Etxeko lanak bukatzera

Athleticek Besiktasen zelaian jokatuko du gaur Europa ligan, eta irabaziz gero seguru litzateke lehen zortzi sailkatuen artean. Valverdek aldaketak egingo ditu hamaikakoan.

Athleticeko jokalariak, Lezaman, entrenamendu batean. LUIS TEJIDO / EFE
Athleticeko jokalariak, Lezaman, entrenamendu batean. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2025eko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Etxeko lanak geroko utzi gabe, Athleticek gaur eman nahi du pauso erabakigarria Europa ligan, Besiktasen zelaian. Orain arte jokoan izandako hemezortzi puntuetatik hamasei bildu ondoren, Lazio liderrarekin berdindurik daude zuri-gorriak, eta ia eginda daukate lehen zortzietan sailkatzeko bidea. Beste emaitza batzuen zain egon gabe, matematikoki irabazteak emango lioke final-zortzirenetarako sailkapena Ernesto Valverderen taldeari, eta horrek sari bikoitza ekarriko luke: final-hamaseirenetako kanporaketa jokatu beharrik ez izatea, batetik, eta final-zortzirenetan itzulerako lehia San Mamesen jokatzea, bestetik. Hortaz, lehenbiziko aukeran mahai gainean kolpea jo nahi dute bilbotarrek. Datorren astean amaituko dute multzokako fasea etxean, Victoria Plzenen aurka.

Suspertuta eta konfiantza berreskuratuta iritsiko da Athletic Istanbulera. Urte hasiera zaila izan du, astebeteko epean bi kolpe handi jaso baititu. Hainbestekoa izan zen lehenengoa, Espainiako Superkopako finalerdietan Bartzelonak eman ziona. Askoz min handiagoa egin zuen bigarrenak: Osasunaren aurka Espainiako Kopatik kanpo geratu izanak. Aspaldian halako porrot mingarririk izan ez, eta gaizki ohituta zeuden zale zuri-gorriak, baina Valverdek adierazi zuen oraindik ere erronka handiak dituztela sasoi honetarako. Bada, burua ongi baino hobeto altxatu zuten jokalariek joan den igandean, Celtari 1-2 irabazita. Garaipenari esker, Txapeldunen Ligako postuetan egonkortu ziren zuri-gorriak. 

Hain zuzen, ligan Bartzelona hirugarren sailkatuarekin puntutan berdinduta dago Athletic, baina are lan hobea egiten ari da Europa ligan. Emaitzak dira horren erakusgarri. Lehen jardunaldian bana berdindu zuen Erromaren zelaian, eta ordutik bost pastida irabazi ditu jarraian: AZ Alkmaar (2-0), Slavia Praga (1-0), Ludogorets (1-2), Elfsborg (3-0) eta Fenerbahce (0-2). Irabazi ez ezik, joko aldetik ere distiratsu aritu dira zuri-gorriak. Zehazki, azken garaipena Turkian bertan eskuratu zuten, eta helburu berarekin zelairatuko dira Besiktasen aurka. Dena den, giro beroa eta zalapartatsua topatuko dute zelaian, klubak dei egin baitie zaleei 42.000 eserlekuak betetzeko.

Besiktasen zelaia ezaguna du lehendik Bilboko klubak, hirugarren aldiz lehiatuko baita bertan. Estreinako aldia topatzeko, lau hamarkada atzera egin beharra dago. Orduko hartan, 0-1 nagusitu zen Athletic, Javier Clementek gidaturik. 2004an neurtu zituzten indarrak bi taldeek berriro ere, eta etxekoak nagusitu ziren: 3-1. Santi Ezquerrok egin zuen bilbotarren gola. Valverde bera zen Athleticeko entrenatzailea, eta Vicente del Bosque Besiktasekoa. 

Solskjaer, debutari

Gaurko partidari begira, entrenatzaile berria estreinatuko du Besiktasek: Ole Gunnar Solskjaer. Denboraldi honetan hiru bider aldatu du entrenatzailea Turkiako taldeak, eta apustu sendoa egin du oraingoan. Izan ere, Europan aski ezaguna da Solskjaer, esperientzia eta eskarmentu handikoa. Manchester United taldean egin zen ezagun: jokalaria izan zen 1996 eta 2007 artean, eta entrenatzaile lanetan aritu zen 2018tik 2021era. Geroztik, UEFArentzat partidak aztertzeko zereginean aritu da, baina berriz ere aulkietara itzultzea erabaki du. Sasoi honetarako eta hurrengorako kontratua sinatu du Besiktasekin. Bost urtean zazpi entrenatzaile izan dituzte turkiarrek.

Ezbairik gabe, ez dute lan samurra izango, aspaldiko bolada luzean bidea galduta baitabil Besiktas. Turkiako Ligan seigarren postuan dago, eta hogei puntura dauka Galatasaray liderra. Europa ligan, berriz, 28. postuan dago oraintxe, eta lehen hogeita lauren artean sartu beharra dauka final-hamaseirenetan izateko. Erronka handia du Solskjaerrek, helburu hori ez lortzea kolpe handia izango litzateke-eta klubarentzat. Entrenatzaileak atzo egin zituen lehen adierazpenak: «Prest nago taldearen norabidea aldatzeko. Pentsamendu asko ditut buruan, baina jokalariei esan diet talde azkarra eta intentsitate handikoa nahi dudala. Hitz batean, langilea». Dena den, badaki Athleticek ez dizkiola gauzak erraz jarriko. «Fenerbahceri irabazi egin zion haren zelaian, eta hori ez du edonork lortzen. Lehia handiko partida izango da, disputaz betea».

Min hartutako jokalari dezente izango ditu Solskjaerrek partida erabakigarriari begira. Deialditik kanpo geratu dira Necip Uysal eta Alex Oxlade-Chamberlain, eta, ziurrenik, Gabriel Paulista eta Tayyip Talha Sanuc ez dira garaiz iritsiko. Jokalari garrantzitsuak dira guztiak. Ciro Immobile bai: Besiktaseko jokalaririk onena hasierako hamaikakoan ariko da, Rafael Silvarekin batera. Hamalau gol sartu ditu denboraldi honetan, eta zuri-gorriek gertutik jarraitu beharko diote.

Athletici dagokionez, Oihan Sancet faltako zaio Valverderi. Eskuin hankako orkatilan min hartu zuen abenduaren 21ean, Osasunaren zelaian, eta geroztik ezin osaturik dabil. Uste baino gehiago korapilatu zaio lesioa, eta dagoeneko bost partida daramatza jokatu gabe. Baloiarekin lanean hasia da, baina ez dago jokatzeko moduan. Ondo bidean, hamaikakoan aldaketak egingo ditu Valverdek, freskotasun bila. Egutegiaren zama arintzeko asmoz, bospasei aldaketa espero dira. Defentsako lerroan De Marcos eta Yuri itzuliko dira hegaletara, eta zelai erdian Vesgak jokatuko du, Jauregizar gaztearekin batera. Baliteke Williams anaiek aulkitik ekitea partidari.

BESIKTAS-ATHLETIC

Besiktas. Gunok; Svensson, Topcu, Uduokhai, Masuaku; Al Musrati, Fernandes; Silva, Mario, Rashica, eta Immobile.

Athletic. Unai Simon; De Marcos, Yeray, Paredes, Yuri; Vesga, Jauregizar; Nico Serrano, Unai Gomez, Djalo; eta Guruzeta.

Epailea. Julian Weinberger (Austria).

Zelaia. Tupras Stadyumu.

Ordua. 16:30.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.