraunlari gazte asko daude, eta sasoia daukate goian ibiltzeko. Kanpoan dabiltzan arraunlari oriotarrak ere badaude, eta horiekin ere hitz egin beharko da.
Galdu egin da lotura traineruaren eta herriaren artean?
Kanpoan ibili naiz bost urtean, eta ez daukat iritzi garbirik horretaz. Lehendabiziko oinarria da jakitea eta finkatzea zer nahi den. Irabazi nahi izatea normala da, eta orduan kanpoko arraunlarien bila jotzen da leku guztietan. Beste gauza bat da behetik gora trainerua ekarri nahi izatea, eta horretan etxekoei protagonismoa eman behar zaie. Etxekoa bezalako mailako arraunlari bat kanpotik ekartzea ez zait zuzena iruditzen; kanpokoak behar du izan etxean ez dagoen bezalakoa.
Zuzendaritzak gauza zehatzen bat eskatu dizu emaitza aldetik?
Ez. Lanean lasai utziko didatela esan didate, ez didatela eskatuko aparteko emaitzarik. Nahi dute bertakoekin ahalik eta talde onena osatu, eta behetik gorako bidea egin.
Orioren barruan, familia arteko borrokak-eta beti egon dira, agintea nork lortuko. Zu aukeratu izanak borroka horiek baretzeko balio dezake?
Ez diet inportantzia handirik ematen familia borroka horiei. Trapu zaharrak astintzen hasten bagara, ez goaz inora. Garaian garaiko kontuak erabili behar dira; lehengoek ez dute onik ekartzen. Normalean, kontrario handienak herrian bertan egoten dira, baina gehienak alde badaude, nahikoa. Badakit ezinezkoa dela denak gustura egotea.
Arraunean egingo duzu?
Neguan bai. Traineruan ibiliko naiz, ontzia nola dabilen barrutik sentitzeko, baina hau garbi daukat: nire maila bereko gazte bat badago, nahiago bera sartzea ontzian.
Oriok 2007an irabazi zuen azkeneko aldiz Kontxako Bandera. Zu zinen entrenatzaile, eta Irakoitz Etxeberria patroi. Berriz elkartuko zarete…
Bakoitzak nahi duen bezala lotuko du hori, baina haiek beste garai batzuk ziren. Maila oso handia dago orain, baina zergatik ez lortu Kontxako Bandera irabaztea pare bat urte barru? Zorte ona behar da. Begira aurten Hondarribiari zer gertatu zaion. San Miguel ligan nagusi izan da, baina Donostian zorte onik ez du eduki. Beti ez du onenak irabazten Kontxako Bandera.
Kontxa irabazteko premian da Orio?
Normala da gose hori edukitzea. Herri guztietan dago hori, arrauna bizi duten herri guztietan. Baina zaila dago. Etxeko arraunlariekin ligan borrokan ibili eta bandera batzuk irabaztea gauza handia da gaur egun.
Oriok irabazi egin behar duela eta ez dela irabazlea esan du Igor Makazagak. Zer diozu horri buruz?
Hor ez naiz sartuko, baina garbi daukat Oriok sekulako denboraldia egin duela. Horiukatzen duena gezurretan dabil. Lehen hiruretan ibiltzea gauza handia da. Berak ikusiko zuen zerbait ez jarraitzeko. Emaitzak onak egin ditu lau urte hauetan, eta oso langilea da. Ez da edozein.
Joxean Olaskoaga, 'Aizperro'. Orioko entrenatzailea
«Etxekoekin osatu nahi dugu ontzia; beste zerbait ematen diote taldeari»
Bost urte Oriotik kanpo igaro eta gero arraunean eta entrenatzaile, etxera itzuliko da Aizperro datorren denboraldian. Garbi dauka etxeko arraunlariak izango direla egitasmo berriaren oinarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu