Heltzear da triatloiko euskal zirkuituko egunik desiratuenetako bat: Zarauzko triatloia. Larunbatean jokatuko da. Atzo aurkeztu zuten aurtengo aldia, Zarauzko (Gipuzkoa) malekoian. Ekitaldian parte hartu zuten Xabier Txurruka herriko alkateak, Gorka Silvan Zarauzko Triatloi Elkarteko presidenteak, eta Eneko Llanos eta Helene Alberdi triatletek. Azken horiek irteera lerroan izango dira, eta garaipena izango dute xede. Ez da gutxiagorako; iaz bigarren izan zen Alberdi, eta Llanosek 11 aldiz irabazia du.
Kirolari gasteiztarra aurten itzuliko da Zarautzera, eta sasoiko egingo du, duela hiru aste Iruñeko triatloia irabazi baitzuen. Alabaina, aurkari sorta handia izango du txapelaren bila. Gustavo Rodriguez, Francesc Godoy, Joan Ruvireta, Cristobal Dios, Ander Okamika, Pello Osoro, Timothy Can Houtem eta enparauek estu hartu nahiko dute Llanos.
Alberdik ere ez du lehiakide faltarik izango. Judith Corachan,Anna Noguera, Dolca Olle, Ruth Brito, Emma Bilham eta Camille Delignyk ere garaipen gosez ekingo baitiote lehiari. Aurtengo aldian nabarmen egin du gora emakumezko parte hartzaileen kopuruak, 58tik 90era igaro baita. Igoera hori nabarmendu zuen Silvanek: «Garrantzi berezia du guretzat, ilusio handia egiten digu gure triatloian gero eta emakume gehiago ikusteak. Kopuruaz gain, azpimarratzekoa da haien maila ere, urtez urte nabarmen hobetzen doalako»,
Zozketa bidez banatu dituzte dortsalik gehienak, eta, emakumezkoena ez ezik, eskari orokorra ere igo egin da aurten. Zozketan izena emandako lagunen kopurua %40 hazi da aurten: 2.800 izan dira guztira. Haietatik 600 kirolarik eskuratu zuten txartela, eta antolakuntzak beste 100 banatu ditu. Triatleten artean ikusmin handia eragin ohi du Zarauzko probak, eta horren jakitun daude antolatzaileak: «Parte hartzaile askoren ahotan entzun izan dugu Zarauzko triatloia bakarra dela, bederen bizitzan behin egin beharreko proba dela».
Ezaugarri bereziko lehia
Bakarra da leloa erabili dute aurten, estreinakoz. Triatloi Elkartekoen ustez, bost ezaugarrik bereizten dute Zarauzko lehia besteengandik. Horietako bat herrian sortzen den giroa dela azpimarratu zuen Silvanek: «Goizetik hasita giro bikaina izaten da herrian, eta triatloia oso era berezian bizitzen da Zarautzen». Horrez gain, «Espainiar estatuan aitzindari» dela gogorarazi du Silvanek, eta euskararen erabilera eta izaera herrikoia nabarmendu ditu. Guztira, 300 boluntario baino gehiago biltzen ditu probak. Zarauztarrak asko, baina baita Getaria, Zumaia eta beste herrietakoak ere.
Alabaina, zirkuitua da probaren bereizgarri nagusia, distantzia berbereko probarik ez baitago han-hemenka. Kirolariek 2,9 kilometro egingo dituzte igerian, 81 bizikletan, eta 21 korrika. Aurtengoan, gainera, ohiko bizikleta zirkuitua berreskuratu dute antolatzaileek. Hala, birritan ariko dira kostaldeari itsatsita. Iaz, ezin izan zuten halakorik egin, Zumaia eta Getaria arteko errepideko lanengatik. Aurten ez dute oztopo hori izango.
Etxekoak dira izar nagusiak
Zarauzko triatloia jokatuko da larunbatean. Bizikletan, ohiko ibilbidea berreskuratu dute aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu