Pilota

Etxeko beroan goxatu nahi du Ander Imazek

Atzelari oiartzuarrak aitortu du ez bera eta ez Erik Jaka ez dituela sasoi onean harrapatu binakakoak. Horregatik, «bikotea egin, konfiantza hartu, eta puntuak batzen hasi» nahi dute. Bihar, etxean ariko da, Peio Etxeberriaren eta Julen Martijaren aurka.

Ander Imaz, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ander Imaz, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
Oiartzun
2024ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Goxo egoten da etxeko beroan hotz egiten duenean. Hori nahi du Ander Imazek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1994): etxeko beroan goxatu. Jaioterrian jokatuko du bihar. Atzelari oiartzuarra eta Erik Jaka Peio Etxeberriaren eta Julen Martijaren aurka arituko dira Binakako Txapelketako ligaxkako laugarren jardunaldiko lehen partidan (20:45, ETB1). Baikoko bikoteak joera irauli nahi du: aurreneko norgehiagoka irabazi zuen, baina galdu egin ditu hurrengo biak.

Orain arte egindakoaz galdetuta, autokritika egin du berehala. «Ez Erik eta ez ni ez gaitu sasoi onean harrapatu txapelketak. Erikek ez zuen konfiantzaz bukatu lau eta erdikoa. Nik, berriz, oso partida gutxi jokatu ditut azken hilabeteetan, eta ez dut bete-beteko konfiantzarik». 

Konfiantzaren zakua bete eta hustu egin zaie neurketak jokatu ahala. «Lehen partida irabazita [22-16 Peñari eta Albisuri], konfiantza hartu genuen. Bigarrena, berriz, oso bideratuta izan genuen, 15-8 joan baikinen aurretik Lasoren eta Iztuetaren kontra, baina, zoritxarrez, Erikek arazo bat izan zuen lepoan, eta haiek aprobetxatu egin zuten lehiari buelta emateko [22-18]. Azkenik, hirugarren partidan, Iñaki [Artola] eta Jon [Mariezkurrena] gehiago izan ziren jokoz eta kolpez, eta nahiko ondo irabazi ziguten [22-14]».

Azaldu duenez, ez zuten eginik aurreikuspenik lehen hiru jardunaldietan lor zitzaketen emaitzen inguruan, baina esperientziak esaten die «oso garrantzitsua» dela ondo hastea. «Hasierako puntuek asko balio dute konfiantza hartzeko eta buruz indartsu egoteko. Galdu eta galdu hasten bazara, zailagoa da konfiantza hartzea».

Hori dela eta, argi dute lehen helburua. «Pixkanaka, bikotea egin, konfiantza hartu, eta puntuak batuz joan behar dugu. Lehiakorrak izan behar dugu. Hori lortzeko ari gara lanean, eta uste dut gero eta hobeto ari garela». Aurrera begira, berriz, lehen sei bikoteen artean sailkatu nahi dute. «Gutxienez, kanporaketa jokatu nahi dugu; edo beste modu batean esanda, azken bi postuak saihestu nahi ditugu».

Gustura ari dira elkarrekin

Denbora behar da bikotea egiteko, eta Jaka eta Imaz lehen aldiz ari dira jokatzen elkarrekin binakakoan. Baina abiapuntu ona dute: «oso ondo» moldatzen dira elkarrekin. «Kantxatik kanpo ondo moldatzen ez bazara, zaila da kantxan ondo aritzea. Erik eta biok oso ondo moldatzen gara kantxan eta kantxatik kanpo. Txikitatik ezagutzen dugu elkar, eta askotan jokatu dugu elkarren aurka eta elkarrekin. Erik oso lagun aproposa da halako txapelketa luze bat jokatzeko».

«Bikote gogorra» osatu nahi dute. «Aurkariei kosta egin behar zaie guri irabaztea. Irabazi ala galdu, partida osoan adi-adi aritu behar dugu, eta amaiera arte borrokatu. Nik eusten badiot jokoari, eta aukerak sortzen baditut, Erikek erraz bukatuko du. Lasoren eta Iztuetaren aurkako partidaren parte handi batean erakutsi genuen gurea egiten badugu edonori irabaz diezaiokegula».

«Aurkariei kosta egin behar zaie guri irabaztea. Irabazi ala galdu, partida osoan adi-adi aritu behar dugu, eta amaiera arte borrokatu»

ANDER IMAZBaikoko pilotaria

Horixe falta zaie: «hasi eta buka» partida on bat jokatzea. Bihar dute beste aukera bat. Sailkapena kontuan hartuta, «neurketa oso garrantzitsua» dela azpimarratu du. «Haiek ez dute oraindik irabazi. Beraz, irabaziko bagenie, bi garaipenen aldea izango genuke; hirurena izan liteke gero. Aldiz, haiek irabazten badigute, garaipen bana izango genuke biok». Ez dio garrantzirik eman enpresen arteko lehen partida izanari. «Puntu guztiek balio dute berdin. Guk berdin prestatzen ditugu neurketa guztiak». Euren egitekoan dute «arreta osoa». «Gurea eman behar dugu, eta ea hori eginda irabaz dezakegun. Neurketa garrantzitsua da geure buruarengan sinesteko».

Haren ustez, «antz handia duten bi bikoteren arteko lehia» izango da. «Bikote oso gogorra eta osoa da haiena: Peiok gorakada handia egin du, eta Julenek urteak daramatza gorenean, eta txapelak irabazitakoa da. Oso pilota gutxi galtzen dute; beraz, irabazi nahi badiegu, denbora luzez aritu beharko dugu oso ondo pilotan. Baina konfiantza dugu: gurea egiten badugu, irabaz dezakegu».

Etxean ariko da bera, eta hori pizgarri du; «baita presio pixka bat ere», aitortu du. Ez du oroitzapen ona etxean jokatu zuen azken partidaz: duela urtebete, 22-5 galdu zuten Artolak eta berak Jakaren eta Mariezkurrenaren aurka. «Arantza atera nahi dut». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.