Europako eskubaloiaren esparruan nork agintzen duen erabakiko da gaur. Europako Txapelketako finala jokatuko dute Serbiak eta Danimarkak (17:00etan, Belgradeko Beogradska Arena pabiloian). Serbiarrak etxean ariko dira, eta egoera horrek faborito bilakatu ditu. Kontuan hartzeko aurkaria da, hala ere, Danimarka. Iazko Munduko Txapelketan bigarren sailkatu zen, finalean Frantziaren aurka galdu eta gero. Gaurkoa lehia biziko partidaizanen dela zalantzarik ez du inork.
Giro beroko lehiaketa izan da aurtengoa. Danimarka Espainiaren aurka nagusitu eta gero sailkatu da finalerako. Gol bakar batek eman zien garaipena danimarkarrei finalerdietan: 25-24 irabazi zuten. Serbiak, berriz, Kroazia hartu zuen mendean finalerdietan. 26-22 irabazi zuten etxekoek partida. Eztabaida handiko norgehiagoka izan zen serbiarren eta kroaziarren artekoa. Amaieran, ospitalera eraman behar izan zuten Serbiako jokalari Zarko Sesum. Gertatu zenari buruz hagitz bertzelako azalpenak eman dituzte serbiarrek eta kroaziarrek. Antza denez, harmailetatik objektu bat bota zuten jokalari kroaziarrak ziren aldera, baina etxeko jokalariak hartu zuen kolpea. Begian du zauria. Kroaziako taldeko kideen hitzetan, begia galtzeko arriskua zuen jokalariak. Serbiakoek, ordea, ezeztatu egin zuten informazio hori herenegun, eta, erran zutenez, gaurko finala jokatzeko moduan ere egon zitekeen jokalaria.
Gaurko norgehiagoka inork ez du galdu nahi. Europako nagusi nor den erabakitzea dago jokoan. Baina ez hori bakarrik. Irabazlea zuzenean sailkatuko da Olinpiar Jokoetara.
Espainia-Kroazia
Bertzalde, Espainiak eta Kroaziak hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute gaur (14:30ean). Brontzezko domina lortzeko aukera izanen dute jokoan. Kroaziako jokalariak arantza kentzeko gogoz izanen dira, finaletik kanpo gelditu eta gero. Espainiak ere bai, hagitz hurbil izan baitzuten Danimarka mendean hartzeko aukera. Iazko Munduko Txapelketan brontzea lortu zuen Espainiak, eta gaur ere domina hori eskuratzea izanen du helburu.
Etxekoak dira faborito, gaur
Serbiak eta Danimarkak Europako Txapelketako finala jokatuko dute; Espainiak eta Kroaziak brontzea dute jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu