Adio esateko gutxi geratzen zaio Euskadi txirrindulari taldeari. Arazo ekonomikoak direla medio, azkenetan dago, eta aste gutxira desagertuko da. Miguel Madariagaren txirrindulariak atzo aritu ziren azkenekoz Euskal Herrian, Getxoko Zirkuituaren 69. aldian, Bizkaian. Baita zapore gozoarekin bukatu ere: Carlos Barbero nagusitu zen, esprinta hautsita.
Hamar itzuli eman behar izan zizkioten 17 kilometroko zirkuituari. Igor Anton eta Jonathan Castroviejo bizkaitarrak ziren faboritoak; Movistarrekoak biak. Helmugaratzen aurrena, hala ere, Euskadi taldeko txirrindularia izan zen, Txomintxuko gainean Luca Kiriko italiarrari (MG Kavis) aurrea hartuta. Denbora berean sartu ziren biak. Helmugako marra gurutzatzen lehenbizikoa, ordea, Burgosko txirrindularia izan zen. Atzetik sartu zen zortzi txirrindulariz osatutako taldetxoa, bi segundo eskasera. Lehen euskal txirrindulariak, Peio Bilbaok (Caja Rural), hirugarren postuan amaitu zuen Getxoko proba.
Hain zuzen, Burgosko Itzulian (Espainia) bukatuko da Euskadi taldearen 21 urteko ibilbidea, hilaren 17an. Iragan astean baieztatu zuen Madariagak berak taldeak ez duela jarraituko: «Pertsiana itxiko dugu. Txirrindulariak jakinaren gainean daude jadanik».
«Zorrik gabe» eta aurrerantzean sor daitezkeen beste egitasmoentzat «oztopo» ez izateko, bertan behera lagako dute jarduera. Guztia uzteko erabakia hartu du Madariagak: «Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondok esan zidan lehen lerrotik kentzen banaiz, proiektu bat hasiko dutela». Talde amateurrari eutsiko diote, ostera. Burgosen emango ditu azkenak, beraz, Euskadi taldeak. Atzokoak bezain gozoak izan daitezela, behintzat.
Etxeko azken garaipena
Euskadi taldeko Carlos Barberok irabazi du Getxoko Zirkuitua.Agur esan aurretik, taldeak Euskal Herrian jokatu duen azken proba izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu